Euskaldunok munduan  III. urtea // 85. zenbakia

Morro de Sao Paulo eta bueltako bidea


Euskal Herria zerutik ikusi dot: iluna, urdina, euria, kotxeak eta etxeak. Non geratu ete da Brasileko eguzki beroa? Aireportuan ahiztea eta lehengusinea daukadaz itxaroten. Pozgarria da familia barriro ikustea, mosuak emotea, entzutea, alboan sentidutea. Tabernan ama dago: pozik eta eder, betiko moduan. Ez da ia ezer aldatu.

Iratxe Ormatza

Salvador de Bahiaren aurrean dagoen isla bat da Morro de Sao Paulo. Aterpetxeko hainbat joan gara alkarregaz: Ingalaterrako neska bi, mutil bat eta bikote bat, Hamsa (Brasilekoa) eta Kroaziako mutil bi... Hamsa eta biok alkarregaz joan gara. Barkuak urten baino hamabost minutu lehenago jakin dogu agentziak ez dauala bialdu taxia portura joateko. Arin-arin, motxilea lepoan hartu eta, inoz baino pisu handiagoa dauka! Erregaluak erosten hasi nazalako izango da hori. Ganera, aurreko gaueko parrandako ajea eguzkia baino txarragoa da! Arrapaladan joan gara, igogailua hartu, bajau, barriro be arineketan eta portura ailegau gara. Azkenengoak gara!

Barkuan zorabioa zer dan gorputzean ondo sentidu eta gero, ugartera heldu gara.

Bideak asfaltau barik dagoz, eta motordun ibilgailu bakarra dago, sastarrak batzekoa. ‘Taxi-gidariak’ portura jatortzuz, karretila bategaz. Lekua nahiko liluragarria da: ur urdina, palmondoak, landarak, etxe txikiak eta koloretsuak, txalupatxu bat arrantzan... Zeruan, hodei zuriak eta eguzki goxoa. Bertokoakaz eta lagunakaz berba egin, irakurri, idatzi eta norberaren buruagaz egon.

Ugartean hainbat hareatza dagoz, eta laugarreneraino joan naz. Leku ederra. Andra bat pasau da umeagaz, eta edateko kokoa erosi deutsat. Gero frutea euki dauan bateri aguakatea (limoia eta gatza bota deutso) eta piñea erosi deutsadaz. Bakarrik egoteko behar handia euki dot, nasai egoteko beharra. Izan be, laster Euskal Herrira joan beharko naz, eta gorputzak gogoetea eskatzen deust. Rio de Janeiron bueltarako billetea erosi neban, baina Espainiaraino bakarrik. Morro de Sao Paulon Espainiatik Euskal Herrirakoa erosi dot. Eta poza ez da sentiduten dodana hemendik joan behar nazalako. Bidaiako bizimodura ohitu naz: jentea ezagutu, leku barriak ikusi, batetik bestera ibili iparorratz barik eta bihar-etzi zehatz-mehatz zer egingo dodan jakin barik, jenteari gauza barriak entzun, beste bizimoduak ikusi eta hur sentidu...

Hainbat egun pasau eta gero Salvadorrera txalupa azkarrean joan naz. Hogei bat izan gara, danak brasildarrak, lau izan ezik: Israeleko bikote bat, neska bat eta neu. Bueltako bidaia hasi da niretzat, Morro de Sao Paulo itxi, gero Salvador itxi beharko dot eta horregaz batera Brasil, Hegoamerika eta egiten nabilen biaje zoragarria. Urten dogunean, zerua urdin egon da, gero eta hodei gehiago dagoz, ilunak ganera, eta itsasoak be zeruaren kolorea hartu dau, eta bera be gero eta ilunago dago. Olatuak gero eta handiagoak dira, eta batzuetan ez dogu ikusten zerumugea. Ikaragarria da. Holako baten pentsau dot ez garala helduko! Euria, olatuak, zeru ilun-iluna… Ez dakit inoz horrenbeste bildur sentidu dodan. Baina azkenean ailegau gara. Atzerriko neskea eta ni azkenak izan gara, eta berbetan hasi gara. Bera orain dala hiru aste ailegau da Brasilera, hiru lau hilabeterako.

Azken egunak igaro eta gero, Hamsa Brasilekoa, Fanny Hungariakoa, Mirentxu Ipar Euskal Herrikoa eta aterpetxekoak atzean itxi behar izan dodaz, eta agur esan. Taxian, harrizko kaleak, etxe zaharrak, etxe barriztuak, asfaltautako kaleak, etxe barriak, autopistea, kotxe gitxi, iragarkiak...

Maletak fakturau. Ezagutu dodan jentea buruan pilatzen jat… Abioian sartu, afaldu eta lo. Izartu, armozau, eta Lisboan nago. Pasaportearena pasau eta gero, polizia bat hurreratu jat eta beragaz gela batean sartu naz. Eskuko motxilea edegi behar izan dot. Non egon nazan, zer egin dodan, zenbat diru daukadan… Hamar minutu, eta joaten itxi nau. Europan nago eta zelako aldea dagoan handik hona! Ez da sinisteko be! Jentea zuriagoa da, serioagoa, frustrazino gehiago daroez aurpegietan, begietan eta ezpanetan. Zoriontasuna pelikuletan ikusten daben zeozer da: ‘egin behar dot’ asko daukie, eta ‘gura dodana’ gitxi egiten dabe. Hotz egiten ei dau: zapatak, kaltzetinak, praka luzeak, galtzerdiak, alkondarak, jerseak eta jakak. Neuk oraindino Brasileko berotasuna daukat: txankletak, minigonea eta tirantedun nikia. Lehengo polizia barriro etorri jat. Ez da etorri bakarrik. Beragaz batera kamaralari bat eta kamarea, polizia bat eta beste persona bat etorri dira. Eurekaz joan behar nazala esan deuste, motxilan eta boltsan zer dagoan aztertzeko. Erropa arruntez jantzita dagoanak gaztelaniaz daki eta azaldu deust telebistarako programa bat egiten dabilzala, aireportuetan behar egiten dauan eta bertan dabilen jentearen ganean. Motxilea eta boltsea zabaldu behar izan dodaz. Nezeserreko gauzak atara deustiez, xanpua usaindu, aurpegiko kremea usaindu… Dana amaitu danean, lasaitu egin naz. Bost minutu baino ez dira falta abioian sartzeko.