Bertsotan  III. urtea // 84. zenbakia

Bizkaieraz, baietz ba! (I)


Erabagia hartu eta landu

Bizkaieraz kantetako erabagia berbaz erabilten dauanak hartuko dau, hasteko. Erabilten dauanak be, ez dau berehalakoan erabagi hori hartuko. Arrazoiak asko dira: batuan kantetako ohiturea, egiturak batuan landuta izatea, euskalkian alfabetatua ez izatea... Xabi Paiaren kasua honeen artean dago, baita Gorka Ostolazarena, Ugartetxeatarrena... eta ondo begitantzen jata. Dakiena ondo egin eta kito. Beste askok bizkaieraz kantetako pausua emon dabe, natural emon be, baina askotan lanketa berezirik ez da egin eta hortik datoz egiten diran batua-bizkaiera nahasketa guztiak, natural-natural bihurtzeko arriskua daukienak. Txapelketa honetako adibidea da. Saio osoa bizkaiera nahiko lokalean dabilenari 'gure herrie egongo baita berriz ere apuruan' entzun deutsagu. Xabigaz bat nator, ezin da batuaz eta bizkaieraz kantau aldi berean. Egia da berbaz be nahasketa hori emoten dala gazte askoren artean, erreferentzia askotarikoen eraginez. Erdalgune historikoetan pasetan jaku holakorik.

Zer da ba bizkaieraz kantetea? Xabik berak esan eban aitatu artikuluan. Errimategia aldatu egiten da, laburdurak, deklinabidea be hor dago... Kontuan hartu beharrekoak danak. Errimategiari erreparau daiogun gaur. Kontua ez da ia aberatsagoa ala eskasagoa dan. Errima zerrenda batzuk pisua galduko dabe eta beste batzuk irabazi. Adibide bategaz argituko dogu. Gai berari botatako bertsoa bietara emongo dogu, bertsoaren azken punturako idea bardina abiapuntu hartuta:

Jasser Arafat gerran bizi zen,
gerra esan digu aio,
orain bakea izango dela,
zer bake ta zer arraio!
Zapi zuri-beltz, umezurtz zaude
ta izango da mila saio,
baina ez dakit hauteskundeetan
jakingo duzun nora jo,
besteren batek jantzita ere
handi geratuko zaio.

Bizitza gerran emon ostean
bizia gerran joako,
orain bakea beretzako da,
ez Palestinarentzako.
Zapi zuri-baltz, orain zu triste,
umezurtz zagozalako.
Ez dakit kapaz izango zaren
buru on bat topetako,
besteren batek iminita be
handi geratuko jako.

Batuaz dabilenak 'handi geratuko zaio' pentsau dau azkenerako eta segiduan –aio errima zerrendea imini dau martxan (saio, arraio, -a jo...). Bizkaieraz idea bardinak, 'handi geratuko jako', beste zerrenda bat aktibau dau (-lako, -tzako, topetako...). Biak dira nahiko aberatsak, baina argi dago batak eta besteak aukera desbardinak jarten dauzala eskura, idea bardina desbardin garatzera bultzatuko gaitue. Antzekoa pasauko da beste kasu batzukaz: dute aditzaren zerrendak pisua galduko dau daberen zerrendearen alde, bardin –kin eta –gaz zerrenden artean... Batzuk ez dira besteak baino hobeak izatez. Bi berbakera dira eta ez nahastea da lehenengo eginbeharra. Besterik da kantetan dauan bertsolariak ahozko bizkaiera aberatsa euki eta batuan kantauta aberastasun horri etekinik atara ez izatea. Bertsolari batzuk bizkaieraz kantetako animetan badodaz horregaitik da hain justu. Baina datorren hilean landuko dogu sakonago puntu hau.

Domekan Bermeon lehenengo finalaurrea

Finalaurreak hasiko dira aste honetan. Hamazortzi bertsolari lehiatuko dira, hiru finalaurretan banatuta. Lehenengoa datorren domekan, hilak 21, izango da Bermeon. Frontoian 17:30etatik aurrera kantauko daben bertsolariak honeek: Iratxe Ibarra, Fredi Paia, Oihane Enbeita, Onintza Enbeita, Arkaitz Estiballes eta Beñat Ugartetxea. Kartel erakargarria da, orekatua. Saria be ez da edozelakoa: Euskaldunako finalean kantetako txartela. Saioko irabazleak lortuko dau hori eta ganerakoak beste saioetako puntuazinoak itxaroten geratuko dira Euskaldunako zortzikotea osotzeko. Finalerako sarrerak martxa onean ari dira saltzen. Txartelak finalaurrekoetan ez eze, http://www.bertsozale.com-en, BBKren kutxazainetan eta 946812711 eta 943217798 telefonoetan dagoz salgai.

Iñaki Aurrekoetxea

Gaur hamabosteko artikuluan bizkaieraz kantetearen inguruko gogoeta bat agindu neuntsuen. Ez da lehenengo aldia hori gaiori jorratzen doguna hemen. Bizkaiko Txapelketan plazaratutako bertsolarien lanak eta Bizkaie!-ko 81. alean Xabi Payak idatzitako Bizkaieraz ala batuaz artikuluak zer edo zer aportetako gogoa emon deustie. Doala aurretik nire asmoa ez dala inoren ahaleginari kritika merkerik egitea, ez eta zer egin behar dauan esatea, ezpadaze bizkaieraz kanteteak erabagi bat hartzea eta lanketa eta koherentzia minimoa eskatzen dauzala gogorarazotea.

Aurtengo txapelketan aurrekoetan baino bizkaiera gehiago entzuten ari gara. Espero zan. 96an Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Amurizaren laguntzinoagaz hasitako bideak bere frutuak emon dauz urterik urte. Bizkaieraz berba egiten daben bertsolariei (gehienak) euskalkian kantau leitekela (oso gitxik egiten eben) erakutsi jaken eta bertsolari gazte asko hasi ginan orduan ahalegin horretan. Unai Iturriaga eta Igor Elortza tartean izateak balio erantsia eukan, hurrengo finaletan euskalkian kantau eta bardin bardin segidu ebelako Bizkaiko gailurrean. Ordutik, apurka-apurka asko izan dira bizkaieraz kantetan hasi diranak, eta aurtengo txapelketan erditik inguru ibiliko da batuaz eta bizkaieraz kantau dabenen portzentaia. Entzuten danaren koherentzia beste kontu bat da, gaurko nire kontuetako bat.