Artea dario Bilbao Handiari
Eta, Erandiotik gatozala, Bilbon geratzea erabagiten badogu, Guggenheim Museoak aukera ederra opesten deusku Migel Anjel artista florentziarraren erakusketea ikusiteko.
Migel Anjel eta bere garaia erakusketeak Albertinan gordetako marrazki italiar ederrenak eta garrantzitsuenak batu ditu, Florentziako artistarik onenak izandako bizitza luzean zehar (1475-1564) egindakoak. Migel Anjelek oso eragin handia euki eban Errenazimentu klasikoaren garapenean, eta ezinbesteko inspirazino iturria izan zan Manierismo, Kontraerreforma eta Barroko arte moduentzat. Gorputzaren inguruan hizkuntza monumental barria garatu eban, eta bere garaiko artista gehienentzat eredu bihurtu zan. Migel Anjelek egindako obren artean oso garrantzitsua izan zan Cascinako Guduaren freskoa, eta lan hori egiteko erabilitako zirriborro batzuk, besteak beste, ikusgai daukaguz museoan. Migel Anjelek estudio anatomiko asko be egin ebazan, eta muskuluen bidez gorputzari indar izugarria emoten eutson. Halanda ze, aukeratutako marrazki-sorta zabalak ondo erakusten dau zelako erreakzino desbardinak sortu zituan Migel Anjelek, eta zelako eragina euki eban beste artista batzuengan.
Julen Gabiria
Azken hileotan, artearen gaineko hainbeste erakusketa daukagu ikusgai Bilbon eta inguruko herrietan. Oraingoan, berbarako, Erandiori tokau jako protagonista izatea, eta ez edonolako erakusketeagaz, gainera. Izan be, Jose Luis Zumeta (Usurbil, 1939) artistearen azken obrak eroan ditue Erandiora, aspaldian herriko azokea izandako eraikinera, eta edonor aho zabalik ixteko moduko esposizinoa antolatu dabe Emilia Epelde eta Mikel Mardaras galeristek. Azken urte eta erdian, Zumetak formato handiko koadroak margotu ditu, eta gehienak aurtengoak badira be, hiru beste urte batzuetakoak dira. Honeek guztiok erakusteko, leku ezin hobea iruditu jake bilbotar galeristei Erandioko azokea. Ez da ahaztu behar, gainera, orain dala urte batzuk Uribitarteko Gordetegi zaharra Zumetaren beste erakusketa harrigarri baterako erabili ebela, eraikina botateko asmoagaz egozanean. Oraingoan, guztira 30 oleo abstraktu imini ditue, kolore eta forma askotakoak: benetakotasunaren bila egindako irudiak dira, modu automatikoan margotutakoak danak.
Azokeak 700 metro karratuko azalerea dauka eta bi solairutan bananduta dago. Lehenengoan, sei metroko luzerea eta hiru metroko zabalerea daukien sei oleo ikusi geinkez, indar handiko lanak, ‘aurretiazko zirriborro barik, zuzenean miesean margotutakoak’. Bigarren solairuan, formatu txikiagoko hogeiren bat lan dagoz (150 x 300 zentimetro eta 150 x 400 zentimetro), eta gero, txikienen artean badira paperean egindako tenperak be (70 x 50). Zumetaren ezaugarri nagusietakoa beti izan da islatzen dauan indarra, eta oraingoan be holantxe da: Erandion parautako lanek indar izugarria daukie, azokako hormen zuriagaz kontrastean. Beste alde batetik, azokako lehen eta bigarren solairuak alkartzeko eskilaratik gora egiten badogu, hormearen erdian obra bat dago, Zumetak bereziki maite dauena. Koadro horrek, besteakaz alderatuta, kolore masa handiagoa dauka, eta Zumetak denpora luzean ikutu barik euki badau be, oraingo honetan amaituta ikusi geinke.
Zumetak berak azaldu dauan moduan, koloreen eta formen arteko orekea topetea oso garrantzitsua da berarentzat, baina ez dau hori jakinaren gainean egiten, modu automatikoan baino; ‘koadroaren barruan sartzen naz eta koadroari berari ixten deutsat norabide batera edo bestera eroaten’. Zumetaren aurreko obrak eta azken obra honeek konparau ezkero, aldaketea sano argia da. ‘Ausartago ibili naz azkenaldian, eta kolore formen ertzak gehiago markau ditut. Formak bereiztu egin ditut, definizino handiagoko koadroak eginez’. Orain arte, Zumetaren obretan, lerroek ez eukien ia garrantzi handirik, baina oraingoan kontrakoa jazo da, eta modu horretan ikusi geinke, berbarako, lerroak eta zuriuneak koloreen gainetik margotuta daukan koadro berezia, espresibidade handikoa.
Emilia Epelde eta Mikel Mardaras galeristentzat hauxe da seigarren aldia erabilerarik bako eraikin bat holako gauza baten darabilena. Eta ez da azkena izango. Epeldek eta Mardarasek instituzinoen laguntzinoa jaso dabe aurton lehenengo biderrez: Erandioko Udalak esku zabalik hartu dau euren proposamena, eta pentsau dabe azokeari erabilera kulturala emoteko aukera parebakoa izan daitekela hau. Halanda ze, musikeari eta antzerkiari be tartea egingo deutsie Zumetaren erakusketak iraun bitartean, 2005eko urtarrilaren 6ra arte: musikan, abenduaren 3an Gonzalo Tejada eta 9an Iñaki Salvador egongo dira. Abenduaren 18an, barriz, antzerkia antolatu da Ricky Lopez aktorearen ‘Dando el kante’ bakarrizketeagaz. Argi dago galerista bilbotarrek Erandio esposizinoaren parte egin gura dabena. Artea zabaldu gura dabe, eta umeei helarazo. Horregaitik guztiagaitik, herriko eskoletako umeei zuzendutako mintegiak, txotxongilo eta magia ikuskizunak egongo dira, zapaturo, hemendik aurrera herriko kulturgune barria izango dan 60ko hamarkadako eraikinean.