Euskaldunok munduan  I. urtea // 8. zenbakia - 2002ko abuztuaren 15a - Hamaboskaria

Kepa Junkera izar bilbotarra AEBetan zehar


Munduko musikaririk onenen artean

Azken urteotan, Kepa Junkeraren musika ibilbideak nazinoartearen onespena lortu dau. 1998ko maiatzean kaleratu eban 'Bilbao 00:00' diskoagaz, 15 urtetik gorako musika ibilbidea aintzat hartzea lortu eban; musika arloko kritika adituek aitatutako disko hori World Music ataleko albumik onenen artean jarri eben, eta nazinoarteko jaialdirik ospetsuenetan, antzokirik entzutetsuenetan eta eszenatokirik garrantzitsuenetan erakutsi eban: Madril, Bartzelona, Valentzia, Donostia, Sevilla, Vigo, Londres, Seattle, Palermo, Stockholm, Amsterdam, Zurich, Lisboa, Hamburg, Bonn, Brusela...

Gorago aitatutakoez ganera, beren beregi azpimarratu gura neuke musikari bilbotarraren 'Maren' izeneko azken diskoa Grammy Latinoen sarietarako hautagaia izango dala Folk Musikearen Diskorik Onenaren mailan. Sariak banatzeko ekitaldia datorren irailaren 18an egingo dabe Hollywoodeko Kodak Antzokian.

'Maren' diskoagaz Urrezko Diskoa jaso eban Junkerak joandako apirilaren 17an, 50.000 diskotik gora saldu ondoren. Disko ederra, askotarikoa, hainbat kulturen eragina dakarrena.

'Maren' diskoan, Urdaibai biosfera erreserbea izan da inspirazino iturri nagusia, eta inguru horri eskaini deutso 'Maren'; izan be, ingurualde horretan dagoz bilbotarraren lan barriko abesti askoren izenburuak, besteak beste, 'Izaro', 'Mairuelexa', 'Oliene' edota 'Mundaka'. Ganera, disko osoari alabearen izena jarri deutso, Maren hain zuzen be.

Bonny

Kepa Junkera bilbotarrak ez dau aurkezpen handirik behar. Euskal Herriko musikagilerik trebeenetarikoa dogu eta trikitixeagaz bakarra. Orain gitxi Camaronen omenezko diskoan parte hartu dau eta uda sasoian gelditu barik dabil hara eta hona; Bilboko Rekalde Auzoan, Sopuertako Mendebala Festibalean, Pirineo Sur, Ortigueira edota Festival Interceltico do Morrazo lako Jaialdietan, Bakioko Musika Astean, Bartzelonan, Getafen eta Italian zehar, sekulako arrakasteagaz kontzertu piloa emon ondoren, abuztuan ez dau, ez, oporrik hartuko Junkera jaunak, eta abuztuaren 10etik 25era bitartean, 13 kontzertu eskainiko ditu El Paso (Texas), Elko (Nevada), Boise (Idaho), Los Angeles (Kalifornia), Berkeley (Kalifornia) edota New York lako urietan.