Musikea  III. urtea // 87. zenbakia

Lehengo eta gaurko euskal literaturea eta musikea buztarturik


Bizkaie!

Lehengo berbak gaurkotzeko eta galdutako berbak berreskuratzeko ahaleginean, lan potoloa aurkeztu barri dabe Pamiela argitaletxeak eta Arteola Elkarteak: Littera&musika bildumea hain zuzen be.

Lau disko-liburuz osotutako Litera&musika bildumearen helburua literaturea musikeagaz buztartzea da, antxinako euskal literatura eta musikako ekarpenak gaurkotzea hain zuzen.

Jorge Oteiza eskultore, pentsalari, antropologo eta hizkuntzalariaren jarduera ezezagunena (poesia) erakusteko asmoz, Jorgeri izenburuko alean Oteizari omenaldia egin deutse. Orain 30 urte Oteizak bere ahoz esandakoak eta idatzitakoak argitaratu dabez. Hamabost lagunek hartu dabe parte disko-liburuan, besteak beste, Nestor Basterretxea, Antxon Valverde, Andoni Egaña, Benito Lertxundi, Juan Carlos Perez, Zuriñe Adrada, Oskarbi eta Joxe Angel Irigarayk. Horrezaz gan, Oteizari eginiko alkarrizketa baten bideoa dakar diskoak.

Irigaray da bildumearen sustatzailea, baita bigarren disko-liburuaren egilea be. Zeharbidetan. Antonio Breskyren pianoak lagunduta plazaratu ditu Italian grabautako lanak. Parte hartzaileen artean, Antoni O´breskey, Gabin Dabire, Ronnie Drew, Benito Lertxundi, Davide Viterbo, Alan Griffith eta Garbiñe Sagastibeltza nabarmendu geinkez. Zeharbidetan izenburupean plazaratu dau aspalditik buruan eukan proiektua.

Henry Bengoa Inventarium. Laurogeigarren hamarkadako negu luzeak pasetako Pott bandak eskainitako emonaldiek be merezi izan dabe disko-liburu bat. Pott Banda horrek aldizkari bat be atara eban.

Parte hartzaileak: Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde eta Alberto eta Nando de la Casa. Ikuskizuna herriz herri ibili zan orain 20 urte eta orduan aurrerakoia zanak lekua egin gura dau gaur egungo belaunaldietan.

Laugarren disko-liburua R. Mª Rilkeren Orduen liburua da. Parte hartzaileak: Xabier Lete, Karlos Gimenez eta Begoña Bergaretxe. Alemanieraz idatzi eban Rainer Maria Rilke poeta txekiarraren testuetan oinarritutako lana atondu dabe.