Keike, ondarrutarren rock edegia
‘Oinetan kea’, eta hanketan kea dakarre Keikeko gazte ondarrutarrek. Eurak ondo adierazoten daben legez, taldeko partaide danak daukie musikaren munduan euren ibilalditxua eginda, eta hankak urratuta ditue daborduko. Osatu egin beharko dabez, baina, kontzertu ugari daukiez aurreikusita eta. Lehenengoa Laudion, Kautagaz batera aurkezpen legez emongo dabena zemendiaren 19an. Hortik aurrerakoak ugari dira, tartean SAgaz Azkoitian zemendiaren 20an joko dabe, abenduaren 5ean Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, Iruñean, Elorrion...
Atxapunte
Desbardintasuna. Kontzeptu hori nabarmentzen dau Ritxi Aizpuru Oihukako arduradunak Keike taldea definidukeran. Eta desbardintasun horren sorburuak izen propioa dauka, emakume baten izena hain zuzen be: Nerea. Bera da Ondarrun orain pare bat urte sortu zan talde honen abeslaria. Pasa dan astean aurkeztu dabe lehenengo diskoa: ‘Oinetan kea’.
Keike bost taldekidek osotzen dabe: Axular (gitarra), Gorka ‘Epi’ (baxua), Denis (bateria), Ion Kirru (gitarra) eta Nerea (ahotsa). Eurak guztiak aurretik beste talderen batean egondakoak dira (Paranoia, Enbor, Zain, Ninbus...), musika-estilo oso desbardinetakoak danak be. Baina askotan, bizitzaren hainbat arlotan legez, ezelako antzik ez daukien faktoreak be batu egiten dira, eta oraingoan hori pasau da. Alkarregaz joten hasi ziranean, bost abestiz osotutako maketea grabau eben Txus Lozano soinu-teknikariagaz. Aitatzekoa da oraindino ia izenik be ez eukiela, Oihuka diskoetxeagaz kontaktua egin eta danak batera ‘Keike’ izena ontzat emon eben arte. Ondarrun kea + kea horrek oso arin joatea adierazo gura dau, eta Aizpuru beraren esanetan, batzutan taldea ke bizian joaten da, handik segundu gitxira oso astiro, eta segiduan barriro be arin joateko. Hori gustau jakon Oihukako arduradunari gehien Keikeren kantak entzun zituan lehenengo aldian.
‘Euskal Herrian talde gitxitan dagoz emakume abeslariak’, zehaztu eban Aizpuruk diskoaren aurkezpen ekitaldian. Nereari esker, talde ondarrutarrak indar berezia daukala argi dago, eta ahotsa bera jarteaz gan, testuak be berak idatzi ditu, beti be taldearen laguntzinoagaz. Bizimoduaren inguruko letrak dirala zehaztu eban Nereak berak, amorrua, maitasuna... erakusten eta adierazoten dabenak. ‘Gaixorik dago mundua’ kantan, Juanito ‘Sangre’ren kolaborazinoa be izan dau taldeak.
Ez da erraza Keike musika-estilo zehatz baten sartzea. Rocka egiten dabe, bai, baina mueta askotako estiloak nahasten ditue. Horregaitik, ondo baino hobeto definidu eban aurkezpen ekitaldian Ritxi Aizpuruk Keikeren musika muetea: rock edegia. ‘Kantuetan ardatz desbardinak erabilten ditue, orain arin, orain astiro, eta horrek atrapau egiten zaitu’, esan eban Aizpuruk. Ahotsean be beste horrenbeste pasetan da, abeslariaren erregistro aldaketak dirala eta batez be. Horregaitik, diskoa baten bakarrik entzutea ez da nahikoa, eta ondoren egingo doguzan entzunaldietan zeozer barria topauko dogu, danetan. Abiadurea eta intensidade aldaketak buztartuz lortzen dabe hori, Nerearen ahotsa ahaztu barik. Holan, abeslariaren beraren esanetan, askotan ezin geinke esan Keike taldearen melodiak alaiak ala tristeak diran.