Gurseko kontzentrazino-esparrua
1940ko lehenengo hilebeteetan, emoten eban euskaldunek ez ebela gehiago Gurs zapalduko, baina, bai zera. Alemaniarrek Frantzia hartu ebenean, bagilean, barriro bete zan Gurs errefuxiatuz, eta erbesteratu horreen artean euskaldunak be baziran. Oraingoan, gorago aitatu dogun Ibarnegarayk aginduta, orduan Frantziako gobernu kolaborazionistako ministro zan eta.
II. mundu gerra denporan Gurs ez eben zarratu, eta bertatik pasau ziran hainbat eta hainbat nazi eta frantses kolaborazionisten arerio asko eta asko. Orduan be ez zan preso egozanak hilteko makina bihurtu, baina bai, atxilotu eta Alemanian edo Europan zehar zabaldutako kontzentrazino-esparruetara eroan aurreko estazino. Hamaikatxu juduk ezagutu eben Gurs izen mingotsagoko kartzelatara eroan eta bertan hil aurretik.
Gerrea amaitu eta pentsau zan, orduan bai, Frantziako agintariek Biarnoko kontzentrazino-esparrua zarratuko ebela, baina orduan be ez zan hain erraza izan. Frantzian eta Europa osoan miloeka ziran babes bila ebilzan errefuxiatuak, eta Frantziak ez eukan lagun horreek guztiak non hartu; beraz, Gurs horretarako erabili eben, Frantzian ziran errefuxiatuak ikertu eta kontrolpean eukiteko, eta bai nazien aldeko jarrerea erakutsi eben kolaborazionistak espetxeratzeko be. 1944, 1945 eta 1946an Francoren ostikopetik iges eginda Frantziara joaten ziranak be euren kalbarioko estazinoetako bat Gurs izaten eben, beharra topau arte hantxe sartzen zituen eta.
Azkenean, 40ko hamarkadearen hondarrean zarratu eben Gurs, euskaldunak hartzeko, erbestean aterpea emoteko, faxismoaren kontra egiteko edo igesean ebilzan milaka lagunentzat kartzela bilakatu zan kontzentrazino-esparrua. Gaur egun, han ez dago besterik arantzazko alanbrez inguratutako egurrezko txabolak eta hil ziranen kanposantua baino.
Iñaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria
Kontzentrazino-esparrua berbea entzuten dogunean burura lehenengo jatorkuna, beti ez bada be sarri, naziek Europa okupatuan zehar zabaldutako zoritxarreko kartzelak dira.
Alemaniarrek zabaldutako eremuak bertara eroaten zituen gitxiengo sozialak, erlijiosoak edo antzekoak desagertuarazoteko sortutako eraikuntzak ziran. Han sartzen zana bertan hilteko diseinauta egozan, sarritan lehenengo leher eragin arte esklabutzarik basatienean behar eragin ondoren.
Jakina, naziena bakarrik ez da izan esklabutzea aplikau dauen gure sasoiko sistema politiko bakarra. Komunistek Gulag sistemea landu eben Sobiet Batasun ohian: agintearen kontra egozanak edo ustez kontra egiten ebenak preso hartu eta lan eragiteko kartzela sare itzela.
Kontuak kontu, Gurseko kontzentrazino-esparrua bertan sartzen ziranak hilteko edo beharraren beharrez akabetako barik, Espainiako gerra zibila amaitu ondorik, Frantziara babes bila joan ziran Francoren kontrako euskaldunak hartzeko eregi eben.
1939ko zezeilean, Kataluniako frontea mugaraino heldu zanean, penintsulatik babes bila marrea igaro ebenak ehundaka milatan kontau eitekezan. Gehienek goian zerua eta behean lurra besterik ez eukien, eta Frantziako gobernuak ez eban ezer aurretiaz preparau errefuxiatu horreek guztiok hartzeko.
Hasikeran, zelan mugea igaro, halan hartzen zituen arantzadun alanbreez inguratutako zelai eta hondartzetan. Kontuan hartu behar dogu zezeilaren lehenengo egunetan izan zala mugea zeharkatzea, eta urte haretan aspaldikorik eta gorriena izan zala negua. Honek erakutsiko deusku zelako egoerea bizi eben gerrea galdu eben errepublikazale hareek, bertan behera itxita larre edo hondartzetan, janari barik, osasun laguntzino barik; soinean erropa hutsak baino ez negu hotzean.
Exiliatu talde ugari honetarik, milaka batzuk euskaldunak ziran, Euskal Herrian urte bi lehenago gerrea egin eta galdu ondoren Katalunian babesa hartu ebenak eta, ganerako antifrankistakaz batera, Frantziara alde egin beharra izan ebenak 1938ko Gabonen ostean.
Euskaldun horreei laguntzeko Parisen zan Agirre lehendakariak, fronteko albisteak gero eta larriagoak zirala ikusita, Kataluniako bidea hartu eban. Agirrek biderik gatxena aukeratu eban, 1939ko urtarrileko azken egunetan Figueresen bere laguntzino bulegoa zabalduz. Euskadiko Jaurlaritzeak egin eikeana ez zan gauza handia baina, halan da be, arin nabarmendu zan, batetik ahaleginak eta bi egin zitualako eta bestetik, beste inork ez ebalako gauza handirik egin.
Emakumeak eta umeak Iparraldeko eta Frantziako Euskal Gobernuaren babes etxeetara bideratu zituen, baina gizonezkoak eta, kasu askotan, euskal agintariek ezin izan zituen gaztetxuak eta atso-agureak babestu, euskaldunendako aterpetxeetan lekurik ez egoalako, eta hori zala eta, aitatutako guneetan sartu zituen Frantziako Gobernuak.
Jente horren egoera penagarria arintzeko, bulego bat zabaldu eban Perpignanen Euskal Gobernuak eta Telesforo Monzon izentau arduradun nagusi. Hasikeran, euskal agintariek euskaldun guztiak batzeko ahaleginak egin zituen, eta batzeaz ganera, biziteko, osatzeko, eta jaten emoteko txabolak egiten be ahalegindu ziran. Honetara sortu zan 'Gernika Berri' izena emon jakon euskaldunen kontzentrazino-eremua Argeles-sur-Mereko hondartzetan egoan gune nagusiaren barruan. Argelesko kontzentrazino-esparrua zan beste batzuekaz batera hasikera-hasikeran sortu zanetariko bat.
Dana dala, hori ez zan nahikoa, eta Monzon agintari frantsesakaz berbetan hasi zan euskaldunen egoerea hobetzeko asmoagaz. Sasoi haretan, Rosselló lurraldea hartzen eban esparru militar frantsesaren buru Fagalde jenerala egoan eta horrengana jo eban Monzonek. Fagalde hori euskalduna zan eta ondo konpondu zan Monzonegaz. Monzonek agintari frantsesei egin eutsen eskaria euskaldunak Euskal Herrira ekartea zan, eta lortu be egingo eban Jean Ibarnegaray diputadu euskaldun eta frankista sutsuagaitik izan ez bazan. Honek ez eban 'gorririk' gura bere hautes-barrutian, eta azkenean Gursen egin zan euskal errefuxiatuak hartzeko kontzentrazino-gune berezia. Halandabe, ez zan Euskal Herritik hain asao be eregi, Gurs Mauletik 15 kilometrora baino ez dago-eta, baina, hori bai, Biarnon.
Zezeilean mugea igaro eta martiaren azkenetan sei mila euskaldun inguru ekarri zituen Gursera. Hasikeran, ondo hartu eben euskaldunek Gursera joatea, kale gorrian egotetik eurentzat berenberegi egindako barruti batera eroiezelako; baina arin konturatu ziran Biarnoko egotaldia be ez zala gozoa izango.
Kontzentrazino-esparrua babesa emoteko eginda baegoan be, eta ez inor bertan hilteko edo lan eragiteko, ez zan aterpetxea. Jateko gitxi eta txarra; erropak, soinean ebezanak eta sarritan horreek be ez nahikoak; kanpora urteterik ez eta, txarrena zana, han zenbat denpora egingo eben jakiterik gitxiago. Esandako horrek guztiak hasarre bizian jarri zituan Gursen ziran ia sei mila euskaldunak, eta protestak Agirrerenganaino heldu ziran. Agirrek orduan, Eliodoro de la Torre Ogasun eta Osasun kontseilariaren bitartez, jatekoa hobetzeko, erropak erosteko eta egoerea hobetzeko agindua emon eban. Agindu hau betez, gaixoak, zaharrak eta gazteenak Gursetik atara zituen eta ganerakoei agindu jaken eurentzat behar bila hasiko zala Gobernua kontzentrazino-esparrutik atarateko.
Edozelan be, Frantzian ez egoan hainbesterentzat beharrik eta agindua betetea gatxa izan zan, harik eta irailean munduko gerrea hasi arte. Orduan bai erraztu ziran euskaldunentzat gauzak, ze gehienak Euskal Herriko fabriketan trebatutako torneru, elektrizista eta antzeko ogibideetakoak ziran, eta holako jentea behar zan Frantziako lantegietan Gobernuak soldaduskara deitutako gazteen lekuak beteteko. 1939ko urritik abendura bitartean ia-a hutsitu egin zan euskaldunez Gurs. Gehienak beharrean hasi ziran eta batzuk etxera, beste batzuk Euskadiko Jaurlaritzearen babes-etxeetara eta banaka batzuk Ameriketarako bidea hartu eben.