Gripea, mehatxu ezkutua
Benetako arriskua
Adituen esanetan, oilaskoen gripearen birusa nahiko kontrolauta dagoala emoten dau; dana dala, OMSk pentsetan dau epe laburrean mundu mailako larrialdi bati egin beharko deutsagula aurre, mutazino bat izateko arriskua benetakoa dalako. Ganera, negua gero eta hurrago dago, birusak ondoen moldatzen diran sasoia, hatan be.
Aurtengo denporaldian 65 urtetik gorako personei eta arrisku taldeei (gaixo kronikoak eta osasun arloko beharginak) emongo jaken txertoa tribalentea da, Kaledonia Barriko 1999ko A birusaren anduiagaz, Fujian-go 2002ko bigarren A birusaren anduiagaz eta Shangaiko 2002ko hirugarren B birusaren anduiagaz preparautakoa. Osasun industriaren arabera, ‘koktel’ honek babes handia bermatzen dau, % 80 ingurukoa, hain zuzen be. Dana dala, ez leuke ezertarako balio izango birusa egiatan mutauko balitz. Hori berori jazo zan 1918ko gripeagaz, gaur egungo egoerea guztiz desbardina izan arren. Izan be, birusak hobeto ezagutzen dira eta gizartea hobeto preparauta dago holako arazo bati aurre egiteko.
Edozelan be, epidemiologiako adituek adierazo dabe laborategiek gitxien-gitxienik sei hilabeteko tarte bat behar dabela infekzino barri baten kontrako txerto babeslea egin eta zabaldu ahal izateko. Ganera, pandemia baten kasuan, gaur egun banatzen diran 300 milioi txerto ez litzatekez nahiko izango gaixotasunari aurre egiteko. Bitarteko gehiago behar dira eta ez dau emoten adituak bat datozanik. Hori bai, gauza bat argi daukie: hemendik urte batzuetara mutazino bat izango da eta gripearen pandemia bat zabalduko da planeta osoan. Espero daigun gaixotasunari aurre egiteko adina baliabide eukitea.
Begiluzea
Neguro zaldu ohi dana baino askoz arriskutsua izango dan gripe izurrite bat gizateria amenazetan dago eta oraindino ez daukagu hari aurre egiteko bitarteko egokirik. Izan be, oilaskoaren gripea kontrolau barik jarraitzen badogu, mutazino larri eta arriskutsuagoa sortu daiteke. Eta arazoa ez da bromatakoa eta horren erakusgarri argia dira OMSk Genoan zemendiaren erdialdean eraturiko jardunaldiak. Bertan 16 aditu batu ziran, farmazia konpainietako hainbat ordezkari eta arduradun politikoak, gaixotasun honen kontrako konpromiso baten bila.
Nazino Batuen menpeko osasun erakundeak (OMS) urteak egin dauz nazinoarteari gripearen birusaren balizko mutazino batek ekarri leikion arriskuaren barri emonaz; izan be, holako egoera batek urte horretarako preparautako txertoak erabiltezin bihurtuko leukez, errealidaderik gordinena ekarriz. Aurreko martian 40 herrialdetako adituak batzartu ziran Genevan, era honetako izurrite baten kontra zelan jardun behar dan eztabaidatzeko. Espezialistek denporaldi honetan ez dala gorabehera handirik izango itxaroten dabe, baina OMSk iragarritako arriskua handiagoa da, oilaskoaren gripeak Vietnam eta Thailandian hartu dauan garrantzia kontuan hartzen bada.
Txarrena iragarteko benetako arrazoiak dagoz. OMSk daborduko animalietatik personetara igaro diran 44 infekzino kasu zenbatu dauz, 27 Vietnamen eta beste 32 Thailandian. Infekzinoaren ondorioz gaixoturiko 44 persona horreetarik 32 hil dira, hau da, guztien % 73. Ardurarik handiena ondokoa da: arazoa sortu eragin dauan birusa ostera be aldatzea eta gizakien artean, personarik persona, kutsatzen hastea. OMSk ez dau oraindino baztertu aurreko zezeilean Vietnamen izandako ahizta biren heriotzea kutsadura mueta horren ondorioa izatea.