Bidaide  III. urtea // 84. zenbakia

Enbaxadak: zertarako?


Informazinoa eta gaixotasunak

Herrialdearen ganeko informazinoa jasoteko edota bidaiariak eragin ez dituan arazoei konponbidea emoteko nahitaezkoak dira enbaxadak. Horrezaz gan, berebizikoak dira ekonomia gaietan, izan be, ordezkatzen daben herrialdeko enpresak mimo handiz tratetan dabez, batez be, herrialdean egoitza hartu gura daben enpresen kasuetan. Lapurreta kasuetan be oso eragingarriak dira eta pasaporte eta nortasun agiri barriak berehala tramitetan dabez. Ezbeharretan eta gaixotasunetan, personak identifikau behar diranean edo hildakoak aberriratu behar diranean be laguntzino handia emoten dabe enbaxadek. Gizarte Segurantzak gastuak pagetan ez dituan herrialdeetan arazoak euki geinkez eta horreei aurre egiteko enbaxadan ospitalen barri emongo deuskue; hori bai, inora joan aurretik onena asegurua egitea izaten da.

Bidaiariaren erantzukizunak

Mirakuluei begira egotea, denporea alperrik galtzea baino ez da. Sarritan, ezbeharra edo arazoa sortzen jakun lekutik urrun egoten da enbaxadea, kilometro askotara. Era berean, diru barik geratzen bagara enbaxadak ez deusku patrikerea beteko edo bueltako bidaia pagauko. Enbaxadak ahaztutea eta bidaian zentretea da zentzuzkoena, negozio bidaia ez bada gurea behintzat. Bidaia preparetan hasten garanean, gauza asko euki behar dira buruan: visak, txertoak, aseguruak...

Oro har, enbaxadea lagungarria izan daiteke baina mesedeak eta mirakuluak ahaztu eta norberaren ardura eta erantzukizunei sendo eutsi behar jake sorpresarik ez badozue gura. Bidaiariak zentzunez jokatu behar dau, bisitetan dogun herrialdaren kulturea eta ohiturak errespetatuz eta norberaren burua jagonez. Hori bai, emergentzia kasuetan familiari deitzea baino eragingarriagoa izango da enbaxadeagaz hartu-emonetan jartea.

Dana dala, kontuan euki herrialde guztietan ez dagoala misino diplomatikorik. Laosen, berbarako, ez dago Espainiako estaduaren ordezkaritzarik eta, holako kasuetan, pare bat aukera dagoz: hurren dagoan enbaxadara deitzea (Laosen kasuan, Bagkokera edo Hanoira) edo Europako Batasuneko edozein herrialdeko enbaxadan (topetan badozue) laguntzinoa eskatzea. Espero daigun, berandu barik amesa betetea, hau da, Europako Enbaxadek Batasuneko herritar danoi laguntzea eta asmo edo helburu bateratuak izan dagiezala. Ordura arte, gure enbaxadarik ez dagoan bitartean, gure lurrean atzerritar edo kanpotar sentiduko gara. Hori bai, zorionez ondo hartuko gaitue lekurik gehienetan.

Testua eta argazkiak:
Zigor Aldama

Andrea astebetez egon da Tailandian, eguzkitan baltzitzen eta bere kultureagaz konparauta oso desbardina dan beste kultura batez gozetan. Euskaldunez osotutako talde bategaz egin dau bidaia eta orain bueltako bidea egin behar dabe. Fakturazinoa normaltasunez egin dabe, eta maletak zinta garraiatzailetik desagertu dira. Itxarongelan, jumbo-hegazkina leihoaren beste aldean daukiela, polizia-talde bat haren bila sartu da. Kokainea topau deutse maletan. Atxilotuta, komisaldegira eroan dabe. Emakumeari herrialdeko enbaxadan laguntzinoa eskatzeko momentua heldu jako. Zer egin leike enbaxadeak?

Andrearen kasuak pelikula amerikarra emoten dau, baina egia esan, Asiako eta Afrikako kartzelatan milaka europar dagoz euren zigorrak beteten, eta batzuk errubakoak dira. Egoera larrietan, legeagaz arazoak daukaguzanean berbarako, norberaren enbaxadeak zelan lagundu ahal deuskun jakitea garrantzitsua da.

Herrialde zati bat

Enbaxadak herrialde batek beste batean daukazan misino diplomatikoak dira, eta teknikoki behintzat, ordezkatzen daben herrialdearen lurra dirala esan geinke. Holan ba, alemaniar enbaxadea Alemania da, ez enbaxadea dagoan herrialdea. Herrialde anfitrioiaren indarrek ezin dabe misinoaren perimetroaren barruan ezer egin, izan be, enbaxadak ez dagoz kokatuta dagozan herrialdeen menpean, jatorrizko herrialdearen menpean baino.

Enbaxadek eskaintzen daben zerbitzuetako bat euren herrialdeko biztanleei laguntzinoa emotea da baina, jakina, muga asko daukaz. Enbaxadearen hormetatik kanpora enbaxadorea zeozelako presinoa egin leiken diplomatikoa baino ez da eta bisitariak herrialdeko legeak onartu beharko ditu derrigorrez, lege horreek bisitariaren herrikoakaz zerikusi handirik bakoak izan arren. Legea urratu ezkero, enbaxadak ezin leike gauza handirik egin, bidaiariari abokatua topetea baino eta, beraz, lekuan lekuako agintariakaz bromarik ez egitea eta arauak eta legeak zorrotz errespetetea komeni da. Ipar amerikarrek, euren prepotentzia tarteko, arazo handiak eukiten dabez, euren herrialdetik milaka kilometrotara dagoan herrialdeko poliziek amerikarren nazionalidadeari jaramon larregi egiten ez deutsela ikusten dabenean.

Halan da be, bisitariak eragin ez dituan arazoen kasuetan gauzak beste modu batean ikusten dira; horren erakusgarri, Iraken bahitutako frantziar kazetarien kasua. Nazinoartearen presinoa garrantzitsua izaten da garapen bidean dagozan herrialdeetan eta gogoan hartzekoa. Bidaiariak errurik ez daukan kasuetan, enbaxadak ahal dauan guztia egingo dau baina zalantzazko kasuetan, enbaxadak ez dira inpliketan, ez dabe eskandalurik gura izaten.