Luna de Avellaneda
'Luna de Avellaneda' auzo bateko klub ospetsu baten ganeko istorioa da; iraganean loraldi baten moduko ibilbidea euki eban, baina gaur egun arriskua dakarren krisialdian murgilduta dago. Antza danez, aukera bakarra kasino bihurtzea da, 1940ko hamarkadan fundau ebenek eukiezan ideia eta helburuetatik guztiz asago. Fundatzaile horreen ondorengoek ames horreek aurrera eroaten jarraitu beharko dabe edo euren burua salbau; horra hor zalantzea eta dilemea.
2001ean Juan José Campanellak harri eta zur itxi ginduzan “El hijo de la novia” film bikaina ikusteko aukerea euki genduanean. Oraingoan be osogaiak nahiko antzekoak dira: pertsonaien izakerea eta nortasunak eratzeko lan ikusgarria, gizartearen deskripzinoan erabilitako ikuspuntu argia eta ikus-entzuleei ezinezkoak ez diran urtenbideak azaltzeko ausardia.
Zuzendariagaz batera, Ricardo Darín be agertuko jaku, itxaropenen eta porrotaren arteko eremu estuan hain ondo konpontzen dana. Haregaz batera, antzezle on-onak. Horri esker, bada, pelikula zintzoa, hunkigarria, umoretsua, tristea eta koloretsua ikusi ahal izango dozue. Eta mesedez ez urten zinematik filma guztiz amaitu baino lehenago, azkenengo eszeneak be merezidu dau eta.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Juan José Campanella.
- Herrialdeak: Argentina eta Espainia.
- Iraupena: 146 minutu.
- Antzezleak: Ricardo Darín (Román), Mercedes Morán (Graciela), Eduardo Blanco (Amadeo), Valeria Bertucelli (Cristina), Silvia Kutika (Verónica), José Luis López Vázquez (Don Aquiles), Daniel Fanego (Alejandro), Atilio Pozzobón (Emilio), Francisco Fernández de Ros (Darío), Alan Sabbagh (Ismael), Micaela Moreno (Dalma), María Victoria Biscay (Macarena).
- Gidoia: Fernando Castets, Juan Pablo Doménech eta Juan José Campanella.
- Argazkia: Daniel Shulman.
- Muntaia: Camilo Antolini.