Argentinako ardaoak
Argentinako mahastiak hiru gune handitan batu geinkez:
- Ipar Andinoa: gune honetan Rioja (8.000 hektarea), Catamarca (3.000 hektarea) eta Salta (1.800 hektarea) sartuko doguz. Saltako lurraldean, Cafayaten hain zuzen be, munduko mahastirik altuenak dagoz. Bertako mahatsondoak ikusgarriak dira, batez be altuereagaitik eta enborrek daukien zabalereagaitik. Torrontes bariedadeagaz egindako ardao zuri zoragarriak egiten dabez bertan.
- Erdialde Andinoa: gune honetan Argentinako mahasti guztien % 90 dago. Argentinako ardao-lurralde handiena eta ospetsuena Mendoza dogu (148.000 hektarea). Beste alde batetik, gune honetan San Juan (48.000 hektarea) lurraldea sartuko geunke. Mendozan, mahastien artean landa eta mendi altuak topau geinkez. Lurralde honetan gauzak asko aldatu dira. Orain hogeita hamar urte, 70. hamarkadan, 300.000 hektarea mahasti baino gehiago egozan. Produktoreek kalidadearen bidea hartu eta mahasti guztiak berregituratu ebezan, baita landatutako mahasti kopurua erdira murriztu be. Mendozako mahastiak erreken inguruan dagoz eta erreka horreek Andeetatik datoz. Baliabide natural hau aprobetxauta ureztatzen dabez mahastiak uda siku eta beroetan.
- Patagonia aldeko Andeak: gune honetako lurralde garrantzitsuena Rio Negro dogu (5.500 hektarea). Lurralde hau da mahastiak landatzeko lurralderik australena. Hemendik hegoaldera ez da mahastirik landatzen, kondizino klimatikoak gogorrak diralako mahastientzat. Bertako klimea oso sikua da, negu hotzakaz eta uda beroakaz.
Mikel Garaizabal,
enologoa
Gaur, eta oraindino ordu aldaketeagaz hamaika komeria pasau ostean, Argentinako ardaoen ganean egingo deutsuet berba. Bertan egun batzuk pasau dodaz, herria ezagutzen eta, zelan ez, bertan egiten diran ardaoak eta dagozan upategiak ezagutzen.
Ardaogintzan, Argentina Ameriketako herririk aurreratuenetako bat dala esan geinke. Bertan 220.000 hektarea mahasti dagoz gitxi gorabehera, mundu guztian dagozanen % 3,5. Ardao produkzinoaren aldetik, munduko 4. produktore handiena da, Frantzia, Italia eta Espainiaren ostean.
Azken urte honeetan, eta herrialde askoren antzera, Argentinako ardaoak asko aldatu dira. Lehen, kalidade bajuko ardaoak egiten ebezan. Gaur egun, gauzak goitik behera aldatu dira eta gaur egun gero eta kalidade handiagoko ardaoak egiten dabez.
Euren ardao-kulturea eta geurea oso desbardina da. Jatetxe batean ardaoa eskatzerakoan (edo dendetan erosterakoan) mahats muetearen arabera eskatzen dabe, eta ez deutse jaramon larregi egiten produkzino ingurualdeari ezta urteari be. Guk, barriz, garrantzia handiagoa emoten deutsagu produkzino lurraldeari, urteari, uzteari edo upategiari. Han mahats bariedadeari emoten deutse garrantzia ardaoa eskatzen dabenean. Mahats bariedade arruntenak, Cabernet Souvignon eta Malvec dira baltzetan eta Torrentes eta Chardonnay zurietan. Beste alde batetik, beste mahats bariedade batzuk be erabilten dabez, berbarako Tannat, Shiray, Merlot, Souvignon Blanc edo Riesling, baina besteak baino gitxiago ikusten dira. Kontuan hartu behar dogu ardaogintzan lurralde honeei ‘mundu barria’ deitzen jakela, eta horregaitik ez dabez bertako bariedadeak erabilten, Europatik eroandakoak baino.