Joxerra Garzia: ‘eskolan eta hedabideetan, zuzentasunaren esklabo bizi gara'
1953an Legazpin jaioa. Filosofia eta Kazetaritza ikasketak Bartzelonan egin ondoren, Alemanian izan zan ikasketa zikloa amaitzeko. 70. hamarkadan Arrasate eta Tolosako ikastoletan ibili zan lanean.
Ikastolen mundua itxi ondoren, komunikazinoaren esparruan murgildu zan: Euskadi Irratian, 'Sorgin Afaria' programea aurkeztu eta zuzendu eban. Horrezaz ganera, ETBko 'Lumaz' edo bertsolaritzearen ganeko 'Hitzetik Hortzera' programak sortu, aurkeztu eta zuzendu ebazan. 1994an irakasle hasi zan EHUn, Leioako Informazino Zientzien Fakultadean. Ikus-entzunezko komunikazino eta publizidadean doktore da 1999tik, 'Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak' izeneko tesiari esker.
Haur eta gazte literaturearen arloan, 'Malen laberinto madarikatuan' argitaratu eban 1986an eta Bapore saria irabazi. Geroago, 'Gau bat gauekoen artean' edo 'Tunelaz bestaldean' kaleratu ebazan. Poesian, liburu bi argitaratu ditu: 'Dena dela' eta 'Zotal egunak'; azken horregaz Kritikaren saria irabazi eban 1992an.
Bertso-epaile lanetan eta kritikari moduan be ibilia da; bertsolaritzeari buruzko hainbat azterketa argitaratu ditu, aldizkarietan (Bertsolari, Jakin... ) eta liburuetan. Euskal Idazleen Elkarteko Lehendakari izan zan 1993tik 1997ra bitartean.
Oraintsu, barriz, euskerearen kalidadeaz txostena egin dabe Amonarriz, Egaña eta Garziak; horrezaz ganera, Joxerra Garziak Alberdaniagaz argitaratutako 'Kurrin kurrin vitae' aurkeztuko dau bihar. Kontuak ugari, beraz, Joxerra Garziagaz jorratzeko.
1.- Euskerearen kalidadeagaz arduratuta gabiz azken boladan...
Bai, zorionez. Orain gitxira arte, normala zan legez, kantidadea izan da gure ardura ia bakarra: euskerearentzat alor eta hiztun barriak irabazi behar ziran, eta erabateko lehentasuna izan dau horrek. Nik neuk, 1997. urtea jarriko neuke mugarritzat, urte horretan argitaratu ziralako Ibon Sarasolaren ‘Euskara Batuaren Ajeak’ eta Juan Garziaren ‘Joskera lantegi’. Ibonek lexiko mailako zabarkeria salatzen eban, eta Juanek sintaxi-puntuazinoetan darabilgun kaosa. Geroztik asko dira kalidadearen kontu horretaz arduratu izan diran egileak: Salaburu, Rubio, Zubimendi-Esnal, eta beste hainbat.
2.- Kantidadea-kalidadea eta ezagutza-erabilera bereiztu beharko litzatekez....
Kalidade berbeak baditu bere arriskuak. Larregi erabilten da, aukeran, enpresetan eta. Euskereari jagokonean, guk hasieratik esan dogu kalidadea ez dogula ulertzen hizkuntzearen beraren ikuspegitik, aldian aldiko egoerak, xedeak eta xede-taldeak edo audientziak marketan dabela noiz dan hizkera bat egoki eta noiz ez. Hiztun bikain bakar batzuk izatea ez da kontua. Kontua da euskerea, zabaldu ahala, eraginkor eta gozagarri izatea gero eta hiztun eta entzule gehiagorentzat.
3.- Kalidadea zer dan zehaztea komeni da. Bizitasuna, jatortasuna, zuzentasuna, egokitasuna, erraz eta ulergarria izatea, gatza eta piperra...
Kalidadea zer dan Koldo Mitxelenak esaten eban ederto: aizkora ona ebagiten dauan aizkorea da; hizkuntzea, barriz, besteakan eragna eukiteko balio dauana da ona. Aditzez, esamoldez eta abarrez ederra bai baina inor txunditzen, hasarratzen, liluratzen ez dauan hizkerea, kirten eder-apaina daukan baina ebagiten ez dauan aizkorea lakoa da. Polita akaso bai, baina ona ezelan be ez.
4.- Sarritan ez ete gara zuzentasunaren esklabo?
Zuzentasunari baino ez jako begiratzen askotan. Eta zuzentasuna zaindu behar da, jakina, baina ez da helburu nagusi izan behar. Eskolan eta hedabideetan, zuzentasunaren esklabo bizi gara, bai, eta hori oso txarra da, zuzentasuna antzua dalako berez. Helburua egokitasuna izan beharko litzateke, eta hortik aurrera, zenbat eta egokitasun hori zuzenago izan, hainbat hobe.
5.- Oro har, graziarik edo gatzik bako euskerea darabilgula pentsetan dozu?
Galera handia dago horretan gure zaharrakandik gugana, eta baita gugandik gazteakana be, zoritxarrez. Gaur egun, D ereduan dabiltzan gazteak hobeto moldatzen dira euskaraz erderaz baino ikasteko orduan. Lagunak txunditu edo barrez jarteko garaian, barriz, gaztelerara joten dabe ia beti. Orain 40 urte, teilaturik bako zimendu sendoak geunkazan hizkuntza kontuetan. Orain, barriz, teilatu ederra daukagu, baina ez dakit zimenduen pare ipini dogun. Eta bidean hamaikatxu hiztun egoki asko etsiarazo dogu, zuzentasun hutsagaz konplexua sorrarazoz. Bizkaieraz berba egiten daben herrialdeetan behintzat nabarmena da hori.
6.- Kalidadezko euskerea non ikasten da? Zeintzuk izan beharko litzatekez ereduak?
Lehenik eta behin, kalidadea egokitasuna dala esan behar da, eta egokitasuna, barriz, eraginkortasuna dala. Eta hori jardun eta jardun ikasten da, ez dago beste biderik. Horregaitik dinogu erabilerea dala kalidadearen oinarria. Eredu bakarrik ez dago. Euskera eraginkor eta gozagarria non dagoan, hantxe ikasi beharko da, baina jakinik egoera komunikatibo bakotxak bere egokitasun propioa daukala. Errezeta behin-betirakorik ez dago. Jarrera kontua da, neurri handi batean.
7.- Euskalkiek ze leku daukie Batuaren erreinuan?
Euskalkia, euskera batua legez, izan leiteke egokia eta izan leiteke kirten dotoreko aizkora kamutsa. Euskera batua berez ez da ezer, edo, nahi bada, euskaldun guztientzako molde komuna baino ez da, eta molde horretan badaukie tokia euskalkiek. Are gehiago, euskera batuak euskalkien preminea dauka. Hori bai, "maite zaitut" eta "maite zaut", esaterako, biak bardin antzu dira, batu zein euskalkikoak izan. Euskalkietan dagozan esapide eraginkorrak, jergak eta ganerakoak, horrexek dira batuak aberatsago izateko behar dituan ekarpenak.
8.- Euskerea da komunikatiboa edo ez da ezer...
Euskereak ez badeutso balio hiztunari bere burua nasaitu eta besteakan eragina eukiteko, eta hori da azken batean komunikatiboa izatea, orduan hiztun horrek ez dau euskerea erabiliko, ez behintzat interesetan jakozan gauzetan. Euskaraz ikasi edo lan egingo dau, baina ez da euskeraz biziko, gazteleraz edo frantsesez erosoago sentitzen dalako.
9.- Euskerea da aizkora ona (Mitxelena) baina erabili ezean...
Uste dot erantzun deutsadala galdera horri. Baina zure galdereak beste bat dakar: zelan lortuko dogu hiztunek euskerea erabiltea? Dekretuz lortuko al dogu hori, ala eraginkor eta gozagarri jakon neurrian bakarrik erabiliko dau? Euskerea ikasi eta lantzerakoan, eragiteko eta gozetako tresna dala ikusi behar dau hiztunak, bestela jai daukagu.
10.- Ahozkotasuna lantzeko metodoak garatzen ibilitakoa zara. Zertan dago kontua?
Mutu dago, gure eskola sistemea legez. Aditu guztiek autortzen dabe gaur egungo gizartean oso garrantzitsua dala jentaurrean taiuz berba egiten jakitea, baina gure hezkuntzea mutu-hezkuntzea da, XIX. mendean bagengoz legez gabiz eskolan. Ugerrean ez dago ikasterik, uretan murgildu ezean, eta berbetan be ez dago ikasterik, berba egin ezean. Sekulako iraultzea behar dogu eskola sisteman.
11.- Euskerea zelan ikusten dozu osasunez?
Inoiz baino sasoikoago dago euskerea, hiztunez, alorrez eta prestigioz. Horrek egundoko aukerak eskaintzen ditu, baina baliatu egin behar doguz. Horrek ez gaitu eroan behar dana ondo doala uste izatera. Diagnostikoa egitean, behar baizen ezkor jokatu behar dogu. Baina seguru nago gatxa ondo diagnostikau ezkero, asmauko dogula gaixoa osatzen. Ostera, gatxa dan baino arinagoa dala pentsarazoten badeutsagu geure buruari, orduan ez dago zer eginik, konturatzen garanerako hilko jaku esku artean gaixoa.
12.- Euskerearen erabilerea sustatzeko eta euskereari prestigioa emoteko ze neurri hartu beharko litzateke?
Nik neuk, oinarrira joko neuke. Euskereari berez etorriko jakoz erabilerea eta prestigioa, eskolan eta komunikabideetan behar dan moduan, gauzak egiteko tresna moduan, lantzen bada. Osterantzean, alper-alperrekoak iruditzen jataz euskerea goresteko publizidade kanpainak. Bidea ez da hori, ez behintzat hori bakarrik.
13.- Eragingarritasunari begira, euskaldunok ez dogu geure burua saltzen jakin enpresetan kalidadezko Q eta ISO ziurtagiri ugari euki arren, eta publizidadearen harian bardin...
Ezer baino lehen oinarrizko lan horreek egin behar doguz. Gero, uste dot badala momentua pausu bat gehiago emoteko, beti negarrez ibili beharrean. Coca-Colak ez dau euskeraz publizidaderik egingo guri laguntzearren. Izatekotan, horrek mesede egiten deutsolako egingo dau. Ni sinistuta nago egiten deutsola, baina hori frogatu egin behar da. Zergaitik ez da hori unibersidadean ikertzen?
Koldo Isusi Zuazo