Jan-edanak  I. urtea // 9. zenbakia - 2002ko irailaren 1a - Hamaboskaria

Hazien orioak


Txiki zein handi, edadeko, zahar nahi gazte, osasuntsu bizi gura izan ezkero, ondoko gomendioari kasu egitea ona izango da: noz edo noz, astean baten edo birritan pasteltxu, palmera edo gozokiren bat jatearren ez da ezer pasetan, baina egunero era horretakoak jatea ez da ona.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan Diplomatua,
Elan Vital Medikuntzako Zentrokoa.

Aurreko atalean oliba-orioaz berba egin genduan, eta oraingoan beste orio mueta batzuen berezitasunak ezagutuko doguz.

Hazien orioak

Eguzki-bedar, soia, artoa, kakahuete eta kartamo orioak dira garrantzitsuenak. Euskal Herrian honeetatik eguzki-bedar orioa erabilten dogu gehienbat, eta gitxitxuago arto eta soia-orioa. Kakahuete eta kartamorenak, ostera, industrian erabilten dira, batez be pastelak egiteko.

Mendebaldeko munduan asko jaten ziran aspaldiko urteetan, mediterranear herrietan izan ezik, azken honeetan oliba-orioa erabilten zalako. Baina hazien orioek odoleko kolesterola bajatuten laguntzen dabela jakin zanean, mediterranear herrietan be oliba-orioaren kontsumoa jaitsi eta hazien orioak gehiago kontsumiduten hasi ziran.

Azken ikerketen arabera, badirudi hazien orioak gehiegizko kantidadean hartu ezkero, arterietan tronboak sortzea eragiten dabela. Egunena, gitxi gora behera, 4-5 koilarakada hazien orio jan ezkero, odoleko kolesterola jaisten laguntzen dabe, baina gehiegi jan ezkero, kaltegarriak subertau leitekez bihotzeko gaixotasunetarako.

Hazien orioak, Gantz Azido Poliinsaturatuetan aberatsak dira (azido linoleikoan batez be) eta hori da oliba-orioagaz daben desbardintasunik garrantzitsuena; oliba-orioa Gantz Azido Monoinsaturatuan edo azido oleikoan da aberatsa, eta honek emoten deutsoz berezitasunak. Gantz Azido Poliinsaturatuak neurriz jan ezkero, kolesterol mailak kontroletan eta bihotzeko gaixotasunak ebitetan laguntzen deuskue.

Aitatu doguzan gantz azido mueta desbardinen eraginez, hazien orioak errazago oxidau edo garraztuten dira, hau da, Gantz Azido Poliinsaturatuak, Monoinsaturatuak baino lehenago oxidetan dira. Arrazoi honegaitik, gordeteko orduan kontu gehiago izan behar da hazien orioakaz, oliba-orioak baino bizitza laburragokoak dira eta.

Argiak be orioen oxidazino prozesua bizkortu egiten dau, eta horregaitik komenigarria da orioak leku ilunetan gordetea. Esangura horretan, botila garden edo transparenteak baino hobeak dira ontzi ilunak edo latak; edozelan be, badirudi kontsumitzaileon eskakizunen arabera, orioa botila transparenteetan dagoanean hobeto saltzen dala.

Beste alde batetik, prijiduteko orduan, oliba-orioak eraldaketa edo transformazino gitxiago izaten dau tenperatura altuen eraginez; hazien orioak, ostera, oso erraz eraldatzen dira beroagaz. Arrazoi honegaitik esaten da oliba-orioa hobea dala prijiduteko. Edozein modutan be, orioa erreten ez dan bitartean, norberak gura dauen modura (gordinik, egosita, prijiduta…) erabili daiteke orio mueta bakotxa.

Orioagaz edozer prijiduten dogunean, kontu handia izan behar dogu emoten deutsagun beroagaz; izan be, orioak ez dau kerik bota behar, kasu horretan substantzia toxiko asko askatzen diralako. Erabili ostean, orioa filtrau egin behar da, bertan gelditzen diran janari zatiek bizkortu egiten dabelako degradazino prozesua. Autore batzuen eretxien arabera, orioa gehienez 5-6 bider prijidu leiteke, baina gitxiagotan egiten badogu, hobeto.

Koko eta palmondo-orioak

Koko eta palmondo-orioek ez dabe zerikusiriki oliba-orioagaz eta hazien orioakaz. Koko eta palmondo-orioak beste gantz azido mueta batekoak dira, Gantz Azido Saturatuak; gantz azido mueta hau okela, arrautza eta gurinetan be ugaria da.

Gantz Azido Saturatuek osasunean nahikoa eragin kaltegarria dakarre odoleko kolesterola igotea errazten dabe eta bihotzeko gaixotasunak eragin. Egin diran ikerketetan koko eta palmondo-orioek osasunean okeleak, arrautzek eta gurinaren koipeak baino eragin kaltegarriagoa dabela ikusi da.

Koko eta palmondo-orioak asko erabilten dira pastelak egiteko, eta produktu askoren etiketetan 'landare-koipea' ipinten dauenean, guk ezin dogu jakin landare-koipe hori koko edota palmondoarena ete dan. Horren ondorioz, koipe onuragarria jango dogulako usteagaz (landare-koiperik gehienak Gantz Azido Saturatuetan aberatsak diralako) erosten doguz produktuok eta hara, koko eta palmondoagaz eginda egon ezkero, justu kontrako eragina dabe. Interesgarriena etiketetan 'landare-koipe' hori zein landaretakoa dan zehaztea izango litzateke.

Kontuak kontu, azken urteotan umeen artean be odoleko kolesterol tasa altuak agertu dira, eta horreen arrazoi nagusienetakoa txikienek jaten dituen boilo eta pasteletan dagoala uste da.