Bertsotan  III. urtea // 86. zenbakia

Finalean Lekue dauka Larrabetzuk


Elorrion erabagiko da finaleko zortzikotea

Saio bi jokatuta, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue sailkatuta dagoz, eta puntuen arabera sartuko diranetan ia segurutzat jo geinkez Unai bera (507) eta Iratxe Ibarra (484). Lau aulki beteta. Hortik aurrerakoak Elorrion zehaztuko dira datorren domekan. Igor Elortza, Igor Muniategi, Eñaut Intxaurraga, Gorka Lazkano, Xabi Paia eta Joseba Artza izango dira kantuan Arriola Aretoan arratsaldeko 5,30etatik aurrera. Bertako irabazleak bosgarren aulkia beteko dauala kontuan hartuta, azken hiru lekuetarako lehia estua espero da. Elorrioko bigarrenak 468 puntu baino gehiago atarata nahikoa dauka. Hortik aurrera kontu latza. Fredi Paya eta Onintza Enbeita entzuleen artean izango dira zain. Laugarrenak 480 puntu beharko dauz Frediri finaleko aulkia kentzeko, eta hirugarrenak ez badauz 476 puntuak gainditzen Onintza Enbeita bigarren emakumea izango da finalean. Elorrion azkenengo sententzia. Eta Euskaldunako makinak berotzen hasita dagoz.

Iñaki Aurrekoetxea

Domekan Getxon Bizkaiko txapelketako bigarren finalaurrea jokatuta, hasi dira zehazten Euskaldunako finaleko aulkiak nortzuk beteko dabezan. Etxahun Lekue larrabetzuarrak saio polita osotu eta zuzenean sailkatzea lortu eban. Unai Iturriaga ez zan urrun ibili eta finaleko aulkia seguru dauka. Getxo Antzokia goraino beteta (500dik gora lagun bai), bertsolariek ez eben goi mailako saioa eskaini, bai txukuna, eta bertso bikainak dezente entzun genduzan. Epaileen sententzia honeetan puntuazinoetan azaldu zan:

Etxahun Lekue: 511
Unai Iturriaga: 507
Arkaitz Ugartetxea: 468
Oihana Bartra: 465,5
Eneko Abasolo: 454
Garikoitz Sarriugarte: 430

Hasikeratik jaun da jaube

Bermeoko saioan baino oreka gitxiago egon zan Getxon. Ofizioak be makalago hasi ziran eta Etxahun zan benetako zortziko ofizio bietan etekin gehien atara ebana. Papelean sartuta, gaiei xukua atara eta atara ibili zan, besteakazko distantzia imintea lortuaz. Zortziko nagusian Oihana izan eban kantulagun. Ezkonbarriak biak, etxe barriko giltzak noz lortuko, Oihana emaztearen gurasoenean bizi zan eta Etxahun gogaituta egoan. Bigarren bertsoa oso polita bota eban: “Baina nik zure amari ezin deutset beti egin jaramon, dana agintzen daust: hona etorri, hau hartu ta hori igon. Zenbat galdera erantzun behar: zer, zelan, nogaz eta non. Beragaz baino gurago dot nik zubipean trankil egon”. Zortziko txikian aitita gendun Etxahun, telebista ikusten lokartu eta hagin postizoak jausitakoan Arkaitz Ugartetxea birlobak iratzarri eban. “Burutik flojo zabiz, bota dozu ozen, ia nire adinean zu zelan zagozen” erantzun eutson lehenengo, eta Arkaitzek “neuk altxatzeik ez dozu pentsatuko ezta?” galdetuta “horra makurtzen banaz ez naz altxatuko” hurrengoan.

Unai Iturriaga lokartuta moduan hasi (txapelketako hasikerak ez dira bere puntu fuertea), zortziko txikian martxea hartu eta hamarrekoan egin eban gora. Bezperako mozkorraldian alkarreri kristonak esan ostean, Oihana laguna ezegaz be ez da akordetan eta Unai, barriz, arduratuta dago. Saio polita osotu eben biek. Oihanak lehenengo bertsoan “mozkorrei ez jake kasu egin behar” bota eta zera erantzun eutson Unaik: “ez dala ibili behar mozkorrei begira ba egi haundienak hortxe joaten dira”. Hirugarrenean Unaik “Zugaz badot zalantza nahiko kuriosoa: gaiztoa zaren edo guztiz inozoa”. Oihanaren amaierea be polita: “Ez gaizto ez inozo, noski ez naz bape, ta ez deutsut egin gura ezelan be kalte. Beraz itxi daiguzan guztiak aparte, ta atzokoagaitik trankil egon zaite, horregaitik ez zaitut gitxiago maite”. Etxahunek be lan polita egin eban hamarreko txikian.

Kartzelan Etxahun ondo, Unai itzel

Kartzelako lanean erantzun beharreko lehenengo puntua hauxe: “Emakume larregi ubelduz beteta”. Etxahunena erantzun borobilena: “egin behar genduke danok gogoeta. Konpontzeko ardura danona da eta egoerari eman behar jako buelta”. Bigarren puntua hau kantau eutsien Xiomara Gezuraga aurkezleak: “Konponbidea ez da bat ere erreza”. Oraingoan Unaik asmau eban erantzunean, gaiari lotutako oinak erabilita ganera: “gizonok behintzat ezin gara izan kexa. Zorrotzagoa izan beite behintzat jueza eta bakoitzak bere apurra jar beza”. Hiru bertso osotzeko gaia hauxe zan: “Goizaldea da. Holako baten alboko etxeko zaratek iratzarri zaitue. Jagi eta auzoko gaztea atxilotuta daroela ikusi dozu. Ohera bueltau zara baina ezin dozu lorik hartu”. Unaik egin eban lanik onena. Txaloak lortzeko gai erreza zan (errezegia), baina Unai izan zan sinisgarritasun handiena lortu ebana, gaiaren heldulekuei probetxua atarata (detaile bat: berak baino ez eutson izena imini mutilari). Goi mailako lana. Etxahunek be bertso onak bota ebazan. Etxahunen bigarrena eta Unairen lehenengoa eta hirugarrena dozuez hemen:

Burrukalari diren gazteei
eman gura deutsie min,
antza ez dabe horrelakoak
mugi daitezan atsegin.
Batek agindu eta besteak
agindua bete fin-fin.
Nire burura beste kontu bat
etorri jat orain arin:
nire bila be etorri leikez
nahiz ez dodan ezer egin.

Zarata entzun dot eta benetan
guztiz esnatu orduko
konturatu naz eroan dabela
alboko etxetik Urko.
Berdeak ziran, zientoka berde,
neu be izan naz lekuko.
Bildurra deukot ze eingo deutsien
egiteagatik uko.
Zenbat tortura jasango daben,
nola ez daben tratatuko,
nire ametsik gaiztoenak be
ez dira hurreratuko.

Juezak dabiz makinan eta
poliziak dabiz brankan,
inpunidade oso batean
kontu eskatzeko faltan.
Guk badakigu zer pasetan dan
Espainiako ziegatan,
buruak zelan zabaltzen diren
ta zauriak egin hankan.
Nire aldetik pixkat gehiago
eiteko aukera neukan,
‘putakumeok’ oihu egiteko
ausardia falta jatan.