‘Hamaika koloretan dantzan’: umeentzako antzerki musikala
Datozen emonaldiak:
- Zemendiaren 20an, Goizuetan 18:30etan.
- Zemendiaren 24an, Atarrabian 17:30etan.
- Zemendiaren 27an, Hendaian 15:00etan.
- Zemendiaren 28an, Ikaztegietan 17:30.
- Zemendiaren 29an, Sestaon 10:00etan eta 11:30etan.
Bizkaie!
Azken aldion Ane Monna, Oskola eta Karramarroi maskotak herririk herri dabiz, arrakasta handiz "Hamaika koloretan dantzan" ikuskizuna antzezten. Haur etorkinei eta inmigrazinoari buruzko antzerki musikala da. Ikuskizuneko abestiak biltzen dituan CDa kaleratu ostean, orain, antzezlan osoa biltzen dauan DVDa kaleratu dau Zenbat Gara elkarteak.
Argumentua
Karramarroi maskotea harrituta dago bere eskolan ume txinatar bat dagoalako. Oskolak, ostera, normaltzat hartzen dau, bere lagunik onena ume baltz bat dalako. Ane Monna liluratuta bueltau da Saharatik, bertako kulturea eta abestiak ezagutu ditualako. Baina Ozpintzar personaia gaiztoa da eta ez ditu etorkinak onartzen. Abestien eta dantzen bidez alkar ezagutzeko eta errespetetako ahaleginak egin ondoren, gizarte bereko partaideak dirala konturatuko dira, alkarren arteko adiskidetasuna bultzatuz.
Musikea
Antzezlan hau musikal bat da, eta nahiz eta personaien arteko alkarrizketak egon, zabaldu gura dan mezu orokorra abestien bidez egiten da. Horretarako, 15 abesti aurkezten dira, batzuen musikea barria dan bitartean beste batzuena herrikoia da, baina kasu guztietan, berbak asmautakoak dira. Antzezlanaren edukina inmigrazinoa danez, hainbat herritako soinuak agiri dira, besteak beste, Nikaraguako Palo de Mayo, edota Errusiako Kalinka. Estilo desbardinak buztarturik dagoz musikaldi heterogeneoa lortuz, izan be, musikearen bidez gizartean daukagun heterogeneotasuna ezagutarazotea da helburua; hau da, antzezlanean gizarte estilo edo errealidade bat dago: zabala, kolorez betea, arraza desbardinakaz... Eta hori da hain zuzen, musikearen kasuan pasetan dana, tango bat porrusalda bat edo sanba bat agertu daitekez.
Partaideak
Iatse Aldekoa: Ane Monna, Ngomo eta Xiaoping. Eider Arantzamendi: karramarroi eta Aisha. Rita Naveira: Oskola, Ozpintzar eta Natatxa. Dantzalamiak (jantzan eta kantuan dabilen ume taldea).
Helburu pedagogikoa
Azken urteotan milaka etorkin hurreratu dira Euskal Herrira: Errusiatik, Txinatik, Ameriketatik, Afrikatik eta beste hainbat lekutatik. Orain gitxi, gure herri eta urietako kaleetan azal horia edo baltzeko persona bat ikustea nahiko harrigarria bazan be, gaur egun, nahikoa normala da. Euskadunok beste herrietako biztanleen bisitak normal hartzen izan doguz (erromatarrak, arabiarrak...). Oro har, eurek gure ohiturak eta gure nortasuna onartu dabezan bitartean, gu oso ondo konpondu gara eta oso jarrera zabala izan dogu danakaz.
Kanpotik heldu diran umeak bertoko umeakaz batera ibilten dira, alkarregaz olgetan dabe eta hizkuntza berean ikasi. Horregaitik, antzezlan musikal honen bitartez, arrazakeriaren kontrako eta integrazinoaren aldeko mezua zabaltzea da asmoa.
Ikastetxeetarako fitxa didaktikoa be badago. Helburua: antzezlanean agertzen diran balore eta edukinak azpimarratzea eta sakontzea zenbait ekintza, abesti, marrazki, eztabaida, bertso eta beste jarduera batzuen bidez.
- Ikuskizunari buruzko informazio gehiago:
http://www.zenbatgara.org/eus/umegunea/ikuskizuna.htm
- Diskoari eta abestiei buruzko informazino gehiago:
http://www.zenbatgara.org/eus/umegunea/diskoa1.htm