Umetarik eskuko telefono eta guzti
Mozkorraldi elektronikoa
Eskuko telefonoa umeen bizitzan bete-betean sartu da. Orain dala hogei urteko jaunartzeetan erloju, liburu edo bizikletak erregaletan baziran, gaur egunean ohikoa izaten da hari bako telefono mueta honeek erostea.
Zelularren fenomeno hau modearen araberakoa dala pentsetan da, baina gurasoak ez dagoz bape arduratuta traste horreei sarritan emoten jaken erabilerea larregizkoa izan arren. Komunikazino faltea bultzatuagaitik be, arazo honek ez dau zaratarik ataraten.
Hainbat soziologok esaten dabenari jarraituz, aztertu beharra dago umeek ia zergaitik joten daben eskuko telefonoetara edo Internetera komuniketako oinarrizko bitarteko modura. Askotan, ganera, gurasoek euren hutsunea telefono zelularren bitartez tapau gura izaten dabe. Beste aita-ama batzuek, ostera, eskuko telefonoa kontrolerako elementu modura erabili gura dabe, seme-alabek unean-unean zer egiten diharduen jakin ahal izango dabelakoan.
Menpekoen sortzaileak
Eskuko telefonoen moda hau norbanakoa isolatzeko prozesuaren beste pausutzat be hartu daiteke eta gizarte modernoak umeago bihurtzeko hartu dauan jokaerearen beste adibide bat da. Umeak helduago egin gura doguz eta helduak gazteago.
Ganera, fenomeno honek alderdi klasista bat be badauka. Askotan, neska-mutikoek eskuko telefonoa itxurakeriatan ibilteko erabilten dabe. Estatusa lortzeko pasinoa ikastetxean bertan garatzen dan arazoa da. Aditurik gehienen esanetan, eskuko telefonoa ‘fetitxe’ bat izatetik hur dago, hau da, ingurune eta gizartetik baztertua ez izateko elementua da. Arazoa izaten da komuniketako baino gehiago komukikazino faltea bultzatzeko tresna bihurtzen danean. Izan be, birtualtasunean eta fantasia mundu batean bizitzeko aukerea emoten dau eta horrek hainbat fasetan umea kontsumitzaile amorratua izatera eroan leike, zelan edo halango menpekotasuna sortuz.
Begiluzea
Gaztetxuz jositako taberna bat. Atzamarrak abiada bizian mobiduten dira eskuko telefonoen tekladu ganean. Mezuak, argazkiak eta ikurrak bialtzen dabilz, alkarri sekretu eta emozinoen barri emonaz. Ligetan dihardue. Berba egin gura dabe, berba barik. Pare bat metrora daukien persona bat ezagutu gura dabe, baina zuzeneko eta berbazko hartu-emonetarako aukerea albo batera itxita; era horretan, lotsarik sentidu ez eta gazte dudati modura daukien izakerea babestuko dabe. Ez dabe berbarik egiten. Tekleau egiten dabe. Hauxe da Londresko gazteria zoratzen dauan azkenengo modea. Dan-dana errezagoa da. Fantasia mundu baten murgilduta dagoz eta edozein gauza egiten ausartzen dira zuzeneko hartu-emonik ez dagoalako. Komuniketako modu barria da.
Muturreko egoera honetara ailegau ez bagara be, komunikazino birtuala Euskal Herrian be zuztartu da indarrez. Zortzi urtetik hamahirura bitarteko hiru umeetariko batek eskuko telefonoa daukala kalkuletan da. Baina kopuru horrek gora egiten dau, % 70era helduz, hamahiru urteko umeen kasuan. Kontsumo gizartearen ondorioetariko bat ei da.
Adituen esanetan, zortzi urteko ume bat zelular baten jaube izatea guraso eta irakasleen erantzukizuna da. Gaur egun umeak askatasuna oinarri hartuta eduketan gabilz ardurea bazterrean itxita. Neska-mutikoek makinatxu honeekaz larregi zaletzeko arriskua daukie, personen arteko hartu-emonak laskitzen dauzan komunikazino ezean jausiz.