Barriketan  III. urtea // 85. zenbakia

Xabi Aburruzaga: 'denporeagaz batera joatea da giltza, tradizinoa galdu barik'

Zemendiaren 26an Bilbon eta 27an, Donostian egingo dan Nazinoarteko Trikitixa Jaialdiaren atxakiagaz, Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarra konbidau dogu gaiaren harian gauza asko argituko deuskuzalakoan.

Sei urtegaz hasi zan Xabi solfeo ikasten Portugaleteko konserbatorioan eta urtebete geroago musika tresnea aukeratu behar izan ebanean, duda barik, akordeoia aukeratu eban. Hamabi urtera arte jarraitu eban musika tresna horregaz eta Bizkaian makinatxu bat sari irabazi ebazan. Geroago, Aburruzaga familiaren lagun bati esker (Rufino Arrola) akordeoi diatonikoagaz hasi zan. Arrolak berak erosi eutson lehen trikitixea Xabiri (gaur egun 25 daukaz). Gaur egun, Xabi Aburruzagak berak sortutako 'Trikileku' eskolea martxan dago eta bien bitartean, lehen diskoa preparetan dabil trikitilari gaztea.

Beste alde batetik, Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarraren ardurea izan zan aurtengo maiatzaren 30ean Leioan ospatutako Ibilaldiarako kantu ofiziala egitea. "Alkarregaz heldu" abestian hainbat estilo buztartu ebazan, baina berak hain berezko dauan folka nabarmentzen da.

1.- Trikitixea internazionala dala erakusteko balioko dau Nazinoarteko Trikitixa Jaialdiak baina zeintzuk dira jaialdiaren ganerako helburuak?

Aitatu dozun helburu horrezaz gan, soinua joteko era desbardinak ezagutarazotea eta kanpoko kulturei ate bat edegitea dira asmo nagusiak, beti be, geure kulturea ahaztu barik.

2.- Zuk zeuk zelako errepertorioa eskainiko dozu?

Misterio handirik barik, tradizinotik abiatuko naz (Bizkaiko Trikitixearen inguruan) eta gero neuk sortutako pieza bi eskainiko ditut.

3.- Zelako aldeak dagoz hemengo eta kanpoko trikitixearen artean?

Instrumentuaren aldetik, antzekoak izan arren, gero praktikan guztiz desbardinak dira, tonalidadeak be ez dira bardinak, lerro batekoak, bikoak, hirukoak...; komunean dogun gauza bakarra pentsetan dot trikitixak bisonoroak dirala izango litzateke, hau da, zabaltzerakoan eta zarratzerakoan botoi berberak bi nota desbardin ataraten dituala.

Musikearen aldetik, herriaren araberakoak dira aldeak edo diferentziak; bertokoa, adibidez, goi mailakoa da eta oso teknikoa; italiarra, barriz, oso sentikorra da eta Quebecekoa irlandar kultureagaz lotura aberasgarria daukana. Astegoieneko jaialdiaren harian, Kantabriatik panderojoleak be etorriko dira eta koplak abestuko dabez, urte askotan hemen egin dogun legez.

4.- Oro har, musika tresneari, akordeoi diatonikoari deitzen jako trikitixea baina berba horren esangurea zabalagoa da, ezta?

Bai, hor teoria desbardin batzuk dagoz. Trikitixa soinu diatonikoak eta panderoak osotzen daben bikoteari deitzen jako. Soinulari zaharrek esaten dabenez, panderoak ataraten dauan zarateari triki-triki deitzen eutsen eta azkenean triki-triki trikitixa izenagaz geratu da. Trikitixa termino generikoa oso gauza diferenteak adierazoteko erabilten da. Batzuentzat dantza mueta bat da, beste batzuentzat musika estilo bat baina gaur egun eta orokorrean tresneari, akordeoi diatonikoari deitzen jako trikitixea. Bizkaian orain 20 urtetik honako terminoa da trikitixea.

5.- Trikitixea Europa guztira zabaldu zan XIX. mendearen amaieran. Euskal Herrian noiz sartu zan musika tresna berezi hau?

Zehatz ezin da jakin, hor be teoria bat baino gehiago dagoz, Italiatik trenbidea egiten ebilzan beharginek ekarritakoa dala, edo itsasontziz ekarritakoa eta bestelako batzuk; nire ustez teoria guztietan dago egia apurren bat. Akordeoi diatonikoari buruzko lehen datu idatzia 1889. urtekoa da. Bertan Juan Carlos Guerrak Urkiolako erromerian kokatzen dau. Dana dala, garbi dago Europa osora zabaldu zala XIX.mendearen amaieran, itsasontziz, trenez eta modu guztietan.

6.- Trikitixeak indar berezia hartu dau azken urteotan. Eskola mordo bat, milaka jotzaile, estilo desbardinak, profesionalak, diskoak, nazinoarteko zabalkundea. Baina etorkizunean zer?

Ezin da jakin, egia da trikitixearen boom handia izan zala orain urte batzuk eta orain normalizazino prozesuan sartzen ari garala. Erromerietara be jente asko joaten zan lehen eta orain, barriz, gero eta gitxiago. Edozelan be, nire ustez bide barriak jorratu ezkero, trikitixeak bere lekua hartuko dau barriro. Denporeagaz batera joatea da giltza, tradizinoa galdu barik, egokitzen, esperimentetan eta gauza barriak sortu behar dira, izan be, arlo danatan legez, barritzen ego eguneratzen ez dana bere horretan hilten da.

7.- Zuk zeuk trikitixa eskolak emoten dozuz. Azken urteotan afizinoak gora ala behera egin dauala esango zeunke?

Orain urte batzuk baino eskola gehiago emoten doguz orain eta afizinoak be gora egin dauala esango neuke; hori bai, faltan botaten ditut sasoi bateko txapelketak, guretzako erreferente ederra ziran, ze kontuan euki konpetentziari edo lehiari esker kalidadeak be gora egiten dauala.

8.- Gehienetan, gurasoen aukerea izaten da seme-alabak trikitixa eskoletara bialtzea eta urte batzuk eginda, eskolak eta trikitixea baztertzea da jokerea.

Holakoak pasetan dira bai, asko eta asko ez dira ez luzaroan egoten eskolak hartzen eta zeozelan normala be bada ze urteetan gora joan ahala, ume eta gazteen interesak eta afizinoak asko aldatzen dira. Kasu askotan, erraz atzemoten jake umeei, gurasoen gogoa edo kapritxoa baino ez danean seme-alabak trikitixa eskoletara bialtzea.

9.- Azken boladan ohiturak asko aldatu dira eta gaur egun ez dago horrenbeste erromeria eta plazetako jai girorik. Trikitixea biziko ete da?

Bai, zugaz bat nator. Orain urte batzuetako erromeria eta plaza girorik ez dago baina, halan da be, trikitixea ez dala hilko pentsetan dot, ez neuke holakorik gura, musika ondare kulturalaren barruan trikitixea galtzea desgrazia handia izango litzateke. Lehen esan deutsudan legez, trikitixea sasoi barrietara egokitzen asmetan badogu ez dau arazorik eukiko bizirauteko.

10. Saltsa maltsa askotan zabiz: eskolak, grabazinoak...; zertan zabiz orain?

Bai, egia da oso lanpetuta nabilela; pasa dan astean, inprentara eroan dot, Durangoko azokan aurkeztuko dodan partituren liburu bat “Bizkaiko Trikitixa” izenekoa.

Burukomin horregaz amaituta, bete-betean hasiko naz diskoa preparetan eta pentsetan dot datorren apirilean edo grabetan hasiko nazala, horixe da nire asmoa. Horrezaz gan, klaseak emoten jarraituko dot.


Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia 2004

(1)
Non: Donostiako Kursaal-eko Ganbara Aretoan.
Noiz: 2004ko zemendiaren 27an.
Ordua: 20:00etan.

Parte hartzaileak:

 QUEBEC-etik
Sabin Jacques

 KANTABRIATIK
Soltxu eta Miriam

 ITALIATIK
Carlo Rizzo

 EUSKAL HERRITIK
Imanol, Motriku eta Leturia Errota, Felix Illarramendi Berastegi, Juan Ezenarro Ziolar, Joxe Makazaga, Agurtzane Elustondo eta Jexuxen Jazpana.

 OMENDUAK
Axeigorri, Joxe Lasa Epelde, Joxe Mari Soraluze Otola, Bittor Gurrutxaga Ospas, Bitoriano Loiola eta Mario Serrano.

(2)
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: 2004ko zemendiaren 26an.
Ordua: 22:00etan.

Parte hartzaileak:

 QUEBEC-etik
Sabin Jacques

 KANTABRIATIK
Soltxu eta Miriam

 ITALIATIK
Carlo Rizzo

 EUSKAL HERRITIK
Xabi Aburruzaga, Roberto Etxeberria eta Kepa Arrizabala.

Koldo Isusi Zuazo