Oskar Arana: 'Itzulpengintzeak normaltasun etxurea emoten deusku gure egoera hain ez-normal honetan'
Zelako esperientzia izan da?
Polita. Lan handia egin behar izan dot, baina gogoz. Itzultzen ordu asko emon dot, baina ez jat luze eta astun egin. Denporea behar da itzultzeko eta idazteko, eta bakardadea. Horretarako konplizidadea behar da ingurukoakaz, eta ez da erreza izaten lortzea. Nik gozau egin dot, izugarri. Itzultzerakoan, obra baten erraiak ikusten dituzu, bete-betean sartzen zara uniberso horretan, eta bidaia luze batetik etxeratzen zaranean moduko sentsazinoa eukiten dozu barruan.
Lanbidez itzultzailea zara, eta orain, lanetik aparte be itzultzaile lanetan ibili zara. Lanetik urten eta lanean segidu beharra zelan eroan dozu?
Astegoienak erabili dodaz batez be. Barne-egoera konkretu bat behar izaten neban itzultzen hasteko, inspirazinoari bidea zabaltzeko, eta lanegunetan agortuta eukiten neban iturri hori: gitxitan jarri naz lanegunean itzultzen. Asteburuetako plana aurten, gehienetan, jesarri eta itzultzea izan da. Niretzat plan parebakoa. Ingurukoentzat ulertu ezina. Bai, karga handia izan da, baina suertea be bai, horretarako aukerea euki dodalako.
Urte bakotxeko Nobel saridunaren obra bat itzultzen da Jokin Zaitegi sariketearen bidez. Nobel saria berba haundia da. Presinorik sentidu dozu zentzu horretan?
Bai, baina literaturea lehenengo biderrez itzultzeari ekingo neutsala jakiteak eragiten eustan estutasun handiagoa. Erantzukizuna be bai. Horrek, beharbada, gatx egin deust obratik aldentzeko behar izaten dan patxadea. Gain-gainean egon naz, larregi, baina literatura ederra irakurle euskaldunen eskuetara ekarri behar nebala pentsetea ahalik eta ondoen itzultzeko akuilua be izan da.
Zelan ikusten dozu euskal itzulpengintzearen osasuna?
Gure aurretik askok egin daben lan eskerbakoaren oinarria dogu hor, eta gero eta itzulpen hobeak egingo dira. Itzulpenak hizkuntzeagaz ariketa gatxak egitera behartzen gaitu, eta terapeutikoa be bada, normaltasun etxurea emoten deuskulako gure egoera hain ez-normal honetan.
Julen Gabiria
Oskar Arana aramaioarrak itzuli dau J.M. Coetzee Nobel saridunaren “Lotsaizuna” (Elkar) nobelea, eta Bizkaie!-k beragaz berba egiteko aukerea euki dau.
Zein da “Lotsaizuna” liburuaren gaia?
Hegoafrikan bizi dan gizon baten gainbeherea kontetan dau, tragediari iges egin ezin deutsan unibersidade-irakasle batena. Unibersidadean ikasle bategaz sexu-hartu-emonak euki eta zigortu egingo dabe, eta bertatik bota. Dana itxi eta alabearen etxaldera joango da, eta han be izugarrikeria bat jazoko jake biei. “Lotsaizunean” itota, gizonak duintasuna bereganatzeko ahalegina egingo dau. Patuak, halanda be, bide latzetatik eroango dau, itxaropen-izpiren baten bila, apartheid-aren osteko Hegoafrikako giro nahasi eta bildurgarrian.
Coetzee XVII. mendean Hegoafrikara joandako herbeheretar familia baten ondorengoa da, ingeles edukazino aberatsekoa. Beraren bizitzaren ezaugarri horreek eraginik daukie kontetan dituan istorioetan?
Hegoafrika da istorioaren “agerlekua”, eta “agerleku” horretan osogai guztiek daukie euren lekua, baita afrikar jenteak eta hizkuntzak be. Horreek guztiek, paisaiaren deskripzinoagaz batera, istorioaren ingurua osotzen dabe, baina istorioaren ardatzean bada asmo unibersalago bat: gizakiaren barrua atrapetako saioa. Hegoafrikako giro nahasi eta kaotikoaren arrazoiak aztertuz, gizakiaren muina hartzen dau ikuspuntu.
Coetzee “analisi-gaitasun izugarrikoa” dala esan izan dozu. Zelako begiradea dauka idazkeran?
Berba batez esateko, zinikoa. Istorio garratz honetan ez dago salaketa zuzenik, ez aldarrikapenik. Gizakiaren berezko anbiguotasuna adierazoten trebea da, eta zehaztasun izugarriz emoten deusku berez azaltzen gatxak diran errealidadeen barri; horreri guztiorreri literatureak behar dauan dotorezia eta edertasuna gehitzen deutsoz.
Zelan egin dozu hori guztia euskerara jasoteko?
Itzulpena zuzentzean, batez be, gauzak kendu egin behar izan ditut. “Biluztasuna” lortu behar zan, eta maminak eta estiloak bat egiten dabe hor. Badauka minimalismo-izpi bat eta hizkuntzan be igarten da hori. Esaldiak biribiltzeko, erregistro egokia topetako eta erritmoari eusteko be lan nahikoa euki dot.
Izenburua bera itzultzea be ez zan samurra izango. Ingelesez “Disgrace”, gaztelaniaz “Desgracia”, euskeraz “Lotsaizuna”.
Berba hori, ingelesez, desohorea-edo da; eta erreza zan nahastea eta “ezbeharra, zorigaiztoa” edo antzeko zeozer emotea. Hasieran “desohore” lez itzuli neban, baina editoreak esan eustan berba horrek ñabardura anakroniko bat eukala, gaurko pentsakera eta mentalidadeari oso ondo ez joakona, eta “lotsa”-tik joatea proposatu eustan.
Alkarrizketetan maisu ei da Coetzee.
Alkarrizketakaz gozau egin dot. Sinisgarriak dira, eta personaiek esaten dabezanak bat datoz euren izaerakaz; eta mamina daukie, biziak dira, “distiratsuak”, karga emozional eta ideologiko handikoak. Kontakizunari balioa gehitzen deutsie, eta, egongo ez balira, hutsune handia sentiduko geunke istorioan. Beharbada emozinoa eta ideologia daroelako dira hain indartsuak.
Nobelan hizkuntzari buruzko gogoeta be egiten dau idazleak.
Niri enigmatikoa iruditu jat hizkuntzaz egiten dauan gogoetea. Kritika soziologiko edo soziolinguistiko bat dago. Ingelesak Hegoafrikaren errealidadea ezin leikela azaldu, hori da personaia nagusiak daukan ideia. Nik uste dot Hegoafrikan hizkuntza eta zibilizazinoa eskutik joan dirala estuegi lotuta, eta zibilizazino batek ez dauala ahaleginik egin beste kultura horreek ulertzeko, azaltzeko, bereganatzeko, eta ezer barririk sortzeko. Kontakizunean oso argi ikusten da ezin alkar ulertze hori.
Ezagutzen zenduan Coetzeeren obrea?
Ez. Lehiaketan parte hartzea erabagi neban momentuan, orduan ezagutu neban. Eta aurkikuntza itzela izan da. Dinoenez, ingelesez idazten daben eta bizirik dagozanen artean, handienetakoa da. Bere istorioak indartsuak, sinisgarriak, sakonak eta hunkigarriak dira, eta ondo kontauta dagoz, hizkuntza dotore eta ederrez...