Bidaide  I. urtea // 9. zenbakia - 2002ko irailaren 1a - Hamaboskaria

Singapur (III)

Uri erakargarria turistearentzat


Labur-labur: Singapurreko gizartearen ganean, eretxi posible bi baino ez dagoz: sano gustetea ala ez gustetea. Etnia, arraza, kultura, erlijino eta klase desbardineko herritarren arteko alkarbizitzea errealidadea da Singapurren eta hori eredugarria da. Arlo guztietan, bariedadea eta aukerak dira nagusi. Turismorako leku exotiko ederra, segurua eta benetan interesgarria.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama

Aldeko eta kontrako eretxiak onartu arren, Singapur uri turistiko egokia da edozeinentzat, eta denpora gitxi behar da ganera bertako erakarpenaz jaubetzeko. Uharteko aukera turistikoak asko dira, bidaiari edo bezero zorrotzenen gogoa asetzeko modukoak. Edade guztietako lagunek ondo pasauko dabe seguru: umeentzat Sentosako feria-atrakzinoak derrigor bisitau beharrekoak dira; izan be, nagusientzat be aukera asko dagoz bertan atsedenerako eta nasaitasunerako; Night Safari ospetsua be oso gomendagarria da, eta hirugarren adinekoentzat be leku interesgarriak dagoz uri exotiko honetan, mendebaldeko erosotasun eta aukera guztiakaz. Bestalde, dendarik denda edo 'shopping' ibiltea maite dabenentzat paradisua da Singapur, oro har behintzat, baina beren beregi planetako kalerik zaratatsuena, Orchard Road hain zuzen be; era guztietako tresna eta tramankuluak topauko doguz eta prezio onean. Dana dala, uriko gauzarik interesgarrienak edonon atzemoten diran kontraste handiak eta arraza, kolore, kultura eta erlijino askotako herritarrak izango litzatekez: Little India, Chinatown, Arab Street eta finantza gunea (CBD esaten deutsiena); mundu desbardinak dira, baina bata bestearengandik minutu batzuetara baino ez dagoz, Singapurreko metroan erraz eta arin joango garalako uharteko punta batetik bestera. Gauzak holan dirala, ohiko kantoi estiloan gosaltzea, Bombayko jatetxerik onenean lez otordua egitea eta Mac Donald's baten afaltzea posible da, leku bakotxaren giro eta xarmeagaz. Jateko kontuetan, jatun onak ez dau atxakiarik topauko, Singapurreko herritarrak jatun onak dira eta; beraz, Europan perretxikoak legez ugaldu diran txinatar sasi-jatetxerik eta jatun eskasentzako preparautako indiar jatekorik ez dogu ikusiko. Jateko kontuetan kalidadea nabarmentzen da Singapurren, eta prezioak be era guztietakoak dagoz.

Beste alde batetik, finantza guneko etxeorratz erraldoien azpialdean paseoan ibili ezkero, New Yorkeko Manhattanen gagozala pentsauko dozue, eta Chinatoweko kale estuetatik gabilzanean, ostera, giro exotikoa nagusituko da; indiar tenplu edo jauretxeen ingurutik osterea egiten dogunean, barriz, Indiako azpikontinenteko hegoaldera salto egin dogula otuko jaku.

Britainiar inperioaren ondarea: CBD

Britainiarrek ondo baino hobeto jakin dabe inoren kapitala kudeatzen eta ahalik eta gitxiena produziduta aberastasuna sortzen. Ingelesek agiriko britainiar ukutua emonaz eregi eben uria eta gaur egun be gobernuaren neurrizko eraikinetan eta eleiza protestanteetan ikusten da eragin hori. Aurrerago, pasau dan gizaldiaren erdia igarota, urigintza ereduan aldaketea egon zan, eta ipar-ameriketako uri erraldoien itxurearen alde egin eta New York lako uriaren antza emon gura izan eutsen, horretarako, CBDn altuera ikusgarriko etxeorratzak eregiz. Susperraldi ekonomikoaren eta biztanlegoaren hazkundearen ondorioz, 1980 eta 1990 hamarkadetan, uriaren kanpoaldeko egoitzazko auzoak eregi zituen. Gaur egun, urian leku libre gitxi dagoz eraikin gehiago eregiteko.

Chinatown

Esanda dago, Singapurreko herritar gehienen jatorria Txinako Herri Errepublikea dala, eta horregaitik, Txinako ezaugarri asko ditu uriak. Datu hau egiaztatzeko, Chinatownera osterea egitea lakorik ez dago; beste uri batzuetan, auzo horretan bizi izaten dira txinatar gehienak, baina Singapurren asko eta asko dira, gehienak ez esateagaitik, kanpoaldeko auzoetan bizi diranak. Hori bai, Chinatowneko kaleetan Txinako benetako giroa edonon ikusiko dogu. Oinezkoentzako kale estuak gozamena izango dira jentez ganezka egoten dan finantza gunetik datozenentzat; horrezaz ganera, ingurualdeko merkatuak leku aproposa dira eguneroko bizimodua zelakoa dan ikusteko, batez be, abiada handian doan denporeari jaramon egin barik, karta jokoan ibilteko edo beste barik edozertaz berba egiteko alkartzen diran edadekoen bizimoduaz jaubetzeko. Duda barik, Chinatowneko merkatu zentrala uriko lekurik interesgarrienetakoa dala uste dot: edozer topau daiteke bertan, barazkiak, krokodilo okelea, oskoldunak edo itsaskiak, ugarazioak...

Little India, Arab Street eta Malay Village

Little Indiako kaleetan arin konturatuko gara urian garapen maila desbardinak dagozala. Auzo honetan, gauza normala da emakumeak ohiko 'saree' horregaz jantzita ikustea euren seme-alabak jagoten dagozan bitartean edota negozioez arduratzen diran gizonezkoak turbante eta guzti. Horrezaz ganera, indiar tenpluetan etenik bako jarduna da adierazgarriena eta umeek eurek be parte hartzen dabela zeremonia erlijiosoetan; musulmanakaz be antzekoa pasetan da. Euren sinismenen zorroztasun eta zurruntasunagaitik aldaketak astiroago sartu dira, eta kontsumismoa eta Mendebaleko bizi-estiloa bereganatzea gizatalde guztiek bizi arren, maila desbardinak dagoz.

Halan da guztiz be, gauza ederra da ikustea globalizazinoak oraindino ez dauela kulturak bardintzea lortu eta, esangura horretan, plazer handia da Little India edo Malay Village auzoetatik noraezean ibiltea, galtzea. Little Indiako kaleetan milaka denda dagoz: bitxi-dendak, erropa-dendak, espeziak...

Singapur uriaren espiritua edo izaerea: Orchard

Aitatutako 'ethnic quarters' horreez ganera, Singapurren arraza, kultura eta edade guztietako gizatalde guztiak alkartzen diran ingurualde berezia dago, dendarik denda ibilteko gunea hain zuzen be, ' Shopping' gunea eta helburua bakarra da: edozer erostea. Uriko ipar-mendebaldean dago eta Orchard kalea, berez, aparteko mundua da. Munduan leku gitxi dagoz era horretakoak: kaleetan ia-ia danak dira merkataritza gune erraldoiak eta edozer topetako moduko dendak. Singapur barriaren benetako espiritua hortxe topauko dogu; gazteak harro dagoz, nahiz eta ardura bizia erakutsi. Kapitalismoaren eta kontsumismoaren omenezko monumentu ederra da Orchard Road. Ganerako auzoetako erritmo nasairik ez dogu hemen inon ikusiko, aldea sekulakoa da, eta merkataritza gune batetik bestera arineketan dabilzan lagunen joan-etorri amorratua zoratzeko modukoa da. Europako turisteak hasikeran harriduraz hartzen dau erritmo biziegi hori, baina arin sartzen da erosketen zurrunbiloan. Teknologiaren arloan, batez be, edozer topau geinke eta uriko edozein lekutan pantaila erraldoien bitartez iragarten deuskuezan produktuen bila txakur amorratuen antzera ibiliko gara konturatu orduko.