Islamismoaren gakoak
Muturreko adibideak
Afganistan izan zan 'jihad' horretan gorengo mailara ailegau zan herrialdea. 1989an, islamismoaren aurrerapenaren bidea ixteko hamar uteko inbasinoaren ostean, sobietar gudarosteak alde egin behar izan eban, gerrilla islamista batek irabazi ostean. Horren ostean, FIS alderdiak udal hauteskundeak irabazi zituan Aljerian; 1992an, ostera, herrialde honetako armadeak estadu kolpea emon eban islamismoaren garaipena ebitetako. Aljeriako esperimentuaren amaiera horrek erradikalizazino bikotxa ekarri eban. Batetik, mundu islamikoko gobernuen erradikalizazinoa, ateak zabaldu ezkero, hauteskundeak galduko zituela pentsau ebelako. Bestetik, islamismoaren sektore askoren erradikalizazinoa, legezko bidetik ibiltea alperreko gauzea zala ikusi ebelako.
Honaino helduta, ezin aitatu barik itxi Bin Laden aberats saudia; gaur egun, igazko irailaren 11n Torre Bikien kontra egindako atentaduaren ostean, 'salafismo-jihadismo' deritxon ideologia barriaren jarraitzaileen sinbolo bihurtu da; horrek testu sagraduen interpretazino zorrotza aldarrikatzen dau, baina horretatik bereiztuten da erregimen fedebakoen kontrako burruka armatua goraipatzen dauelako, bai Mendebaldean bai mundu musulmanaren barruan be.
Joseba Terreros
New Yorken 2001eko irailaren 11n izandako atentaduen ostean, inoizkorik gehien entzun dogu islam eta islamismoaren ganean berba egiten. Edozelan be, Sartaldean bizi garanontzat, erlijino honen nondik norako gehienak ez dira bape ezagunak. Horregaitik, oraingoan argi apur bat emon leiken idatzia dakargu. Helburua, bada, guztiz xumea izan da: islam eta islamismoaren inguruko argibide batzuk emotea, gai honezaz berba egiten danean, guztiok erreferentzia txiki bat izan daigun.
Islama ('menpetasuna jainkoaren aurrean' arabieraz) munduko erlijino monoteistarik barriena eta unibersalena da eta gaur egun sinistunen kopuruan kristinaugoagaz lehian dabil. Munduan 1.3000 miloe musulman dagoz eta horreetarik bosten bat baino ez dira arabiarrak. Beraz, ezin dira ezelan be parekatu arabiarraren kontzeptu etniko eta nazionala erlijino zehatz bateko sinismenagaz.
Musulmanak munduko biztanleriaren lauren bat dira eta 55 estadutan bananduta dagoz, Afrikako sartaldeko kostatik sinistunen kopururik handiena hartzen dauen Indonesiarainoko tartean. Albania be neurri handi baten musulmana da, bai eta NATOren babespean dagoan Kosovo be. Bulgarian, Bosnian, Mazedonian eta Georgian komunidade islamikoak be sano garrantzitsuak dira. Frantzian 4 miloe musulman bizi dirala kalkuletan da, Alemanian 3, Bretainia Handian 1,7 eta Holandan eta Belgikan 300.000 inguru. Erradikalismo islamikoak 'satan nagusitzat' hartzen dauen AEBetan fede musulmanak 10 miloe sinistun dituala kalkuletan da.
Zer da islama?
Islama erlijinoa ez eze ohore kodea, legegintzazko sistemea eta bizimodua be bada. Islamaren oinarrizko betebehar espiritualak fedearen bost hage nagusitan laburbiltzen dira:
- Shahada edo fede profesinoa onartzea.
- Jainkoari egunean-egunean errezetea, Mekari begira.
- Karidadea bultzatzea.
- Ramadam sasoian barau egitea.
- Bizitzan behin gitxienez Mecara erromes joatea.
Euskeraz 'ahalegin' modura ulertu geinken 'Jihad' kontzeptua propaganda integristearen barruko kontzeptu eztabaidagarrienetariko bat da. Musulman batzuentzat fedearen seigarren hage baten modukoa da eta sarri askotan 'gerra santu' modura itzultzen dabe; dana dala, kontzeptu horri orporik orpo jarraitu ezkero, fedearen aldeko makina bat burruka mueta dago, berbarako norberaren garbikuntzea jadetsi edo agindu erlijiosoa beteteko ahaleginak. Koranean berenberegi egiten jakon aitamena atxakia on-ona da muturreko sektore islamistentzat, indarkeriaren bitartez jarduteko justifikazinoa emoten deutselako. Musulmanen komunidade moderaduaren barruan, ostera, jarrera hori salatzeko bideari ekin deutsie, koranean bertan jainkoa errukitsua dala aitatzen dalako.
'Charia' tradizinozko lege islamikoa da, legelari musulmanen lehenengo gizaldietan ezarritakoa: hiltzaileek eta apostatek heriotza zigorra merezidu dabe; lapurrari eskumako eskua ebagi behar jako eta adulteriogileak zigortu behar dira...
Islamaren barruko taldeak eta erlijio honen zabalkundea
Islama erlijino bakar eta bateratu modura egituratzeko helburuak Mahomaren heriotzearen ostean zapuztu ziran; izan be, ortodoxiaren (Sunni) eta heterodoxiaren (xiita) arteko haustura politikoa izan zan; jakina danez, lehenengo taldeak irabazi eban eta gaur egun musulmanen % 90 inguru sunnitarrak dira. Edozelan be, Iranen, Irakeko hegoaldean eta Libanoren zati baten, xiitak nagusi dira. Azken talde honetako fededunek uste dabe AlĂ, Mahomaren lehengusu eta suhia, kalifa bihurtzeko legezko oinordekoa zala.
Islamaren liburu sagraduan, koranean, Gabriel arkanjeluak Mahoma profetari adierazotako jainkoaren berbak agiri dira; xiitarrek, ganera, korana munduko aldaketen arabera be interpretau daitekela uste dabe.
Mahomaren heriotzatik ehun urte bete barik egozanean, kristoren osteko 632. urtean, haren jarraitzaileek Arabiako desertuaren mugak gainditu eta munduan izan dan inperiorik handiena osotu eben. Pertsiar inperioa eta Bizantziokoaren zati handi bat konkistau eben, euren fedea Afrikako iparraldetik Iberiar Penintsularaino eta Sortaldetik Indo ibairaino zabaldu eben. Handik, merkatari arabiarrek islamaren fedea Malasia, Indonesia, Singapur eta Filipenetara be eroan eben. Beste merkatari batzuek korana sartu eben Afrikako tribu baltzetan. Geroago, islamak mongolen, gurutzada kristinauen eta Europako inperioen kontra neurtu zituan indarrak.
Islamismoaren sorrerea
Islamismoa, fundamentalismo edo integrismo modura be ezaguna dana, islamaren politizazino desitxuratu eta fanatikoa da.
Islama sortu zanetik hona, sartaldeko munduaren eta musulmanen arteko gatazkea izan da; batzuetan mundu biak alkarregaz bizitea lortu dabe eta gehienetan alkarren kontra egin dabe. Betidanik alkarri begiratu deutsie, baina sekula ez dabe alkar ulertu. Mendebaldea fundamentalismoaren bildur da, baina islamaren bihotzean dagoan petroleoa behar dau. Islamistek, ostera, sarritan salatu dabe Mendebaldea, euren kulturearen kontrakoa dalakoan, Israel defendiduten dauelakoan eta interes ekonomikoen truke musulmanen erregimen ustelak bultzatzen ditualakoan.
Islamaren berpizkundea sustraietara bueltetako eta egonkortasuna bilatzeko bide modura ulertu behar da, hau da, Mendebaldeko kolonialismoa eta herrialde batzuetako komunismoa ukatzeko bide modura. Gai honetako aditua dan Gilles Kepel frantses soziologoak modu honetara azaltzen dau: Ideologia islamistak 60ko hamarkadan mundu musulmana bete ebanean, herrialderik gehienetan aldaketa soziologiko gogorren ondorioak jasaten ebilzan: landa guneetatik uri handietara joandako biztanle kopuru handia, hazkunde demografiko ikaragarria eta klase pobreetako gazteen alfabetizazinoa.