Jan-edanak  III. urtea // 83. zenbakia

Animalien okelea jatearen onespena kulturan (II)


Okelea modu berean jaten dogu?

Ez. Gero eta gitxiago jaten dogu animalia etxurea daukan okelea. Baserrietan, Santo Tomaseko ferietan eta holako batzuetan oraindino mantentzen dira animalien gorputzeko atal osoak, baina gaur egun gero eta arraroagoa da harategietan orain urte batzuk hain normala zan txahal buruak euren begi eta guzti ikustea, baita untxi osoen gorputzak... be. Barrukiek, garunek eta mueta horretako jakiek gero eta enpagu handiagoa emoten deuskue gehienoi. Ganera, arineketan bizi garanez, gero eta gitxiagotan erosten doguz txikitu egin behar diran animalien gorputz osoak. Gurago doguz preparauta dagozan gorputz atalak; eta zer esanik ez animalia hori lumatu edo narrutu egin beharko bageunke! Janaria preparetako orduan, sarritan okelearen formea aldatu egiten dogu, berbarako almandrongilak edo okela-bolak. Sukaldaritza modernoan be, jatorrizko produktuaren formea askotan aldatzen da.

Okela gorrien konsumoa asko bajatu da

Europan aspalditik dator jokera hau, baina 1996an “behi zoroen” krisia sortu zanetik indartu egin da. Globalizazinoagaz, elikadurako intoxikazinoak nazinoarteko bilakatzen dira eta bildurra eta alarmea mundu osoan zehar zabaltzen da.

Dana dala, konsumitzaileok daukagun gaitzuste eta bildur horretan badago oso zaharra, naturala eta berezkoa dan zeozer: bizirauteko sena. Gaitzuste hori guretzat “nahikoa” barria dan beste zeozerk handiagotu egiten dau: guk produktuaren amaierako prozesua bakarrik ikusten dogu, hau da, okelea salgai dagoanean, baina ez dakigu zer jan daben, animalia horreek non eta zelan hazten diran…

Fenomeno honen guztionen barruan, “labelek” (berbarako, “Euskal labela”) eta jatorri izendapenek (“Euskal okelea”, berbarako) konfiantza handiagoa emoten deuskue; alde batetik, horreen produkzinoa kontrolatuagoa dagoalako, eta bestetik, globalizazino-prozesu horren barruan gure erroei lotzen gaituen gauzek gugan segurtasun sentsazino handiagoa sortzeko jokerea daukielako.

Gauzak holan, “behi zoroen” krisiagaz okela gorrien konsumoa beste okela mueta batzuekaz ordezkatu zan (hegaztiak, txarria, arraina…). Gaur egun, antza, nasaiago jaten dogu okela gorria, berton sortutakoa bada behintzat.

Abeltzain euskaldun edota munduko beste leku gehienetako abeltzainentzat, garai gogorra eta segurtasun faltaz beterikoa da hau. Konsumitzaileentzat, barriz, era orekatuan eta neurriz zelan jokatu ikasi beharreko sasoia. Munduaren oreka ekologiko, sozial eta ekonomikorako, erronka handietako garaia. Ia danon artean oreka sano eta bidezkoa topetan dogun!

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan diplomaduna

Kaixo irakurle. Aurreko atalean “okelea” edo animalien (ugaztun, arrain, hegazti edo narraztien) gorputza arrazoi biologiko eta kulturalakaitik (bizi garan ingurumena, gure herriko sinismenak,….) gustau egiten jakula edo atzera botaten dogula esaten neutsuen.

Geure garai industrial honetan be, bardin jokatzen dogu okeleagaz?

Kulturea ez da kristalezko ontzitxu baten sartuta daukagun altxor mobiduezina, lotu barik sortzen eta eraldatzen gabilzan zeozer baino. Gure gizartean, persona batzuek okela asko jaten dabe, baina horren inguruan dagoan eretxia ez da orain urte batzuetakoa bera, hainbat faktorek indar handia daukie eta:

a) Azken urteotan, osasun arloagaz zerikusia daukien aditu askok okelea neurriz jan behar dogula esan deuskue, okela gehiegi jateak osasun arazoak dakarskuzala. Hainbat personak ez deutsie jaramonik egiten aholku honi, baina halan da be, okela hori “karga negatibo” handiagoagaz konsumiduten dabe. Hau da, kontrako eretxi bati aurre egin behar deutsagunean, egiten gabilzan hori hain osasungarria ez danaren hazia sortzen da gure barruan. Eta egiten segidu arren, daborduko ez dago gizartean hain ondo ikusita. Asko eta asko euren ekintzak justifiketako arrazoiak topetan ibilten dira, baina arrazoiok hainbestetan errepetiduteak (txoko batzuetako giroetan, berbarako) euren burua konbentzidu guran dabilzanen adierazle izaten da gehienetan.

b) Beste alde batetik, gaur egun okelea jatea ez da aberatsek edo boteretsuek bakarrik daukien pribilegioa. Holan ba, ‘estatus’ hori galdu egin dau.

c) Garai bateko euskaldunek ez eben pentsau be egingo egunen baten hainbat personak animalien bizitzearen aldeko arrazoi etikoakaitik animaliarik jango ez ebenik, barazkijaleek berbarako. Dana dala, kuriosidade modura aitatuko dot kristinauen Testamentu Zaharrean paradisua 'barazkijalea' zala; euritearen ostean, Jaungoikoak gizakiei bakarrik emon eutsen baimena okelea jateko.

Okelea jan arren, badagoz neurriz jatea gogorarazoten deuskuen arrazoi etikoak be:

1.- Okelea sortzea, ekologiaren aldetik, oso karua da, eta gehiegi jaten ez badogu “zor ekologiko” hori txikiagoa izango da.

2.- Behar beste bakarrik jaten badogu, ez dogu behar baino animalia gehiago alperrik hilko.