Musikea  III. urtea // 86. zenbakia

Txapel: ‘Tonto el que lo lea’


Diskoa plazan dago daborduko, Txapel taldeak daukazan berezitasun danak entzuleei eskaintzeko asmoagaz. Punkaren abiadura handian doaz Txapelen kantak, rockaren indarragaz eta baita etenbako melodiakaz be. Ez dabe inor aspertu gura, eta egin beharrekoa labur eta arin egiten dabe; horregaitik, kantak oso laburrak dira eta entzunaldia bera be laburra da. Hamalau abestitan (sei euskeraz eta zortzi gaztelaniaz), Iñigitok berak sortutakoak eta taldeak oneretxitakoak danak, inor ez dala beste inor baino gehiago gogorarazo gura dabe. Horretarako jarri deutse, hain zuzen be, izen horren berezia hirugarren disko honeri.

Diskoaren izenak atentzinoa deitu badeusku, taldearen izen barri laburtu horrek be bai. Iñigitoren beraren esanetan, daborduko ezagunak diran legez, taldearen izenagaz nahikoa da, punk abizen barik, hau da, Txapel izenagaz. Aurreko diskoen esentzia berbera dauka honek be, danak Iñigitoren sormenetik urtendakoak. Kolaborazinoak be izan dira lan honetan, Kutxi Romero Marea taldearen abeslariak, berbarako, ahotsa jarri deutse ‘Jodido’ eta ‘Yo soy feliz’ kantei. Fjord taldeko Keuk be, punteo bat jo dau ‘Jodido’ abestian. Ganera, testua eta musikea Iñigitorenak izan arren, euskerazko lau letra preso dagoan Peru Aranburuk idatzi ditu.

Txapelen zuzeneko birea abenduaren 11an hasiko da Lekeition, eta 2005eko zemendiaren 25ean amaituko da, Japonen ala Hegoamerikan. Zuzeneko horreetan, Iñitigo Txapelek ez dau gitarrarik joko, kantau besterik ez dau egingo. Ikuskizuna eskainiko dau Txapelek, eta protagonista nagusia, zelan ez, Iñigito bera izango da.

Atxapunte

Iñigito esan eta burura jatorkun lehenengo gauzea Etsaiak da. Halan da be, 1.998an talde lekeitiarragaz hasi zanetik buelta asko emon dauz beraren ibilbide musikalak. Etsaiak eta gero, Txapelpunk izenagaz taldea sortu eban, baita diskoa atara be. Oraingoan, taldearen hirugarren lanagaz dator: ‘Tonto el que lo lea’.