Hiru Truku, Nafarroako kantutegiaren altxorraren bila
Hiru Truku taldea maisua da euskal kantagintzan. Ruper Ordorikak berak taldea eskola legez definiduten dau, kantei begiratzeko modu propioa daukiela esanaz. Euskal kantutegia goitik behera aztertu ostean, kanta ederrenak hartu eta moldatzen dabez, beti be berezko esentzia ahaztu barik. Horreetatik hamahiru batu dabez ‘Nafarroako kantu zaharrak’ diskoan, eta eurak autortzen daben legez, ‘publikoari ezezagunak egingo jakoz kantak, izan be, ez gara herririk herri, baserririk baserri ibili, liburu zaharrak aztertzen baino’.
Liburuak aztertu, kantak aukeratu, musikea jarri... lan ugari egin dau Hiru Trukuk. Ganera, aitatzekoa da Joseba Tapiak, trikitixea joteaz gan, abestu be egin dauala oraingoan. Baina beti be, mueta honetako proiektuetan laguntzaileek garrantzi handia izaten dabe. Xabier Zeberio eta Arkaitz Miner biolin-joleek eta Jose Angel Irigaraik (Ruper Ordorikari berba bakotxa zelan ahoskatu behar dan erakutsi deutso), berbarako, hurretik bizi izan dabe diskoa.
Egindako ahaleginak argia ikusi barri dau, baina orain, zer esanik ez, zuzenekoak egitea da garrantzitsuena, jenteari aurrez-aurre erakusteko egindako lan guztiaren emoitzea.
Holan ba, aurreko disko biakaz egin eben legez, oraingoan be Nafarroan herriz herri ibiliko da joten Hiru Truku. Lehenago, baina, Durangon, Euskal Disko eta Liburuaren Azokan emongo dau taldeak lehenengo kontzertua.
Ostean, Santurtziko Serantes aretoan joko dau abenduaren 10ean. Gero Aguraingo Harresian (abenduaren 11n), Bilboko Kafe Antzokian (abenduaren 16an), Baigorriko Bil Etxean (abenduaren 19an), Donostiako Gazteszenan (abenduaren 20an) eta Barañaingo Auditoriumean (2005eko urtarrilaren 7an) be egongo dira, beste leku askoren artean.
Aukera ederra dira, bai diskoa eta baita zuzeneko kontzertuak be, Nafarroako kantuez gozetako, ia ezagutu be egiten ez doguzan kantu horreez hain zuzen be.
Kontzertuak
- Durangoko San Agustin Elizan, 2004ko abenduaren 7an.
- Santurtziko Serantes Zineman, 2004ko abenduaren 10ean.
- Agurainen, Harresian, 2004ko abenduaren 11an.
- Bilboko Kafe Antzokian, 2004ko abenduaren 16an.
- Baigorriko Bil Etxean, 2004ko abenduaren 19an.
- Donostian, Gazteszenan, 2004ko abenduaren 20an.
- Barañainen, Auditorioan, 2005eko urtarrilaren 7an.
Bizkaie!
Joseba Tapia, Ruper Ordorika eta Bixente Martinez. Kataluiniako folk jaialdi batean, Hiru Trukuren disko bietako kantakaz osotutako ekitaldia eskaini eben, baina emonaldia ez zan horretan bakarrik geratu. Topaketa ha aprobetxauta, alkarregaz lanean segidu behar ebela konturatu ziran hiru lagunak, eta beharrari ekin eutsen. ‘Mendebaldeko euskal baladak’ eta ‘Mendebaldeko euskal kantuak’ diskoen ostean, Metak diskoetxearen eskutik bere hirugarren lana kaleratu barri dau Hiru Trukuk: ‘Nafarroako kantu zaharrak’.
Resurrección María de Azkue eta Aita Donostiaren liburuak goitik behera aztertu ostean, ahoz-ahoko transmisinoak bazterrean itxitako Nafarroako hainbat kantu egozala konturatu ziran. ‘Haika mutil’ eta ‘Iturengo arotza’ kantuez gan, Nafarroako kantutegian altxor ugari egozala ikusita, publikoari erakustea izan zan taldearen helburu nagusia. Eta daborduko, hasieran Hiru Trukuren hirugarren proiektuaren oinarriak baino ez ziranak kalean dagoz. Horretarako, topautako berbei musikea gehitu behar jaken, eta urte osoan ibili dira horretan Ordorika, Tapia eta Martinez.
Hiru Trukuko taldekideak bete-betean sartu dira disko honetan, euren esanetan taldearen estiloa zein dan oso ondo adierazoten dauan diskoan. Udarako maketea grabau eben eta ordutik hona diskoa grabetan ibili dira, buru-belarri, Azkarateko Katarain estudioan.