Euskaldunok munduan  I. urtea // 8. zenbakia - 2002ko abuztuaren 15a - Hamaboskaria

'Allent', itsasoaz bestalde

Euskal Herriko lehenengo euskal-amerikar jatetxe tematikoa


Euskaldunak munduan:

Cristobal Colonek euskaldunen laguntzinoagaz deskubridu eban Amerika

Cristobal Colonek Amerikarako bidaian eroan zituan hiru karabelen izenak ikasi genduzan eskolan askok eta askok, baina inork ez euskun esan karabelotan euskaldunek be zeresana izan ebela. Santa Maria karabelako kapitaina euskalduna zan, Juan Vizcaino hain zuzen be, eta jakina, itsasontzi horretan barruko gizonik gehienak euskaldunak ziran; horrezaz ganera, Colonen beste ontzi batek, Niña izenekoak be euskal marinel asko eroan zituan Ameriketara.

Bestalde, europarrek Ameriketan sortu eben lehenengo urian be euskaldunak egon ziran: Cristobal Colonek Santo Domingon altzau eban 'Fuerte Navidad' ospetsuan Santa Maria ontziko tripulazinokideek hartu eben parte, eta gehienak euskaldunak ziran. Dana dala, uri horrek ez eban luzaroan iraun. Colon bere bigarren bidaian bueltau zanean, uria txikituta topau eban, euskaldunak eta andaluziarrak alkarren kontra ibili ziralako uriaren kontrola nork eskuratuko.

Euskal arrantzaleak eta piratak

1497ko bagilean, Sebastian Caboto, marinel eta esploratzaile veneziarrak Ternuako uhartea hartu eban Ingalaterraren izenean. Bidaia horretan, balearen arrantzan ebilzan euskal arrantzaleakaz egon zan eta lur barri horreen izena itaundu eutsen. Euskaldunen erantzuna 'bakallau' izan zan eta orduan, Cabotok 'terra de bacallaos' idatzi eban bere bitakora-koadernoan. Historian zehar, lurralde horri izen asko emon izan jakoz: Terranova, Cap Breton, Eskozia Berria, Kanada edo Labrador.

Euskal bale-arrantzaleek euren arrastoa itxi eben Ternua eta Labradorreko kostaldean, eta ugaria da euskal toponimoen zerrendea: Port-aux-basques, Placentia, Portutxoa, Ophorportu, L'Île-aux-basques...; Placentiako kanposantu zaharrean, orain dala hamarkada gitxira arte baegozan XVII eta XVIII. gizaldietako euskal inskripzino batzuk. Bertako agintariek inskripzino horreetako batzuk Placentiako eleizara sartu ebezan, eta han Legasse gotzain euskaldunak deszifrau zituan 1900 eta 1909 bitartean.

'Le coursic' izenagaz ezaguna, Joanes de Suhigaraitxipi baionarra, XVII. gizaldiko bigarren erdialdean, munduko piratarik ospetsuenetarikoa zan. 'Legere' fragatan eta Luis XIV.a Frantziako erregearen baimenagaz, atlantiko eta kantauri itsasoetan, Ingalaterra eta Holandako ontzien arerio amorratua izan zan. Sei urteko aldian ehun ontzi inguru harrapau zituan. Joanesek Donibane-Lohitzuneko portuan eukan babesleku nagusia. Piratarik gehienak legez, Joanes itsasoan hil zan, Ternuatik beteta etozan ontzi bretoiak jagoten egoala.

Beste alde batetik, 'azken euskal filibustero' izenagaz ezagutzen da Nikolas Juan de Laffite ziburutarra. 1791n jaio zan Baionan edo Ziburun. Frantziako armadako kapitain izan zan, eta pirata legez, New Orleans inguruko itsasoan ibilten zan. Karibe itsasoko bere babeslekutik oso ekintza arriskutsuetan parte hartu eban, berbarako, 1811n Barataria irla menpean hartu ebanean.

Antxinako kontuak

John Adams, Estadu Batuetako bigarren presidenteak, 'In defense of the Constitution of the United States' liburuan, ondokoa esaten eban euskaldunen ganean 1786an: 'Bizkaia lako herri europar bat, bere ahotsa entzunarazoteko ainako buru-argitasuna, kemena eta subertea dituana, ezin da ezelan be baztertu. Herri zoragarri honek bere hizkuntza zaharra, espiritua, legeak, gobernua eta ohiturak beste edozein Europako nazinok baino luzaroago gorde ditu.'

1842ko irailaren 29ko 'Memorial des Pyrenees' egunkarian, emigrazino-agenteek euskal baserritarrak zelan harrapetan zituen irakurri daiteke: domekeroko meza ostean, herri osoak ikusteko moduan, urrezko eraztun eta bitxiak eroiazan kanpotar bat hurreratzen jaken, eta jentea berbaz hasten zan gizon hori goraipatuz eta hasikeran horrek ez eukala dirurik baina Ameriketara joan eta sekulako dirutzea egin ebala esanaz; era horretara, irudimena arin hasten zan beharrean eta familiak aurreztuta zituan diru apurrak Ameriketarako txartelaren zati bat pagetako erabilten ziran, ze txartela karua zan benetan.

Pierre Lhande Heuy, idazle eta erlijioso lapurtarrak 1910ean Ameriketarako euskal emigrazinoaren ganeko bere liburu ospetsua idatzi eban. Liburuaren hitzaurrean esaldi gogoangarria idatzi eban: 'benetako euskalduna izateko hiru baldintza behar dira: deitura edo abizen luze eta entzutetsua, Aitorren hizkuntza zaharrean berba egitea eta Ameriketan osaba bat eukitea'.

Beste herrialde batzuetako beharginen aldean, Ameriketan euskaldun beharginak beti izan dira preziatuak, eta trukean Amerikak gure gastronomiaren oinarriak diran hainbat produktu emon euskuzan; gaur egun posible izango litzateke patata, arto, tomate, piper ala indabarik bako euskal sukaldaritzarik? Ez. XVI. gizalditik aurrera, landare horreek guztiak gure artean zabaltzen hasi ziran eta, egia esan, euskal klima epel eta hezeari ondo baino obeto egokitu jakozan; edozelan be, XVIII. gizaldira arte, euskal baserritarrek ez zituen guztiz onartu.

Koldo Isusi Zuazo

Inaugurazino edo zabaltze ekitaldi ofiziala egun batzuk lehenago izan bazan be, jentearentzat garagarrilaren 29an zabaldu zituan ateak 'Allent', Euskal Herriko lehenengo euskal-amerikar jatetxe tematikoak. Neurriz eta maminez erraldoia. Danetara, 1400 metro koadro dira, eta jatetxea eta tabernea ez eze, liburutegi eta hemeroteka tematikoa be badira bertan, euskal gaiez eta Ameriketako euskaldunen bizipenez ganezka. Leku atsegina eta aproposa beraz, trago bat hartu, kopaua egin eta bide batez edozein gairen ganeko datuak hartzeko.

'Allent', Leioako Peruri Auzoan, Getxogaz muga egiten dauen inguruan dago, Artea Merkataritza Gunean hain zuzen be.