Bidaide  III. urtea // 85. zenbakia

Maceió: Brasil trankila


1.- Hiru bider bisitau dozu Brasil, eta horreetatik bitan Maceió eta Recifera joatea erabagi dozu, herrialdeko leku ezagunak, uriburu handiak eta Amazonasa albo batera itxita. Zergaitik hori?

Ez da leku horreek interesetan ez jatazalako, ezta pentsau be. Gehiago esatearren, oraintsu etorri naz Rio de Janeirotik. Baina nire helburua leku trankila topetea da, idazteko kontzentrazinoa lortu ahal izateko. Lagun batek Maceió eta inguruak ezagutzen ebazan, eta beragaz joan nintzan. Gustau egin jatan, eta handik gitxira, barriro be joatea erabagi neban.

2.- Sanbea, jaiak, neskak... Brasilek ez dau emoten, guk daukaguzan topikoen arabera behintzat, lasaitasuna eta kontzentrazinoa topetako leku aproposena...

Brasil, bera bakarrik, kontinente bat dala esan geinke. Munduko bosgarren herrialderik handiena da, Latinoamerikako handiena eta baita biztanle gehien dagozanetariko bat be. Gizarte-bariedadea itzela da eta nire ustez, topikoak hori dira, topiko hutsak, amerikar mundu itzelaren atal bat baino erakusten ez dabenak. Bidaia-agentziek saltzen deuskuena. Baina askozaz be gehiago dago Brasilen, leku trankilak, jentetza bakoak: Maceió da lekuotako bat.

3.- Kontrastez betetako herrialdea da Brasil?

Bai. Amazonas inguruan dagozan basoetan kilometro kuadro bakotxeko persona bat dago batezbesteko, eta diskoteka gitxi (barreak); kostaldean, barriz, populazinoaren dentsidadea planetako handienetarikoa da. Horra hor kontrastea.

4.- Zeinetan sartu geinkez Maceió eta Recife?

Erdibidean dagoz. Recifek miloe bat biztanle baino gehiago daukaz, eta Brasilen herri txikia da hori. Baina turismoaren industria jaioten hasi dan lekua be bada, eta kontrakoa uste bada be, oso gitxi ustiatutakoa. Datu bat: pasa dan urtean 5 miloe turistak bisitau eben Brasil, eta Bartzelonara, bertara bakarrik, hiru miloe turista joan ziran. Recifeko biztanleriaren herena favelatan bizi da. Hondartza handiak daukaz, baina seguridade faltea be igarten da. Maceió, barriz, harribitxia lakoa da, eta 600.000 biztanle baino ez daukaz. Edozein ordutan egon zeinke kalean trankil-trankil, herrialdeko beste leku askotan hau ezinezkoa dan bitartean. Hondartzak be zoragarriak dira ganera, oso luzeak, kilometro askotakoak.

5.- Brasileko emakumeek eta hondartzek oihartzun handia daukie, baita musikeak be. Horrenbesteraino ete da?

(Barreak). Musikea ederra da. Brasiletik gehien gustetan jatan gauzetako bat musikea entzuten dabela eta ez Britney Spears da. Asko gustetan jake eta estilo ugari daukiez. Oso onak dira. Emakume brasildarrarena, kubatarrarenaren antzera... guzur hutsa da. Euskal Herriko neskak askozaz be politagoak dira. Hori bai, desbardintasun nabarmen bat dago: neska brasildarren eperdia ez da normala. Garrantzi handia emoten deutse bertan eperdiari, eta asko jagoten dabe...

Jaiei jagokenean be, ikaragarriak dira, kolorez eta musikaz beteta. Halan da be, jai asko turismoari bideratuta dagoz.

6.- Leku karua da?

Ez, inondik inora be. Pisu bat 15 euroan hartu zeinke errentan, nik neuk be egin dot, eta bardin da zenbat persona biziko diran bertan. Egunean 6 eurogaz jan zeinke, 25 euroren trukean taxi bat alokatu egun osorako... Etxebizitzak oso merke dagoz eta azken aldian turisten artean gora egin dabe salmentek. Izan be, bihar-etzi Brasil boom turistikoa izatea espero dan legez, negozio borobila da etxebizitza bat erostea. Italiar askok erosten dabez, eta eurekaz batera Siziliako mafiak be heldu dira, arazo ugari sortarazoz. Hondartzan zagozala mafioso ugari ikusi zeinke, beti be euren bizkartzainakaz.

7.- Hain ona da inbersinoa?

Bueno, nik ez dakit zein punturaino dan hori espekulazinoa, baina hondartzearen aurreko etxeek, garajeagaz, 30.000 euro balio dabe, eta urtean % 11 hasten da euren balioa. Dirua zuritzeko leku aproposa da, eta mafiek badakie hori.

8.- Eta zer dauka Maceió-k hain erakargarria izateko?

Paradisua da hondartzak maite dabezanentzat, baita urpekaritzea gustetan jakenentzat be, merke ganera. Azpiegiturak Europakoen antzekoak dira, autobusak txukun dagoz eta batetik bestera ibiltea erraza da. Klase bi dagoz: brasildarrenak eta turistenak. Lehenengoak orain hamabost urte hemen geunkazalakoak dira; turistikoak, barriz, karuagoak dira, eta gaur egun berton daukaguzanen antzekoak. Ganera, barruko hegaldiak be prezio onean dagoz, eta herrialdean bertan mobiduteko modu ederra Maceió-gaz kantsetan zaranean.

9.- Hori ez da holan izango nekazal-guneetan...

Ez. Brasilen, bost kilometrotatik bat dago asfaltauta, gehiena kostaldean, eta nekazal-bideetatik joatea... Baina Maceió-ra joaten dan jenteak tripaz gora gura dau egon, ezer egin barik, trankil. Hondartzan, uretako kirolak egiten eta arrezife natural zoragarriari begira. Kultura arloa nahiko ahul egon arren, jatekoa oso ona da: okela oso gozoak daukiez, argentinarrak baino gozoagoak askotan. Galeperra, aharia, arrozak, entsaladak... Arrainak ez dira oso onak, bertan ugari egon arren. Akaso euskaldunak kritikoegiak gara, baina nire ustez hobe arraina albo batera ixtea...

10.- Ingurua oso arin aldatuko da?

Bai. Nazinoarteko aireportua amaitzen dabenean, Maceió leku turistiko bihurtu leiteke. Halan da be, uste dot hoba dala orain joatea. Oporretan joateko leku zoragarria da, eta arriskuetan sartzea gustetan jakenentzat, baita negozioak egiteko be. Ganera, brasildarra persona jatorra eta zintzoa da, eta alaia. Momentuz behintzat, Maceió leku segurua da. Zer gehiago eskatu geinke?

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Iñaki Mendizabal Elordi

Iñaki Mendizabaleri (kazetaria eta Eleako editorea) Latinoamerika gustetan jako. Atal honetan bertan ikusi gendun Cubak zenbat erakarten eutson, eta oraingoan, barriz, gure herrialdean oso ezaguna ez izan arren, gero eta turista gehiago joaten diran Brasileko leku bat ezagutuko dogu: Maceió. Brasileko kostaldean dago, Rio de Janeirotik iparralderantz mila kilometro baino gehiagora. Bertan, eguzkiaren eta hondartzearen turismoa da nagusi, baina gero eta atzerritar gehiagok erosten dabez etxebizitzak, geratzen jakezan azkenengo urteak sanbearen herrialdean trankil bizitzeko. Oraindino eregiten dabizan nazinoarteko aireportuak, ganera, iraultzea ekarriko dau lekura, baliabide turistiko itzelak daukazan lekura hatan be.