Euskerea berbagai  III. urtea // 83. zenbakia

Espainian euskerearen, galegoaren eta katalanaren ofizialtasuna lortzeko: GALEUSCA


Europan ofizialtasuna eskuratu ahal izateko, euskerea, galegoa eta katalana Espainiako Estaduko hizkuntza bilakatzea nahikoa litzateke. Prozesu hori burutzeko sozialistek Europako instituzinoen aurrean erakutsitako jarrera erabili ahal izango geunke. Ze, Europan egin leitekena, zergaitik ezin leiteke egin Espainian? Ondorioak, katean, askotarikoak izango litzatekez:

1. Estaduaren baitako administrazino eta eskumenetan eragina izango leuke.
2. Nafarroan, eremuen baitako hizkuntza politikea gainditzeko euskarri legala eskainiko leuke.
3. Hizkuntza horreek ofizialkide diran eremuetan hizkuntza politikea are eragingarriagoak egin ahal izateko egungo trabak gainditzea ekarriko leuke.
4. Bide horretatik, Europan ofizialtasuna lortzea eta Frantziaren barruan dagozan euskal eta katalan lurraldeetan euskereari eta katalanari ate barriak edegiko jakez.

Beste alde batetik, prozesu honek potentzial politiko handia eta eragin zein ondorio politiko nabariak euki leikezala be bistan da, baina, itxi daigun kontu hori beste baterako.

Prozesu hori arrakastaz bideratu ahal izateko euskal instituzinoen eta, gazteleraz edota euskeraz funtzionau arren, euskerearen aldeko agertzen diran askotariko alkarte, erakunde, enpresa eta sindikatuen artean aliantza estrategikoa gorpuztea garrantzi handikoa da. Ganerako herrialdeakaz lankidetzan, bide hori egitea be ezinbestekoa da. Banderizoen jokabideak baztertuz, beste batzuen zain egon barik, noranzko horretan pausuak egiten lehengoak izango ete gara? Herri gisa nongura agertzeko gauza izango ete gara? Gai honetan be geurea da erabagia! Euskerearen Eguna ospatzeko eguna dator eta egun hori erabili geinke, akaso, holako ekimena abian jartzeko.

Erramun Osa

Laster baten herritarrek herri-kontsultan onartu edo ezetsi behar daben Europako Konstituzinoaren inguruan, Espainiar Estaduan ofizialkide diran hizkuntzei ze tratamentu emon behar jaken eztabaidagai izan da, eta izaten segiduten dau. Ezen, Europan ofizialtasun osoa daukien bestelako hizkuntzakaz alderatuta, gitxiagotutako hizkuntza honeetan ari diran hiztunen kopuruak (hiztun kopuruak, baina, ez dauz baldintzatu behar hiztunei eta hiztun-alkarteei beren beregi jagokezan eskubideak), euren lurraldeetan ofizialkide izatea, hizkuntza honeen indarbarritze ahaleginean beste urrats bat izatea, eta abar, eta abar izan dira, besteak beste, aldarrikapen hau gailentzeko erabilten ari diran arrazoi nagusiak.

Abaguneak, hots, Estaduan sozialistek erabateko gehiengoa ez izatea, egitasmoak aurrera atara ahal izateko bestelako alderdien (abertzaleak diranak, batez be) laguntza behar izatea eta, azken hauteskundeen ondotik, Catalunyan osotu zan hirukoaren eragina –akuilu izakerea– dira aldarrikapen horri hauspoa emoten lagundu daben faktoreak, duda barik. Baina, gitxiagotutako hizkuntzak dabezan Estadu jakobinoen kontrako jarrerea nabaria izan da eta aldarrikapena ezinean ito da. Izan be, zelan ba onartu Europan herrialde horreetan (Frantzian, esate baterako) ezelako izakera ofizialik ez dauan hizkuntza baten izakera ofiziala? Kontraesan hori, bada, gaindiezina da, eta, ingelesaren hegemoniaren aurrean, euren Estadu hizkuntzak indartu eta babestu behar diralakoan, gitxiagotutako hizkuntzei muga eta oztopo gehiago jarri eta Estaduko hizkuntza nongura, zelangura eta noizgura babesteko hartutako pausuak dudan jarriko leukez.

Halan da ze, Europako Konstituzinoan euskerea, katalana eta galegoa txertatzeko egin dan (eta egin behar zan) ahaleginaren emoitzea eskasa izan da, baina, ez da, hagatik, alperreko saiakera bilakatu behar! Hain zuzen, Espainiar Estaduan Konstituzinoa moldatzeko prozesua abian da, prozesu horretan, besteak beste; Europako Konstituzinoan jasotakoa kontuan hainbat arau barritu edota aldatu behar izango dauz Espainiak; horrezaz gan, Euskal Autonomia Erkidegoan, Catalunyan eta beste erkidego batzuetan edegitako prozesuek aldaketa batzuk ekarriko dabez; Senatuari bestelako izakerea, osaerea eta eskumenak autortuko jakoz; Koroa eskualdatzean gizonezkoek daben lehentasuna ezabatu egin beharko da; prozesu luze horren amaieran Espainiako Parlamentua desegin, herri-galdeketearen bidez Konstituzino barritua onartu, Espainiako Parlamentu barria osotzeko hauteskundeak deitu eta Konstituzino barritua Parlamentuan barriz bozkatu beharko dira. Baina, prozesu horretan, Estaduan dagozan hizkuntzakaz zelan jokatuko da?