Roberto Laiseka: 'ez nago erreta'
Roberto Laiseka txirrindularia Gernikan jaio zan 1969an. Hamaikagarren urtea bete dau aurten profesionaletan. 1994an Euskadi taldean ekin eutson ibilbide profesionalari eta ordutik gustora dabil taldean, izan be, Euskadi Fundazinoaren sorreratik bera da taldean geratzen dan txirrindulari bakarra. Profesionaletan 4 garaipen lortu ditu: Espainiako Itzulian etapa garaipen bana 1999an eta 2000an; 2001ean Frantziako Tourreko etapa bat irabazi eban eta, azkenik, aurten, Euskal Bizikletako etapa bat irabazi dau, Arratekoa hain zuzen be.
Datorren denporaldia preparetan hasi dan lehenengo taldea da Euskaltel-Euskadi eta, oporrak tarteko, Laisekak apur bat beranduago ekin badeutso be beharrari, daborduko danak hasita dagoz oporretan hartutako pisua galtzeko zeregin gogorrari.
1.- Oporretarako etxeko lanik agintzen deutsue Julian Gorospek?
Ez. Oporrak disfrutetako dira, deskantsua hartzeko, deskonektetako eta denporaldian zehar egiten ez doguzan gauzak egiteko egunak. Bizikletea ondo gordeta, hautsa hartzen eukiten dogu eta ariketa berezirik be ez deuskue agintzen, nahikoa ariketa egiten dogu denporaldian zehar! Ganera, profesionalak izanda, norberak ondo baino hobeto daki gehiegikeriarik ez dala egin behar oporraldian ze gero gehiago kostetan da sasoi puntua hartzea... Bakotxak bere kapritxoak eta gustoak betetako erabilten dauz oporrak; berbarako, udan denporaldia bete-betean dago eta hondartzara joatea pekatua izaten da guretzako, batzuk eguzkitara joateko aprobetxetan doguz oporrak.
2.- Profesionaletan 11 urte daroazuz. Saltoa emon aurreko momentuak zelan gogoratzen dozuz?
Urte asko pasau dira baina saltoa emon aurreko momentu horreek oso gogorrak izan ziran; afizionatuetan, 24 urtegaz amesa zan profesionaletan sartzea baina ez zan bape erraza. Zorionez Euskadi talde jaiobarriaren aukerea agertu jakun, talde txikia zan, ez eukan bape zerikusirik gaurkoagaz, filosofia berezia ekarren eta aukerea ez egoan alperrik galtzerik.
3.- Afizionatuen mailako ze garaipen gogoratzen dozu gehien? Eta profesionaletan?
Palmaresean ez daukat garaipen askorik baina danak gogoratzen dodaz ondo. Afizionatuetan Bira gogoratzen dot, horixe izan zan nire garaipen garrantzitsuena. Hiru garaipen lortu nebazan afizionatuetan. Profesionaletan, barriz, Frantziako Tourreko Luz Ardideneko etapea da gehien gogoratzen dodana, espeziala izan zan niretzako etapa mitiko horretan irabaztea, errepide bazterrak laranja kolorez jantzitako lagunez ganezka egozala. Aurretik joian Belli helmugatik 3 bat kilometrora atrapau, atzean itxi eta azkenengo kilometroan argi ikusi neban garaipena. Urte askotako sufrimentuaren ostean etorri zan garaipena eta oso emozionantea izan zan, amesa bete zalako. Ganera, taldearen lehenengo garaipena be izan zan Tourrean. Momentu gogoangarria, Ardanza Euskalteleko burua Gorosperen autoan ibili zan etapa osoan, helmugara negarrez ailegau nintzan eta taldekoen besarkadakaz eta zorionak emoten hurreratu jatazanakaz zeruan legez sentidu nintzan.
4.- Euskadi taldean hasieratik dabilen txirrindulari bakarra zara. Taldearen filosofiagaz bat zatozalako ala beste aukera interesgarririk ez dozulako euki?
Taldearen filosofiagaz bat nator bete-betean. Hasieratik nago taldean eta oso gustora nabil. Urte asko egin dodaz talde honetan eta taldea ixtea ez jat burutik pasau inoiz, etxekoa naz eta dinotsudan legez, ez dot nire burua beste talde baten ikusten. Oso polita izan da niretzako taldearen beraren eboluzinoa barrutik sentitzea: hasieran taldea txikia zan, aurrekontu gitxikoa baina, apurka-apurka taldea sendotzen eta handitzen joan da. Hasieran, etaparen bat irabaztea zan helburu nagusiena eta gaur egun, barriz, elite mailan, onenen artean egonda, edozer egiteko kapaz garala esango neuke.
5.- Euskal Herriko txirrindulariak baino ez fitxetea muga bat dala pentsetan dozu?
Muga bat da, hori ez dago ukatzerik, Athleticek berak daukan mugea. Ganerako taldeek lekuan lekuko jokalari edo txirrindulari onenak fitxau leikiez eta Euskaltel-Euskadik eta Athleticek, barriz, ez. Dana dala, horrek ez dau esan gura gure taldean kalidaderik ez dagoanik. Edozelan be, lehen be esan deutsut filosofia horren aldekoa nazala, neure-neurea sentitzen dot Euskaltel-Euskadi, garaipenak beste modu baten disfrutetan dozuz ze badakizu atzean herri oso bat daukazula, bazkide eta zaleen berotasuna eta babesa be hur-hurretik sentitzen dozu eta hori sekulakoa da.
6.- Zure lehen garaipen garrantzitsua eta taldearen lehen garaipena be zeuk lortu zenduan 99an, Espainiako Itzulian. Profesionaletan lehenengo bost urteetan garaipenik barik pasau ostean, zelako momentua izan zan helmugara heldu zinanean? Zeozelako ikono sentitzen zara taldean?
Bai. Ulrich lider zala, 99an Abantosen lortutako etapa garaipen hori oso garrantzitsua izan zan, profesionaletan nire lehenengoa izan zalako eta, ganera, profesionaletan bosgarren urtea zalako niretzako eta ordura arte etaparik irabazi barik nengoalako. Etapa garaipen hori ez dot sekula ahaztuko. Euskadiren lehenengo garaipena, barriz, Agustin Sagastik lortu eban, oso oker ez banago Azpeitian, Euskal Herriko Itzulian eta momentu ederra izan zan.
Bigarren itaunari erantzunez, ikono sentitzen ete nazan, ez dot nire burua holan ikusten, taldean beteranoena naz eta hasieratik dagoan bakarra baina ez dot pentsetan ezeren edo inoren ikono nazanik.
7.- Aurten, Frantziako Tourreko taldetik kanpo itxi eutsun Julian Gorospek eta hasarre azaldu zinan. Kanpotik zelan ikusi zenduan Mayoren eta talde osoaren hondamendia?
Hasarre ez. Kontua da ze Euskal Bizikletan polito ibili nintzala eta ia-ia segurutzat jo nebala Tourreko taldean egongo nintzala. Tourra denporaldiko lasterketa garrantzitsuena da eta danok joan gura izaten dogu baina badakigu jakin, danontzako lekurik ez dagoala. Guk txirrindulariok zuzendariaren erabagiak onartu behar doguz gustau ala gustau ez.
8.- Aurten, urtebeterako kontratua sinatu dozu nahiz eta zuk pare bat urtekoa gura. Zelakoak izan dira negoziazinoak?
Hori ez da egia. Prentsan argitaratu zan bai pare bat urteko kontratua gura nebala baina hori guzurra da. Negoziazinoetan beti egoten diran tirabirez gan, Madariagagaz erraza izan zan konponbidea eta alde biak pozik gertau ginan.
9.- Profesionaletan azken denporaldia izan daiteke zuretzako aurtengoa?
Ez. Oraindino sasoian nago. Aurten itxi dabe Musseuwek eta Faresinek eta azkenengo horrek 40 urte inguru daukaz, atara kontuak. Urteetan aurrera goaz baina nire burua ondo ikusten dot segiduteko, profesionaletan urte asko egin arren, ez nago erreta. Nire prebisinoetan ez dago datorren urtean txirrindularitzea ixtea baina, jakina, denporaldi osoa dago aurretik eta ikusiko dogu gauzak zelan doazen, osasunak errespetetan badau, sasoiari eusten badeutsagu...; ganera, andrearen baimena be badaukat gura dodan arte jarraitzeko eta hori oso garrantzitsua da.
10.- Normala dan legez, aurten altak eta bajak izan dira taldean; berbarako, David Etxebarriak alde egin dau eta Aitor Gonzalez fitxau dau Euskaltel-Euskadik. Ez ete dago oilar larregi oilotokian?
Ez. Talde guztietan dagoz oilarrak, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gitxiago. Dana dala, beharrezkoa be bada plantila zabala eukitea ze UCI Pro Tour superliga horretan lasterketa asko dagoz eta danatara joan behar da. Gurago dot oilar asko egotea taldean oilar bakarra eukitea baino.
11.- Aurten UCI Pro Tour superligea hasiko da martiaren 6an Paris-Niza lasterketeagaz. Guztira, 30 lasterketa (Tourra, Giroa, Vuelta...) izango dira eta 19 taldek baino ez dabe parte hartuko, tartean, Euskaltel-Euskadi taldeak. Ze alde on eta ze txar ikusten deutsazu UCI Pro Tour horreri?
UCI Pro Tour horrek talde txikien hondamendia ekarriko dau eta ez hain txikiena be bai, izan be, amaitu barri dan denporaldian onenetakoa izan dan Suitzako Phonak taldea eta Frantziako Ag2r kanpoan geratu dira; era berean, ‘lasterketa txikiak’ be kolokan dagoz, Euskal Bizikleta, Burgoseko Itzulia...
Zorionez, Euskaltel-Euskadi taldea aukeratutako 19 taldeen artean dago, munduko talde indartsuenen artean eta, jakina, oso positiboa da hori.
12.- Denporaldi barrian zeintzuk izango dira taldearen helburuak?
UCI Pro Tourrean garaipenak karu egongo dira, lehia handia espero da baina igazko Tourrean pasau jakunaren ostean, Frantziako Tourrean onenen artean ibili gurako geunke. Girora be lehenengoz joango gara eta lasterketa horretan be zeozer egitea polita izango litzateke; niri be gustauko litzakit Giroan etaparen bat irabaztea, era horretara, hiru handietan garaipena eukiko neukelako. Gero, Tourrean parte hartzea da nire ilusinoa.
Zaletuei babes osoa eta trankil egoteko eskatu gura deutset, UCI Pro Tour horrek taldeen arteko normalean baino lehia gogorragoa ekarriko daualako. Gure partetik, barruan daukagun guztia emoteko prest gagoz.
13.- Gure errepideetan bizikletan ibiltea oso arriskutsua da. Entrenamentuetan sustorik izan dozu? Auto gidarientzako mezurik?
Sustoak bai, jakina, astero bat edo normala da. Hau da gure ogibidea eta ohituta be bagagoz; zorionez, istripurik ez dot sekula euki.
Auto gidariei esango neuskie estresak eta hasarreak etxean ixteko, errepidean trankil ibilteko eta seguridaderako distantziak errespetau dagiezala. Txirrindulariok eskubide osoa daukagu errepidean ibilteko.
Koldo Isusi Zuazo