Akordio Soziopolitikoa, euskerearen aldeko konpromiso sendoa
Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek barriz, ekimena 'plurala, iraunkorra eta sendoa' dala esan eban. 'Gizarte eragileak, instituzinoak eta politikoak euskalgintzeagaz batera, normalizazinoan aurrerapausuak emoteko aukerea eskainiko dau Akordio honek', zehaztu eban.
Akordioan jasoten diran konpromisoak azaldu ebazan Mendigurenek. Bi zutabe nagusi daukaz konpromisoak. Bata, euskerearen normalizazinoak bultzada barri eta biziagoa izan dagian, derrigorrezkoak diran ekimen politiko, instituzional eta sozialak indarrean jarteko konpromisoa:
- Gaur egungo proiektu eta programak indarbarrituz eta hobetuz.
- Ofizialtasunaren garapena eta hizkuntz eskubideen bermea lurralde osoan ekarriko daben neurri legalak bultzatuz.
- Normalizazinorako estrategikoak diran proiektu barriak abiarazoz.
- Erakundeetan barne-euskalduntze politika eraginkorrak sustatuz.
- Erabagiteko aukerarik ez daukien instituzino eta erakundeetan euskerearen alde aitatutako neurriak har dagiezan eraginez, eta horretarako egitasmoak bultzatuz.
Beste konpromisoa euskalgintza osotzen daben alkarte eta erakundeen bideragarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko bitartekoak jartea da.
Amaitzeko, Mendigurenek azpimarratu ebanez 'ateak zabalik dagoz etorkizunean olatu honegaz bat egiten daben guztientzat'.
Bizkaie!
'Euskerea sustatzeko eta euskalgintzea babesteko Akordio Soziopolitikoa' izenpetu barri dabe Kontseiluaren ekimenez Bilboko Euskalduna Jauregian. Euskerearen aldeko konpromisuak hartu dabez jentaurrean hamaika alderdi politiko eta sindikatuk.
Honeek dira Akordio Soziopolitikoa sinatu daben erakundeak: ANV-EAE (Acción Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintza), Aralar, Batasuna, Eusko Alkartasuna, EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea), ELA (Euskal Langileen Alkartasuna), ESK (Ezker Sindikalaren Konbergenzia), Hiru (Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatua), LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak), STEE-EILAS (Euskadiko Irakaskuntzaren Langileen Sindikatua), Zutik eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.
Joanmari Larrarte Kontseiluko lehendakariak Akordio Soziopolitikoa izenpetzeko arrazoien inguruan 'gure hizkuntzearen normalizazino prozesua momentu erabagigarrian dago. Batetik, normalizazino prozesua astiroago doa orain eta, bestetik, azken aldian euskalgintzeari gogor egin deutse eraso.
Bere esanetan, euskerearen normalizazioaren kontrako erasoa 'ez da kanpaina puntuala; estadu mailako eraso estrategikoa dago horren atzean'. Larrartek azpimarratu dauanez, 'orain arte erabili doguzan hizkuntz politikek aldaketak behar dabez, corpus juridikoa aldatu beharra dago aurrerapausu sendoak emon gura badira; eta hori dana urgentziaz egin behar da'. Amaitzeko, adierazo eban normalizazinoa sendotzeko eta euskalgintzea babesteko izenpetu dala Akordio Soziopolitikoa.