Musikea  III. urtea // 85. zenbakia

Dj Axular: ‘Euskal labeldun techno progresiboa jorratu dot ‘Anitza’ diskoan’


‘Anitza’ diskoaren aurkezpen kontzertuak:

- Getxon, Areetako Geltokiko plazako karpan, zemendiaren 26an. Gaztejainahaste. AFRIKA + SELEKTA + DJ AXULAR + Graffiti erakustaldia. Kontzertua (20:00etan) eta Erakustaldia (17:00etatik 20:00etara).
- Mutrikuko Beheko Plazan, abenduaren 4an.
- Txitxarron, abenduaren 25ean, arratsaldez.
- Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, urtarrilaren 5ean.

Bizkaie!

Dj Axular (Axular Arizmendi) Txitxarroko Dj ezagunaren bigarren diskoa da ‘Anitza’ eta izenburuak dakarrenez, askotarikoak dira diskoan landutako erritmoak. Danetara, zortzi abesti sartu ditu eta estilo desbardinetakoak: techno tribala, techno etnikoa, techno latinoa, trance eta, jakina, techno progresiboa Axularrek gehien maite dauana.

Techno progresiboa gustetan ez jakenek be gustora entzungo daben diskoa da, izan be, diskoan % 70 makinakaz egindakoa izan arren, ganerakoan, ekarpen bereziak igarriko ditu entzuleak: ahotsak, txapalartea (egurrezkoa barik marmolezkoa, soinu berezia lortzeko), Australiako didjeridoo musika tresnea...

Dj Axularrek techno estilo danak bikain buztartzen ditu perkusino zaparrada neurtuagaz, zuzenekoei aparteko indarra emoteko eta, egia esan behar bada, gogoangarriak izaten dira. Konposizinoa, grabazinoa, produkzinoa eta konponketak Dj Axularrek egin ditu Mutrikun daukan Ame Estudioan 2004ko maiatzean, bagilean, abuztuan eta irailean. Mastering-aren ardurea Jean Dob-ena izan da, Reverse Mastering (BCN). Kolaborazinoen artean, Kubako Betsi eta Dioni ‘Zeus’, Garoa Arizmendi, Markel Arizmendi, Mikel Laboa, Mutrikuko Umeen Abesbatza, txapalartariak... izan ditu.

Diskoaren azalari jagokonez, ‘Anitza’ diskoan Chillidaren ‘Gernika’ eskulturearen zati bat agiri da eta lehenengo diskoan, barriz, Oteizari egiten eutson keinu Dj Axularrek.