Galder Perez: 'Cocidito madrileño antzezlana geure buruari barre egiteko modua da'
Jenteak aspalditik ezagutzen dau “Cocidito madrileño”. Eurei ala jente barriari zuzendutako lana da?
Batetik, "Cocidito madrileño” saioak jarraitzaileak ditu, eta eurei zuzenduta dago. Bestetik, antzerkia gustetan jakenentzat be egokia dala uste dot. Eta azken aldian umore politikoa modan dago. Ikusle mota askorentzat da, ikusleen esparru zabala hartuko dogula uste dot.
Irratiak edo liburuak eskaintzen ez daben zer eskaintzen dau lan honek?
Batez be irratietako tertuliakideei guk emoten deutsegun erantzuna. Eurek esaten dabezan astakeriak antzeztu egingo doguz, umorea ipiniz eta geure buruari barre eginaz.
Nortzuk osotzen dozue lan taldea?
Lehen esan dodanez, Eloy Beatok eta biok gidoia idatzi genduan. Eloy, gainera, zuzendaria be bada. Aktoreak Ramon Castro, Gurutze Beitia, Gorka Aginagalde, Josean De Miguel eta ni gara. Ramon Castro kenduta, beste laurok hogei pertsonaia inguru egiten doguz, hortxe-hortxe. Guztira, 70 pertsonaia dira. Aktoreentzat itzelezko erronkea da: pertsonaia asko diranez, arineketan ibili behar gara atzera eta aurrera erropaz aldatzeko eta, batez be, txipa aldatzeko. Ikusleak ikusiko ez dauana saltsa itzela da, beste antzerki bat ia-ia.
Etxura guztien arabera, arrakasta handiko antzezlana izango da. Bertigorik igarten dozu?
Bai, bildur handia emoten deust. Hau dana handiegi geratzen jatala uste dot. Eta bildurra emoten deust, ez kritika aldetik bakarrik, ze kritikak helduko jakuz, ezpada obra hau jentearen ahotan dagoalako daborduko. Erantzukizuna be bada, eta, gainera, aktore moduan, lan ikaragarria da. Ni gaztetxeetatik eta antzoki txikietatik nator, eta kolpean Leidorrera edo Arriagara pasetea...
Zelan joan dira obrea preparetako lanak?
Ondo. Irailean hasi ginan entsaietan, eta beste edozein obratan baino denpora gehiago behar izan dogu: normalean hilabete bi behar izaten dira, eta guk lau daroaguz, entsaioakaz bakarrik. Obra hau sano konplikadua da. Egunero sei ordu sartzen gabilz, astelehenetik barikura. Obra gogorra da, eta entsaioak ez eze, entrenamentu fisikoa be behar dogu, eta asko argaldu gara danok. Josean De Miguelek, berbarako, irailean ondo eukazan prakak handi-handi daukaz orain.
Errealidadearen gainean egiten dozue berba, baina, bien bitartean, errealidadea aurrera doa...
Gidoia udan amaitu gendun, baina udatik hona gauza asko pasau dira, berbarako sukaldarien kontua. Azkenean, sukaldariena sartu egin dogu. Aktualidadeagaz adi gabilz: pasetan danaren arabera, gidoia aldatzeko aukerea dago. Azken baten, obra aktuala da, eta zabalik egongo gara korte eta albiste barrietara. Obrearen amaieran, berbarako, badago atal bat nahiko aldatu daitekeena emonaldi batetik bestera.
Antzerki munduan bidea egiten zabilz: aktore, gidoilari, zuzendari...
Gilkitxarogaz sartu nintzan antzerkian, orain dala 11 edo 12 urte. Gilkitxarogaz bost obra egin ditut aktore eta gidoilari legez, eta seigarrenean gidoilari eta zuzendaria izango naz. Oin Burbujas taldea zuzentzen nabil, nik idatzitako “El jardín de las Cariátidas” lanagaz. Gaztelaniaz idatzi dodan lehenengo lana izan da, guztiz sinbolista, askatasunaren ingurukoa. Gidoilari legez obra gehiago idatzi ditut, baina asko taularatu barik geratu dira. Tristea da. Beste alde batetik, film luze baten aktore ibili naz, eta espero dot hurrengo urteko uda osterako ikusgai egotea.
Literaturan be hasi zara apurka-apurka agertzen...
Poesia idazten hasi nintzan “Krotos” antzezlanagaz: obra poetikoa da, eta, bertarako hiru edo lau poema idatzi ostean, gustua hartu neutsan, eta geroztik poemak idazten nabil.
Irratiko esataria zara, antzerkian zabilz, literaturan be sartzen... Etorkizunean zer hartuko dozu?
Danak! (barreak) Pentsetan dot danak batera egiteko modukoak dirala, eta alkarren osogarri dira gainera. Danak dira komunikazinoa eta sormena, oso forma desbardinean, hori bai. Niri horixe gustetan jat: sortzea eta komuniketea.
Julen Gabiria
Irratian lehenengo, liburuan gero. Orain, barriz, antzerkira eroan dabe "Cocidito Madrileño" arrakastatsua. Erabilitako korteak gaztelaniaz ziranez, obrea be gaztelaniaz izango da, indarrari eta sinisgarritasunari eusteko. Abenduaren 10ean Tolosan izango da estreinaldia, eta gero Bilboko Arriagara etorriko dira. Duda barik, aurten Euskal Herrian egongo dan estreinaldirik sonatuena izango da, eta Bizkaie! obra horretako kideetako bategaz egon da berbetan: Galder Perez aktore eta gidoilariagaz, hain zuzen be.
Erantzun ederra euki dauan “Cocidito madrileño” irratsaio eta liburuaren ondoren, antzerkira eroatea erabagi dozue orain.
Glu-glu ekoiztetxeko produktorearen ideia izan zan. Eloy Beatori eta bioi proposatu euskun antzerkirako moldaketak egiteko, eta hasikerea gatxa izan zan: zelan eroan irratiko eta liburuko formatu horreek antzerkira? Gauza bat baino ez geunkan argi: komedia izan behar zala.
Eta zelakoa izan da moldapen lan hori?
“Cocidito madrileño” saioko korte gehienak pasau euskuezan, 3.000 korte inguru. Danak entzun genduzan, eta horrenbeste esaldigaz, azkenean esaldi solte horreek alkarrizketa legez lotzea erabagi genduan. Gero, antzezlanean, alkarrizketa horreei erantzuna emoten deutsegu.
Sketch legez planteau dozue lana?
Bai, guztira 50 eszena inguru dira. Antzezlana herriz herri doan irratsaio bat izango da, eta saio horretako ataletako bat “Cocidito madrileño” bera izango da. Bertan, gai desbardinak jorratuko dira, beti be guk gaika antolatutako korteen arabera: politikea, euskerea, ikastolak, eleizea, homosexualidadea, arrazakeria... Orduan, eszena bakotxeko gaiaren gaineko korte horreek sartu ostean, eszenatokiaren beste aldean erantzuna emoten deutsagu alkarrizketa horri.