Inflexino puntuak
Gero, udea lan handirik egin barik igaro ondoren, udagoienean otso handia agertzen da; kasu honetan, Foru Aldundiak ez dau ehiztari talderik antolatzen otsoa akabetako. Hori baino, laguntzinoa emoten deutso animalia errukarriak irunsten jarraitu dagian (eta kontrajartea bada be, espero daigun holan jarraitzea). Eta otso honek, aurreko astegoienean janaldi edarra egin eban. Hogeita hamar txarri, basurde, urtxintxa, orein, sator eta abar topau ebazan bere zulo parean. Eta horreetatik danatatik, hamaikak baino ez eben lortu iges egitea.
Haimaka horreek beste zazpi animaliagaz batuko dira; azken horreek ondo ezagutzen dabe otsoa, inoz aurre egin behar izan dautsielako. Baina atzera be, otsoak animalia samaldea topauko da basoko bazterren batean eta beste hamar jango dauz amen batean. Zortzi azkarrenek, barriz, jazotakoa hurrengo animaliei kontetako aukerea eukiko dabe.
Hara, hirurogeitik zortzi. Honek zer esan gura dau, beste berrogeita hamabiak animalia eskasagoak dirala? Beste zortziak hobeak dirala? Ez ba. Dana egun kontua da. Horixe esan eban behin txoritxu batek, Arrasaten, aberekume pilo bat Euskal Herriko otsorik basatienaren aurrean egozala:
“bertsolari bat ezin liteke
egun batean juzgatu”
Arrazoia, Leire. Hala eta guztiz be, basartea kontrako bidean dabil beti.
Urtxintxa batek lehenengo esaten eustan berak ez ebala ulertzen zergaitik bertsoen basoan horrenbesteko gogorik egon ahal dan bizirauteko; batez be, jakinda gauzak ez dirala aldatzen larregi otsotik otsora.
Zer dira otsook, ez badira inflexino puntuak? Gehienak badoaz, batzuk bertan geldituko dira. Arazoa zera da, danok eukiten dogula libretako itxaropena; itxaropen horrek ilusinoa emoten deusku otsoaren aurrean gagozanerako, eta ilusinoak otsoaren hagin artean amaitzen dau gehienetan.
Ia zelakoa dan hurrengo otsoa!
Xabier Paia
Bertsotan be, bizitzan legez, egon badagoz inflexino puntuak, bardin gura zein gura ez, dana aldarazoteko sortzen diranak. Ganera, darwinismoa hain azalekoa dan bertsogintzan, txaloen lehoi maltzurrak euren burua salbetako akrobaziarik handienak egiteko kapaz ez diran ardi galdu guztiak irunsten dauz.
Bizkaiko basoetara ailegau dan azkeneko otsoa Bizkaiko Txapelketea izan da. Kuriosoa da basoko animalia danoi pasetan jakuna; badakigu aukera gehiago dagozala janda amaitzeko bizirik urtetako baino, baina, halan da be, bere aztarna ikustera parajetzen gara zoroen moduan. Gitxi balitz, berau ez da basoko otso bakarra! Beste haragijale luki batzuk be badagoz, BT otsoa lako hagin zorrotzak ez badaukiez be.
Hirurogei inguru izango gara aurten basoan arriskuan ibili garanak. Hasteko, udabarri partean (sikiera eguraldia alde izateko), gure kobazulo inguruko azeri, arrano eta besteakaz bildurtzen gara, eurakana be bardin parajetu arren. Pizti horreek basoko biztanle asko jango dabez; gitxi batzuek baino ez dabe aurrera egingo. Hogeita bost batek urdailen batean botako dabe azken bertsoa.