Barriketan  III. urtea // 84. zenbakia

Iñaki Gaminde: 'lehenengo norberarena maite behar da'

Iñaki Gaminde hizkuntzalari eta ikertzaile bilbaotarraren azken frutua 'Bilbotarron euskararen zuzuan' izenburuko liburua da eta hor Bizkaiko uriburuko euskerea ilunbeetatik atara eta danon esku jarri dau, Bilbok be menderik mende euskaldun iraun daualako.

1.- ‘Bilbotarron euskararen zuzuan’. Liburua barria izan arren, gaia ez da barria zuretzat, lehenago be hainbatetan jorratu dozu eta.

Bibliografian erakusten dan legez, lehenago be egin izan dodaz gai honen inguruko lanak. Liburu honetan datu barri batzuk egon badagoz, baina nik betiko euskaldunakaz hartu-emonetan segiduten dot oraindino be. Liburuagaz batera, CD bat be badator. Bertan bideoklipak eta oro har, jentea ikusteko eta entzuteko aukerea emoten da.

Alde teorikoan, teoria linguistikoa garatzen dan neurrian, fonologian batez be, teoria barriak apliketan dira. Hori guztia CDan dago.

2.- Barrikuntzen artean, badago nabarmendu geinken bat: ez dozu transkripzinorik sartu.

Bai, egia esan, hori barrikuntza nabarmena da, teknologia berak ahalbidetzen dauana hain zuzen be. Lehen, derrigorrezkoa zan transkribidutea, entzutea ezinezkoa zalako. Baina orain, teknologiari esker, CDan entzun egin geinke, eta horregaitik eredu normalizatua erabilten dogu. Holan ba, bizkaieratik paraje dagoan eredu bat erabilten da eta entzuteko seinalea emoten da, batan batek bersino originala entzun gura badau horretarako aukerea eukiteko. Aukera hori eukitea gauza barria da.

3.- Herriko euskerea aztertzea. Hori da zure obsesinoa.

Nik ez neuke esango obsesinoa danik. Nire dibertimentua bai bada, baina obsesinoa ez. Ondo pasetan dot jenteagaz eta honezkero, informazio iturri be bada. Profesinoaren ikuspunturik, ofizioaren ikuspuntutik, herriko jenteakandik hartzen dodazan datuetatik punterengo teoria linguistikoak garatu ahal izaten dodaz. Datu horreek barik, ezin izango neuke teoriarik egin.

Orduan, pentsau behar da, batetik gauza polita dala hori, ondo pasetako, kulturea bera transmitiduteko, didaktikarako, irakaskuntzarako... Baina, beste alde batetik, argi euki behar da datu horreei esker hizkuntzalaritzea garatuz doala. Guk teoria horreek apliketan doguz, eta hainbatetan, aldatu egin behar izaten doguz, hobeto interpretetako. Eta hori jenteari zor deutsagu.

4.- Errekalden jaiotakoa, bertoko euskerea hur hurretik ezagutzen dozu, etxetik. Gaur egun, Bilboko euskerearen berezitasunen bat aitatzekotan...

Lehenengo eta behin, Bilboko euskerea euskera normala dala gogoratu behar dogu. Berezitasun edo bitxitasun kontzeptua, dialektologiaren ikuspuntutik, ez dala oso kontzeptu zientifikoa uste dot. Hiztunarentzat, berak erabilten dauan guztia normala, arrunta dalako, ez da kontzeptu hori existiduten. Ez dakit estatistikoki gitxiagotan agertzen diran formak ‘bereziak’ edo ‘bitxiak’ dirala esan gura dan edo linguistikoa ez dan beste interesen bat dagoan termino hori erabilteko.

Bilboko euskerea, esan dodan legez, euskera normala da. Guk datu horreek batzen doguz, eta beste datu batzukaz alderatu ostean, aberastu egiten dogu norberaren berbetetea eta gero hori jenteari opetsi egiten deutsagu. Holan ba, Bilboko euskereak ez dauka ezer berezirik, normala da. Hori bai, gura badogu, aztertu egin geinke. Berbarako, Bilbon, XVII. mendean normalak ziran adizki mueta batzuk gorde dira, beste leku askotan galduta dagozanak. Ganera, badagoz berba batzuk inguru honeetan bakarrik gorde diranak.

Bereziaren kontzeptu hori desmitifikau gurako neuke. Berbarako, ‘egitear’ berbearen esanahia zein dan danok dakigu, baina berez, Nafarroa Beherean erabilten da, oso lokala izan da. Holan ba, ezin geinke esan berezia zein dan eta zein ez.


5.- Zenbateraino dago kutsatuta Bilboko euskerea inguruko berbakerakaz?

Egia esan, ez dakigu, daturik ez daukagulako, baina hori leku guztietan pasetan dan zeozer da. Guk momentu konkretu batean egiten dogu azterketea, eta belaunaldiz-belaunaldi bertoko euskerea ikasi dabenek erabilten dabezan formak aztertzen doguz. Historian zehar egondako bilakaerea edo kutsadurea zein dan jakiteko beste mueta bateko azterketea egin beharko litzateke, eta hori ez da nire helburua izan. Nire helburua bertokotasunaren bermea daukien euskaldunen momentu honetako euskerea aztertzea da. Hori bai, esan geinke nire lana diakronian be sartzen dala, izan be, XIX. mendeko informazio-emoileak be euki dodaz eta XXI. mendean egonda... datuetan bilakaerea agertu arren, ez dakit zein mailara arte dagoan kutsatuta, baina hizkuntza danak dagozan moduan, ezta?

6.- Kutsadurearen haritik, liburuaren tituluan bertan, ‘Bilboko euskararen zuzuan’ irakurri geinke, eta ‘zuzuan’ berba hori ez da bertokoa. Zer azalpen emoten deutsazu horreri?

Neuk etxean erabilten dodan berba bat da, eta egia esan, ez dakit Bilbon erabilten dan ala ez, baina Gatikan bai, eta Gatika Bilbotik hur dago. Emaztea Gatikarra da eta nik berari ikasi deutsat eta badakizu, beti ikasten jako dakianari. Gure seme-alabek be erabilten dabe berba hori, eta Txurdinagakoak dira! Ez da Bilboko jatorrizko berbea, baina bai hurrekoa.

7.- Alboan daukazuzan personen jakinduriaren iturritik edaten dozu zeuk be, eta ez bakarrik familiatik, eurez gan persona asko egon da zure inguruan eta. Eurak danak barik liburu hau aurrera ataratea ezinezkoa izango litzatekela esango zeinke?

Hizkuntzalaritza molde honetan, ez dot uste ‘informante’ barik behar egin leitekeenik. Era bateko edo beste era bateko ‘informanteak’ izan, ikusmolde teoriko bat edo beste eukiko dabe, baina beti erabilten dira hiztunak, bai sintaxian, bai soziolinguistikan... edozein arlotan. Hizkuntzalaritzan, jentearen aportazino barik ez dago zer eginik. Eta jakina, hiztunik barik ez dago hizkuntzarik.

8.- Zer landu dozu gehienbat liburuan?

Alde batetik lexikoa liburuan bertan dago, eta bestetik, CDan, gramatikea be lantzen da. Lexikoa kultur-testuakaz batera aurkezten da, bilbotarren bizimodua islatzen daben kultur-testuak hain zuzen be. Gramatikeari jagokonean, fonologia, morfologia eta sintaxia aztertzen dira, Bilboko datuetan oinarrituta. Gero, ganera, kantutegi bat be jaso dot, Bilboko kantakaz.

Liburua CDan topau geinken gida bat dala esango neike.

9.- Euskalkiei jagokenean, zelan ikusten dozu osasunez bizkaierea?

Bizkaierearen osasunaren ganean berba egitea euskerearen osasunaren ganean berba egitea da. Euskerea trebe dagoan lekuetan, bizkaierea trebe dago. Orokorrean, ondo dagoala uste dot. Hobetu leiteke, bai, baina ez dago txarto. Uste dot behar asko egiten dala eta hori da bizkaierearen eta, oro har, euskerearen bermea.

10.- Bizkaitarroi beti leporatu izan deuskue euskerearen inguruan ‘konplejua’ daukagula. Mezuren bat oraindino be konpleju horregaz dagozanentzat...

Ez da pentsau behar inon hoberik dagoanik. Guk onena egiten dogu, hauxe da guk egiten doguna eta hauxe da dakigun onena. Egiten badogu, aurrera joango da. Konpleju horrek dakarrena da ustez gurea baino hobea dalakoan inona egin gura izatea. Eta azkenean holako euskera ganorabako bat egiten dogu.

Betiko euskerea da euskera ederra, eta eredugarria dana. Bizkaiko hiztunari edo edonongo hiztunari, baita erdaldunei be, lehenengo norberarena maite behar dala esango neuskio, eta gero gerokoak.

11.- Gaur egun, gitxik ukatzen deutse balioa lekuan lekuko berbeteari. Edozelan be, hori irakaskuntzara eroateko trabak egon badagoz.

Batzuk, euskerearen izenean eta euskerearen lepotik oso ondo bizi dira, euren euskera murritz eta txiki horregaz... primeran bizi dira! Ez dabe gehiago ikasi gura, ez dabe ahaleginik egin dura. Ahalegin hori, instituzionala izateaz gan, personala be bada. Irakasleok, gure euskerea egokitu eta hobetu behar dogu, eta horrek ahalegina dakar. Prest ete gagoz hori egiteko? Irakasleok ezin dogu orain 30 urteko apunteakaz bizi gaur egun, eta uste dot horretan aurrerapausuak emoten gabilzala. Intuizinoz baino ezpada be, altxor bat daukagula ulertu dogu, eta hori irakatsi egin behar da. Gure kulturea eta gure hizkuntzea irakatsi behar doguz, eta betiko euskereari be lekua egin behar jako. Eta hortik, unibersoraino! Arazoa da, intuizinoa eukita be, ez dogula euki hori gauzatu ahal izateko baliabide teorikorik. Gaur egun ahalegin batzuk egin dira, berbarako, Bakioko eskolako lehen hezkuntzako euskerea aztertzen dauan lan bat, laster DVDan argitaratuko dana.

12.- Oraintsu, Begoña Bilbaok esaten euskun euskera bizia indarra galtzen dagoala.

Horretan be, zeresan asko dago. Euskereak oraindino ez dau gizarteratze-maila handirik lortu, ezin da leku guztietan erabili. Bizimodu aldaketea oso arin doa, eta hizkuntza bilakaera horretara egokitu behar da. Gure artean, euskerea hobeto menperatzen dabenek ezagutu daben bilakaerea oso geldoa izan da. Mundua astiroago aldatzen zan lehen, eta egokitzeko tarte handiagoa egoan. Gaur egun, ez daukagu ia egokitzeko astirik. Baina oraindino sasoiz gagoz, egokitzapena egiteko kapaz garan neurrian euskera bizia aurrera joango da, desbardina izan arren.

13.- ‘Bilbotarron Euskararen zuzuan’ kalean dago daborduko. Edozelan be, seguru buruan beste proiekturen bat daukazula bueltaka.

Bai, orain Derioko gazte-talde bategaz batera nabil lanean. Beste alde batetik, lehenago esan dodan legez, Bakion urte biko proiektu bat euki dogu eta orain DVDak urtengo dau eta hiztegia be amaitu dogu. Datorren urtean amaitzen dira Bakioko beharrak, Bakioko hizkuntz ondarea didaktizetako proiektua:

-Eskoleari zuzendutako DVD bat eta gida didaktiboa, bertoko euskerearen bitartez Lehen Hezkuntzako hainbat gai (gizarte zientziak, matematika, ingurunea...) landuko dira, bai eta euskerea bera be hiru mailatan: herriko berbakerea, bizkaiera landua eta euskera batua.

- Bakioko hiztegi elektronikoa. Euskera estandarretik edo Bakioko aldaeretatik abiatuta forma landua edo herrikoa topau leiteke.

- Herritarrei zuzendutako liburua. Bertan ipuinak, kantak, umeen berbakerea... agertuko dira, hau da, herriko kultur ondarearen ganeko materiala.

- Interneten eskegiko dan mediateka bat; bertan herriko barri-emoileek hizkuntz eta kultura ondarearen ganean emondako informazino guztia sartuko da.

Bien bitartean, fonologiakaz eta enparau guztiakaz segiduten dot. Geroak esango dau zer gehiago egongo dan, baina momentuz horixe da eskuartean daukadana.

Koldo Isusi Zuazo