Eretxia  III. urtea // 85. zenbakia

Barri txarrak datozanean, burua hotz


Hilaren hamalauan Batasunak kaleratutako agiriaren ostean, asko izan ginan lusinoz beterik jantzan hasi ginanok. Baina handik egun bira argitaratutako agiriek ilusinoa lurretik bota euskuen. ‘Zelan egon leiteke horrenbesteko aldea Batasuna eta ETAren artean?’; ‘Serioa da ahalegin hau ala ez?’ galdetzen geuntson geure buruari. Gero jakin gendun agiriak oraintsukoak zirala, baina gure gazte denporan esaten gendun legez, eulituta jarraitu gendun, zergaitiak ulertu ezinik.

Eta holako baten, lagun bategaz berbetan, argi handia biztu jatan buru barruan, berba majiko bategaz: hauteskundeak. Horrek jazotakoari ez badeutso esplikazinorik emoten, seguru nago pasautakoaren zati bat espliketan dauala. Interes asko dagoz jokuan, bakea lortzeagaz zerikusirik ez daukiezanak. Batzuek ez dabe gura euren protagonismoa galdu. Beste batzuek ahalik eta emoitzik onenak lortu gura dabez. Besteek bidea zarratu gura dautsee orain nagusitasun politikoa daukienei. Eta guk, inozook, bakea gogoan!

Jakin badakit ez nazala inor ezer inori eskatzeko, baina eragile publikoei erantzukizuna eskatu gura dautset. Kontu lar serioak dagoz jokuan eta ez dago lelokerietarako lekurik. Ilusino handia imini dogu zabaldu barri dan prozesu honetan eta ez neuke gura orain urte batzuk pasau zan modura gure itxaropenak bertan behera geratzea.

Iñaki Atxutegi

Normalizazino prozesuak ez dira inoz errazak izaten. Burua altzetan badogu konturatuko gara munduan di-da konpontzen diran gatazkak oso gitxi izaten dirala. Gehienetan, gorabeheratsuak eta malkartsuak izaten dira. Sarri askotan, konponbide bako bideak hartu eta gero atzera joan eta akatsak zuzendu behar izaten dira, gehienetan, bake prozesuak ondo amaitu ahal izateko ahalegin bat baino gehiago behar izaten da eta.

Gure herria apur bat baino ez da ezagutu behar bakea lortzeko gogo biziz gagozala jakiteko. Gehienok gura geunke bakea, gaur ala bihar, baina zoritxarrez ez da posible izango. Argi izpirik txikiena ikusita itxaropenak itsutu egiten gaitu. Hain da handia gure guraria... Horregaitik, zailtasunik txikiena ikusten dogunean, behar baino arinago gogaitzen gara. Baten batek esango leuke sendotasuna eta heldutasuna falta jakuzana, baina euskal gizarteak daukan bake gurariak justifiketan dauala uste dot.