Bridget Jones: The edge of reason
Renee Zellweger-ek ostera be heldu deutso itzelezko ospe eta izena emon eutson Bridget Jones-en personaia antzezteko beharrari. Bigarren film honetan istorioa hasten da lehenago amaitu zan leku berean: Bridget zoriontsua da Mark Darcy abogadu prestigiotsuagaz daukazan maitasun hartu-emonei esker; egoera idiliko horrek, dana dala, ez dau larregi iraungo. Jelosiak eta segurtasun faltak hasiko dira mutil-lagunaren lankide erakargarria, Rebecca, tartean sartzen danean.
Bridget-en baldarkeria aurreko filmaren arrakastearen giltzarrietako bat izan arren, oraingoan filmaren egileak lar baliatu dira ezaugarri horretaz, eszena barregarriak oinarri barik puztuz eta personaiaren mamina albo batera itxiz. Bigarren film honetan ez dogu ikusiko maitasunagaz tematuta dagoan Bridget bat, ezpada behar baino askoz dudati eta baldarragoa dan Bridget.
Sharon Maguirek lehenengo filma gidatzean jadetsitako arrakastearen ostean, oraingoan Beban Kidron izan da lana zuzendu dauana, Helen Fiedling-aren bigarren nobelatik abiatuz. Pelikulari jazoten jakon modu berean, bigarren nobela honek be ez ebazan irakurleen itxaropenak bete.
Personaien jarduna eta karakterizazinoa ona izanagaitik be, istorioa ez da ikus-entzuleakaz bat egiteko gauza. Besterik ezean, film egokia izan daiteke bideo klubean hartu eta egun ganorabako eta gogaikarri baten ikusteko.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Beeban Kidron.
- Herrialdea: Britainia Handia.
- Iraupena: 108 minutu.
- Antzezleak: Renée Zellweger (Bridget Jones), Hugh Grant (Daniel Cleaver), Colin Firth (Mark Darcy), Jim Broadbent (aita), Gemma Jones (ama), Jacinda Barrett (Rebecca), Sally Phillips (Shazzer), Shirley Henderson (Jude), James Callis (Tom), Jessica Stephenson (Robyn).
- Gidoia: Andrew Davies, Helen Fielding, Richard Curtis eta Adam Brooks; Helen Fielding-en nobelan oinarrituta.
- Argazkia: Adrian Biddle.
- Muntaia: Greg Hayden.