Antxina-barri  III. urtea // 86. zenbakia

Lehenengo euskal liburu azokak


Apurka-apurka, holako ekintzak sendotzen, ugaltzen eta indartzen joan ziran. Geroago, barriz, gerreak eta ondorengo diktadureak eragindako etenaldia etorri zan, barriro be, 1965an Gerediaga Elkarteak lekukoa hartu arte. Aurten, 297 erakusmahai izango ei dira Durangoko Erakusketan eta 400 liburu eta 60 disko barri aurkeztuko dabez. Hasikerako bitrina biekaz konparauta ba dago aldea...

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Agiritegiko teknikaria

Laster dogu geure artean, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen XXXIX. edizinoa. Euskal kultureagaz oso lotuta dagoan ekitaldia da eta dakigunez 1965ean antolatu eban lehenengoz Gerediaga Alkarteak Durangoko eleizako eleizpean.

Dana dala, lar ezaguna izan ez arren, gerra aurretik be antolatu ziran Durangokoa moduko erakustaldiak, euskal liburuen gaineko erakustaldiak hain zuzen be.

Antza danez, Euskal Liburuen I. Erakusketea 1929an antolatu eban Eusko Ikaskuntzak. 1918an sortutako alkarteak hurrengo urteetan bere gan hartu eban euskal kulturea bultzatzeko ardurea, dantzaldiak, musikea zein lege kontuak ziran erakundeak antolatzen ebazanak, beti be euskal kulturea berbiztu eta bultzatzeko asmoz.

Erantzuna oso ona izan zala ikusita, udan ikastaroak antolatzeari be ekin eutsien, eta holako ekitaldi batean antolatu zan lehenengo aldiz Euskal Liburuaren Erakusketea.

Esandako moduan, 1929an Eusko Ikaskuntzak aurreko urteetan legez udako ikastaroak preparau ebazan. Ikastaroak bagilaren 25ean hasi ziran eta amaierea, barriz, hurrengo hilaren 6an. Herrialdeko jakintsuak ekarriz, hainbat jarduera eta berbaldi izan ziran, medikuntzaz, literaturgintzaz, historiaz, eta beste gai batzuen gainean.

Sasoi horretan, udan Donostian giro aparta egoan bertakoakaz eta udatiarrakaz. Euskal Astea be egiten zan eta dantzaldiak, kirol erakustaldiak eta beste hainbat ekitaldi preparetan ebezan. Beraz, ikastaroakaz hasitako euskal giroak jarraipena izaten eban hurrengo astean.

Gauzak holan, literaturgintzeagaz lotuta, euskal liburuen erakustaldia antolatzea otu jaken Eusko Ikaskuntzako agintariei. Ez dakigu nor izan zan ideiaren bultzatzaile nagusia baina badakigu udako ikastaroa amaitzear egoala, garagarrilaren 6an, Gipuzkoako Aldundiaren Egoitzan bitrina bi preparau ebezala euskal libururik zaharrenetarikoak bertan erakusteko asmoz. Sasoiko prentsa artikuluetan agertzen dan moduan, lehenengo bi bitrina horreek hurrengo egunetan ugaltzeko asmoa egoan eta Eusko Ikaskuntzak berak iragarten eban legez, erakusketea amaitu eta gero, erakutsitako liburu guztiakaz katalogoa argitaratuko zan.

Hurrengo astean, Euskal Astea ospatzeko asmoa egoanez, liburu erakusketearen antolatzaileak, aste honetan zehar Donostiara hurreratzeko ziran guztiak liburu erakusketea ikustera etorriko ziralakoan egozan eta horixe zan antolatutako erakusketearen helbururik nagusiena.

Hurrengo egunetako egunkariek ez dinoskue zelako harrerea izan eban erakusketeak baina badirudi idea honek erantzun ona jaso ebala eta hurrengo urteetan Eusko Ikaskuntzako antolatzaileek liburu erakusketak antolatzen jarraitu ebela.

Bestalde, handik hilabetera, abuztuan hain zuzen be, Bilbon Aldundiaren Liburutegia zabaldu eben eta zabaltze ekitaldia ospatzeko liburu erakusketea antolatu zan, liburutegiko liburu bitxi eta zaharrenakaz.

Eusko Ikaskuntzak berak be jarraitu eban urtero erakusketak antolatzen. 1935eko irailean, Arabako Baraibar taldeak hartu eban horren ardurea. Baina egitasmoa, erakusketeaz aparte beste hainbat ekitaldik osotzen eben, gaur egun Durangokoagaz pasetan dan antzera. Zabaltze ekitaldiko jazoerak alde batera itxita, erakusketea zabalik egon zan zazpi egunetan, bost hitzaldi emon ziran, legeak, liburugintzea edo Gasteizko bitxikerien gainekoak. Horrezaz gan, erakusketea egunero hamarretatik ordu bata t´erdietara eta bostetatik zortziretara zabalik egoan eta, erakusketan zehar gidatutako bisitak gura ebezanentzako egunero sei t´erdietatik zazpi t´erdietara antolatzen ziran.

Erakusketa hau lagundu ebenak Udala, Aldundia, Gotzaindegia, Eusko Ikaskuntza bera, Circulo Vitoriano eta antzeko erakundeak izan ziran. Argitaletxeen artean, besteak beste, Euskaltzaindia, Verdes, Jesusen Biotzaren Deya, Gaubeka edo Zabalkundea. Azkenik, banakako lagunek be lagundu eben euren liburuak erakutsiz. Erakutsitakoen artean, azpimarratzekoa zan 1623an egindako “Cuadernos de Leyes de Alava” libururaren argitalpena.