Euskerea berbagai  III. urtea // 85. zenbakia

Ikasleen euskerearen jakite-mailea egiaztatzeko azterketeaz


Hizkuntzei jagokenez, helburuak zehaztu behar dira lehenengo eta gero, helburu horreetara heldu ahal izateko moduko erabagiak dira –antolamenduari buruzkoak, prestakuntza mailakoak, argitara emon beharreko materialen ganekoak...– hartu eta martxan jarri behar diranak. Gehiago esatearren, euskerazko irakaskuntzea bultzatu gura dogunean, holako edo bestelako jakintza-arloetan aurrera egitea posible ete da euskeraz gitxieneko gauzak egiten ez dakiguzala kontuan hartuta? Hau da, ba ete dago euskerea eta beraren bitartez jorratzen doguzanak bereizteko modurik? Eta, azterketa horren kontuak euskerearen eta euskerazko irakaskuntzearen alde jokatuko ete dau? Izan be, euskereari jagokonez lortu behar dan gitxieneko maileak atzerriko hizkuntza baten parekoa izan behar badau –berbarako ingelesarena–, euskerearen indarbarritze ahalegina non geratzen da?

Aitatutakoaz ganera, euskereari jagokonez, hezkuntza eragileakaz adosteko edo erispideak konparetako ezelako pausurik emon ez danean azterketea egin gura bada, gaztelaniari jagokonez holakorik egitea ez da aurreikusten –gaztelaniaz nahikoa gaitasun daukiela uste da antza danez–. Egin-eginean be, leitekeana da holako erabagi batek euskerearen alde ez jokatzea, baina azterketearen kontu horrena, neure eretxiz, arrakalak tapau barik euki eta lotu barik ura sartzen ari jakon txalupa batetik baso bategaz ura ataraten ahalegintzea legez da, alperrekoa.

Helburuak garbi daukaguzala, hezkuntza sistemeak helburu horreetara ailegetako zailtasuna non daukan aztertu beharko geunke lehenengo. Arrazoien artean, besteak beste, honeek dagoz:

- Eredu batzuetan euskereari eskaintzen jakon denpora eskasa.
- Gela barruan erabilten diran eta hizkuntzearen erabilerearen alde jokatzen ez daben metodologiak.
- Ebaluazino erispideak.
- Eskolak talde legez ez jokatzea –irakasle batek hizkuntzea erabili dagian egiten dauan ahalegina beste batek gramatikeari pisu gehitxuago emoteagaitik zapuztuz–.
- Hizkuntzen eskuratzeari jagokonez irakasleen preparazino ez-nahikoa.
- Geletatik kanpo euskerearen erabilerea areagotzeko eta indartzeko dagozan aukera urriak.

Honeek dira, beste askoren artean, arrakalen zergaitiak. Holan ba, euskerearen erabilereari erantzun egokia emoteko alde askotako erabagiak eta egitasmoak zehaztu behar dira.

Azterketea ezarri beharrean –bidezidorrik laburrena eta eragingarritasunik izango ez dauana–, beste bide bat jorratu beharko litzateke. A, B eta D ereduen kontuak bere onenak emon dituala onartu eta euskerea ardatz dauan eleaniztasun egitasmoa eregitea litzateke une honetako erronka nagusia. Ikuspegi honen arabera, euskerea, gaztelania, ingelesa eta frantsesa hagatzat daukazan hizkuntzen eskuratzea ahalbidetuko leukeen sistema eregi beharko geunke. Era berean, eregi beharko litzateken sistema horretan euskerearen erabilerea gelaz kanpo handitu gura badogu, behar-beharrezko dogu ahalik aukerarik gehien sortzea eta eragileen artean lankidetza-egitasmoak zehaztea eta konpartidutea.

Hizkuntzen kasuan, titular baten bila ezin dogu jauzi egin, arrapaladan hasi eta erabagiak bakarka hartu; holako erabagiak osotasun batean hartu behar doguz, eta hizkuntzen eskuratze prozesuak, euskerearenak batez be, eskertu egingo deusku.

Erramun Osa

Behin eta barriro, laurogeiko hamarkadan indarrean jarritako A, B eta D ereduen kontua hezkuntza-politikearen eztabaidearen erdian dago. Testuinguru horretan, A eredua bazterrean laga eta, horren ordez, D eredua indartzeko eskaria edo eredu horreri eusteko eta moldatzeko ahaleginak dira dagozan jarrerak. Orain arteko eztabaida horreri, ganera, euskerazko irakaskuntzan ganoraz aztertu bako hutsuneak kontuan hartuta, euskereari jagokonez, curriculumean sartu beharrekoak zehazteko eta prozesuaren emoitzea titulu bategaz saritzeko asmoz, ikasleei azterketa bat egiteko erabagia gehitu beharko geunkio.

Ikasleek euskeraz gauza sinpleagoak edo konplexuagoak egiteko lortutako gaitasunen esplikazinoa hizkuntzeagaz euki dabezan hartu-emonetatik –ordu kopurua– harago doa, izan be, maila berean ikasten aritu arren, asko dira hizkuntzearen jakite-maila desbardinak eragiten dabezan arrazoiak. Berbarako, familia giroan nagusi dan hizkuntzea, gelatik kanpo hizkuntza horretan berba egiteko dagozan benetako aukerak, ingurune soziolinguistikoa, hizkuntzen arteko interferentzia, gela barruan hizkuntzak eskuratzeko erabilitako estrategiak, gizartean nagusi diran jarrerak... Halan da ze, maila apalagoa edo jasoagoa izateko era guztietako arrazoiak dagozanean, horreek kontuan hartu barik, azterketea egitea eta horregaz curriculumean proposamenak egin gura izateak ez dau emoten oso zentzuzkoa danik.