Bush-en aldekoak ezagutu guran
Hirugarren baieztapena: 'Bush-ek alde handiz irabazi dau'.
Guzurra. Berraukeraketa hau estu-estua izan da. AEBak bitan bananduta dagoz. Uriak eta landa eremuak. Adibiderik onena uriburua da, Washington. Bertan Kerry-k botoen % 90 eskuratu ebazan. Handik 40 kilometrora errepublikarren eremua hasten da. Eta Kaliforniaraino heltzen da, gitxi gorabehera 4.000 kilometro zeharkatu ostean.
Eremu zabal horretan Bibliagaz batera (edo Bibliaren interpretazino berezia eginda) emoten da botoa. Bush-en aldekoen % 85ek botoa emon deutsie 'presidentearen balioakaitik'. Bape morala ez dan goi burgesiaren eta balioen gaiakaz sano arduratuta dagoan landa eremu, uri txiki eta exurb-etako (urien erdigunetik urrunen dagozan auzoak) klase ertainaren arteko batasuna Bush-ek ondo be ondo aprobetxau dauan giltzarria izan da.
Eleizan botoa emotea
Bush-en aldeko boto-emoileek Kerry-renak baino % 41 aukera gehiago daukiez eleizara gitxienez astean behin joateko. Gehienak protestanteak dira, nahiz eta hauteskunde honeetan Bush-ek Kerry-k baino boto gehiago eskuratu katolikoen artean. Eta ez daigun ahaztu Kerry katolikoa dana eta bidaiak errosarioa eta guzti egiten ei dauzana. Horreekaz batera, AEBetako hegoalde eta erdialdeko muturreko protestanteek osoturiko eskuma erlijiosoa be sano garrantzitsua izan da. 2000an horreen botoa erdibanatu zan Al Gore eta Bush-en artean. Hautesle horreek erakartea izan da Karl Rove estratega errepublikarraren helburua. Antza danez, lortu egin dau, armen nahiz fedearen aldeko eta abortuaren nahiz homosexualen ezkontzen kontrako mezuak zabalduz.
Begiluzea
Arrazoia ez da Irakeko gerrea izan, ez eta krisialdi ekonomikoa edo behar barik dagozan personen kopurua handitu izana be. George Bush ostera be aukeratu dabe, Estadu Batuetako herritar askoren ustez ikutuezinak diran hainbat kontu dagozalako: armak, fedea, abortua eta homosexualak ez ezkontzea.
Lehenengo baieztapena:'estadubatuarrek Bush-i emon eutsien botoa terrorismoaren kontrako gerrea dala eta'.
Guzurra. Pentagonoa dagoan Arlington barrutian Kerry-k botoen % 68 eskuratu ebazan. Torre Bikien kokalekuan, Manhattan-en, botoen % 82. Irailaren 11ko hildakoen erdia bizi ziran Hudson, Essex eta Middlesex-eko barrutietan, New Jersey-n, botoen % 56 tik % 70 era bitartean.
Bush-ek non jadetsi eban arrakastarik handiena? Utah, mormoien estaduan, botoen % 71; biztanlerik gitxien daukan Wyoming-en, % 69; eta euren ekonomia eta kulturearen zati handi bat nekazaritzan oinarritzen dauan Idahon % 68. Al Qaedak ez dau atentadurik egingo Utah, Wyoming edo Idahon; izan be, arazo handiak eukiko leukez nor edo nor hilteko, jenterik ez dago eta.
Bigarren baieztapena: 'estadubatuarrak pragmatikoak dira eta dirua kontuan hartuta emoten dabe botoa. Bush-i emon deutsie botoa aurreko lau urteetako politika ekonomikoa egokia izan dalako'.
Guzurra. Ohio izan zan Bush-ek irabazteko euki eban giltza. Eta Ohion, gaur egun, orain dala lau urte baino 237.000 persona gehiago dagoz behar barik eta 114.000 persona aseguru mediko barik. Pobreek Bush-i botoa emotea ez da kontu barria. 2000an eta 2004an presidenteak emoitzarik onenak Nebraskako McPherson barrutian lortu ebazan (botoen % 80tik gora), hau da, Estadu Batuetako eremurik pobreenean.