Lehenengo pausua emonda dago. Noizko bigarrena?
Aro bat amaitu dala esan leiteke. Baina aro honeen amaierea begibistan geratzeko ETA erakundearen momentua heldu da. Batasunaren iragarpenak lekuz kanpo atrapau ditu asko, pentsetan doguna baino gehiago. ETAkoek ontzat hartuko balebe Batasunaren agiria hankaz gora botako leukie politikagintzea Euskadin eta Espainian bake egoerea eskura eukiko geunke. Zain gagoz.
Iñaki Atxutegi
Domeka arrastian Anoetara begira egoan Euskadi osoa. Filtrazinoek esaten euskuen oso garrantzitsua izan behar zala Batasunak kaleratu beharreko agiria. Egia esanda, oraindino buruari bueltak emoten nabil, ezin dodalako ondo neurtu kaleratutako agiriak espero doguzan ondorio onak ekarriko dituan ala ez. Ez da irakurteko erreza, baina ondorio argiak daukazala emoten dau. Politikeak irabazi dau armen aurrean.
Deigarria iruditu jat Espainiako prentseak Anoetako ekitaldiaren aurrean euki dauan jarrerea. Puntu bakarrean etorri dira bat komunikabide gehienak: Batasunak ez deutso eskatu ETAri burruka armatua bertan behera lagateko. A ze erreza dan kantu bera egitea euskal kontuak azaltzeko orduan!
Sarritan pentsau izan dot Estadu espainiarreko prentseak tripak gehiago erabilten dituala burua baino artikuluak eta eretxiak kaleratzeko orduan. Behar baino errezago ahaztuten jake ezin dabela errealidadea eurek gura daben modura antolatu. Are gitxiago euskal errealidadea. Pentsau daigun apur bat: ezker abertzale ofizialak ez dau inoiz ETA erakundea jentaurrean kritikau eta nekez ikusiko dogu ETA kritiketan. Gustau ala ez, (niri ez jat bape gustetan, ETAk kritika asko merezi ditualako azken urte honeetan) horixe da errealidadea.
Baieztapen honeen ondoren beste bat: ezker abertzalearen barruan gero eta gehiago dira burruka armatuaren egunak pasauta ikusten dabezanak. Egia da eztabaidea oso isilpekoa izan dana eta oso gauza gitxi jakin doguzana honen ganean. Baju–baju esaten euskuen txoritxuek armak bertan behera lagateko erabagia hartuta dagoala aspalditik. Ez da kasualidadea hildako barik emon dogun urte pasatxoa.
Asko dira erabagi honeen arrazoiak, eta ez da erreza bakotxaren pisua neurtutea. Orain bost bat urte aldarrikatutako su-etena oso garrantzitsua izan zan. Atentadu bako Euskadi harek paradisua emoten eban. Barriro armak “berbetan” hasi ziranean, ezker abertzaleak zigor galanta jaso eban hauteskundeetan. Horrezaz ganera, ilegalizazinoak eta polizi operazinoek be ahuldu egin dabez bai sare politikoa eta bai sare militarra be. Edozelan be, ez dot uste nik inportanteena danik zergaitia jakitea, jazoerea bera baino.