Eretxia  III. urtea // 86. zenbakia

Rodriguez Ibarraren berbak, ‘sukalde’ lanaren erakusgarri


Honen ondorioz, gero eta argiago dago, nire ustez, egoera politikoa guk uste baino gehiago aldatu dala gure inguruan. Orain gitxira arte posible ez zana, errealidadea izan leiteke hemendik gitxira. Zeintzuk izango dira jazoera honeen ondorioak? Ez dago oraindino jakiterik, holako gauzak isilpean eroan behar diralako, baina Espainiako gizartean zelan edo holango akordioa izan leitekela ETA eta Espainiako Gobernuaren artean zabaltzen hasten bada, hurrengo asteak oso interesgarriak izango diralakoan nago. Jarraitu daigun 'sukalde mobimentuaren' usain goxoa hartzen…

Iñaki Atxutegi

Juan Carlos Rodriguez Ibarra, Extremadurako presidenteak badaki atentzinoa erakarten. Ez dau sekula jentaurrean hartu dauan konpromisorik beteko. Berba egiten dauan bakotxean hautsak harrotzen ditu. Berbarako, orain egun gitxi Felipe Gonzalezen sasoiko diruen kudeaketearen ganean esandakoak orduko denporak ekarri euskuzan gogora. Argi dago ez ebala esan berak ekian guztia, baina Ibarrak esandako hareetatik erraz atzemon leiteke bere ustez gehiago izan behar zirala diru publikoa poltsikoratzeagaitik epaitu beharrekoak.

Deigarriak izan dira baita Catalunyaren kontra esandakoak, edota euskal kontuen ganekoak. Askok esaten dabe behar baino gordinago egiten dauala berba eta esan baino arinago pentsau egin beharko leukela bere berben ondorioen ganean. Askok ‘bellotakari’ goitizena imini deutsie Extremaduran jaun ta jaube dalako. Ez daigun ahaztu horrenbeste matraka sortarazoten dauan politikoa 20 urte baino gehiago egon dala bere autonomia erkidegoan eten barik agintzen. PSOEren sentsibilidade baten bozeroailea da Ibarra.

Kontu honeek jakinda, ezuztean atrapau gintuan Espainiako gobernuari ‘ETAri keinua egitea’ eskatu eutsonean. Ibarra, nahiz eta sarritan gure ikusmoldetik hur ez egon, ez daigun pentsau kokoloa danik. Ura bere errotara eroaten daki, eta ez dau esango bere aginteari kalte egingo dautson ezer. Benetako animalia politikoaren modura, bere jarrera komunikabideen aurrean adierazoteko beharra sentiduten dau.

Hasieran harritu egin nintzan haren berbak entzutean, bai, baina geroko erreakzinoak entzunda nik uste baino jokaldi biribilagoa egin dau Ibarrak. ‘Arima librea’ dala esan eban Jordi Sevilla ministroak. Popularren kritikak jaso ebazan Ibarrak, baina kritikak ez dira oso gogorrak izan. Ezin deutse esan Ibarrari sasi-abertzalea danik Maragalli esaten deutsen modura. Abertzalea da Juan Carlos Rodriguez Ibarra, bai, espainiar ebertzale peto-petoa. Nork esango dau, baina, Extremadurako ‘bellotakari’ak Espainia zatitu edo saldu gura dauala?