Sarean  III. urtea // 84. zenbakia

Interneteko tarifa finkoa pagau bai, baina zerbitzurik ez


Kontsumitzaileen alkarteak egoerea salatu dau, eta enpreseak be beraren burua defendituteko argumenturen bat edo beste eukiko dau. Azkenean, ia beti pasetan dan legez, kaltetuak gu geu, kontsumitzaileok. Oraingoan, pagau ostean Internet ezin izan dabelako erabili askok, beste batzutan, telefonoa ikutu be egin ez arren 30 euro pagau behar izana. Laster, arnasa hartzeagaitik be pagau behar izango dogu! Hori bai, heldu dagiala oxigenoa gure birikatara, bestela akabo!

Atxapunte

EKE kontsumitzaileen eta erabiltzaileen alkarteak Interneterako tarifa finkoa kontratetako aukerea emoten daben bi konpainia salatu dauz. Alkarteak ez dau izenik emon gura izan, baina Euskaltel eta Telefonica ez dirala aitatu dau.

Alkarteak esandakoaren arabera, enpresa horreek ‘ez dabez kontratazino arauak bete’, eta ganera, ‘kontsumitzailearen eskubideak urratu dabez’. Antza danez, zerbitzuak emoterakoan ez deutse kontsumitzaileari informazinorik eskaini, eta laguntzinoa emoteko zerbitzua be oso txarra izan da.

Muturreko egoeraren bat edo beste be egon dala salatu dau EKEk, eta batzutan bezeroak erabili ez dauan zerbitzuagaitik pagau behar izan dauala dino.

Asko dira EKEk zerrendatu dauzan kasuak. Larriena, honako hau: telefonoz kontratatutako Interneteko zerbitzu bat inoiz be ez eben erabili bezeroek. Orduan, azalpen eske enpresara deitzen ebenean, honek atxakiakaz erantzuten eutsiela zehazten dabe bezero askok. Antza, konpainiek ordenadorearen arazoak aitatzen ei ebezen sarritan, beti be atxakia legez, alkartearen esanetan.

Denporea pasetan egoala ikusita eta kontratatutako zerbitzua ez zala martxan jarri konturatzerakoan, kontsumitzaileek enpreseari kontratua bertan behera itxi gura ebela esaten eutsien konpainiari. Honek, hasieran proposamena onartu arren, laster abogadu-talde baten kartea bialtzen eutsen etxera. Bertan, alkarteak dinoanez, kontratua izenpetu zanetik pasau dan denporan pagau beharreko kuotea eskatzen jaken bezeroei, eta zerbitzurik ez izan arren, urtebeteko kuotea pagau eragiten eutsen, kontratuan agertzen dan klausulea zala esanez. Holan ba, askotan 500 euro inguru eskatu deutse konpainiak bezeroei, EKEren esanetan.

Legeak konpainiak bezeroari kontratua bertan behera itxi baino hiru egun lehenago baldintzak erakutsi behar deutsozala dino. EKEk klausulak be azaldu behar deutsozala ganeratzen dau. Ganera, kontratua izenpetu ostean, bezeroak kopia edo egiaztagiri bat jaso behar dau.