Harkaitz Cano: ‘poesiak ez dau irauten, dardarak, zirrarak dira gogoratzen doguzanak’
Harkaitz Cano Lubaki Bandaren sortzaileetako bat izan zan 1993an eta hortik aurrera makinatxu bat lan argitaratu ditu:
- Kea behelainopean bezala. Susa, 1994. (poesia).
- Paulov-en txakurrak. Erein, 1994. (narrazio hibridoa).
- Radiobiografiak. Elkar, 1995. (ipuinak).
- Beluna jazz. Susa, 1996. (eleberria).
- Telefono kaiolatua. Alberdania, 1997. (ipuinak).
- Bizkarrean tatuaturiko mapak. Elkarlanean, 1998. (ipuinak).
- Pasaia blues. Susa, 1999. (eleberria).
- Piano gainean gosaltzen. Erein, 2000. (New Yorkeko kronikak).
- Norbait dabil sute-eskaileran. Susa, 2001. (poesia).
- Enseres de Ortopedia Inútil, 2002 (ipuinak)
Bizkaie!
Harkaitz Cano donostiarrak 94an argitaratutako ‘Kea behelainopean’ eta 2001eko ‘Norbait dabil sute-eskaileran’ poema liburuetako olerkien bildumea plazaratu dau Madrileko Atenea argitaletxeagaz: ‘Dardaren interpretazioa / Interpretación de los sueños’. Oraingo honetan, edizino elebiduna da eta gaztelaniazko itzulpenak be egin ditu egileak berak. Poema zaharrak, beraz, argitaratu bako bi sartu dituan arren. Izenburuari jagokonean, Harkaitz Cano donostiarrak adierazo dau poemotako letrak edota berbak galdu, ahaztu egiten doguzala erraz eta poemok eragiten deuskuezan zirrara edo dardarak, barriz, luzaroan gordetan doguzala eta poesiak berez ez dauala irauten. Ibon Egañak liburuaren hitzaurrean dinoanez, ‘poetak entzun nahi ez dogun zerbait esatera doanaren ezpain dardara txikia begiesten du, momentua harrapatu eta fosildu egiten du’. Era berean, Ernesto Sabatok be esaten eban: ‘Hain garrantzitsuak dira zenbait dardara! Gure existentziaren edo izatearen erroak eurak astintzen dabezan erabagien aurrekariak diralako eta, ulertzeko ezintasuna sortu arren, besteen destinoaren gainean eragina dabelako azkenean’.
Edizino elebidunean argitaratu dan liburua Jon Kortazarrek zuzentzen dauan Ateneako Euskal Biblioteka Elebidunaren seigarren liburua da. Hitzaurrea Ibon Egañak egin dau eta liburuaren portada eta atzeko azaleko irudiak, barriz, Jesus Mari Lazkanok egin ditu.
Anekdotikoa da Cano jn.ak poesia bilduma bat plazaratzea orain, izan be, azken aldian ipuinak eta nobela laburrak idatzi ditu. Egileak berak onartu izan dau ‘poesiak itxi egin nau’, izan be, 19 urtegaz lehen poesia liburua atara arren, ez dau sekula bere burua poetatzat ikusi eta gaur egun be karga hori igarten dauala adierazo dau. Datu legez, lehen poema liburutik bigarrenera zazpi urte pasau ziran. Dana dala, New Yorken pasautako denporaldian, makina elektrikoagaz, olivetti zahar bategaz hartu eutson gustua poesiari, besteak beste, lerroka idatzi beharrak atzera bueltarik ez eukalako eta horrek erakarpen berezia sortarazoten eutsolako; horren harian, Harkaitz Canok ganbaran gordeta daukan makina horreri hautsa kendu eta tramankulua astintzen hasi ezkero, akaso, barriro poesia idazten hasiko dala adierazo eban prentsaurrean.
Kontuak kontu, sano lanpetuta dabil azken bolada honetan Harkaitz Cano. Orain gitxi plazaratu dau istorio bi buztartzen dituan ‘Belarraren ahoa’ (Alberdania) nobela laburra, nobela alegorikotzat hartu geinkena. Alde batetik, Europan jaun da jaube izan ostean, itsasontziz AEBra bidean doan Hitlerren eta, bestetik, New Yorkerantz askatasunaren estatua daroan itsasontzian, izkutuan doan bidaiariaren istorioak buztartzen ditu egileak.