Bush irabazle Ameriketako hauteskundeetan: esplikauezina esplikau guran
Dana dala, defentsa kontuak garrantzitsuegiak izan dira kanpainan zehar, egoera ekonomikoaren ganeko eztabaidea baztertuz. Beraz, abantailarik onena alperrik galdu dauala uste dot. Bin Ladenen bideoak azken errematea emon deutso.
Badago beste faktore deigarri bat: Estadu Batuetako maparen botu banaketea ikusi ezkero, begibistakoa da nondik etorri diran Kerryren botoak: kostaldetatik, gunerik liberalenetatik eta bateren batzuk industri arazoak izan dabezan estaduetatik. Hegoaldean eta Midwesteko estaduetan ez dau ezer atara. Ez dogu ahaztu behar Kerry Bostonekoa dala. Eta sarritan Estatu batuak herri bakar legez ikusten badogu be, badagoz euren artean desadostasunak eta ezinikusiak. Bostoneko bat Idahon kanpainea egiten ikustea Espainiako estaduan Katalan bat Extremaduran boto eske ikustea lakoa da.
Ez eukan hautagai indartsurik alderdi demokrateak, Al Gore eta Hillary Clinton ez ziralako ausartu aurrerapausua emoten eta larrutik pagau dau euren alderdiak. Baita munduko uritar askok be hurrengo lau urtetan zehar izango dogun panoramea ez da oso goxoa eta. Ala ez? Beti dago itxaropenerako lekutxu bat.
IƱaki Atxutegi
Ahoa zarratu ezinik gagoz oraindino Europan Bushek Estadu Batuetako hauteskundeetan erraz irabazi daualako. Gehienok John Kerryren aldeko apustua egin genduan edo, hobeto esanda, gurago genduan Kerry Bush baino.
Bush txotxolotzat jo izan da hainbat lekutan, nahikoa fanatikoa erlijino kontutan, gerrazalea eta auskalo zer gehiago. Eta munduko eretxi publikoaren kontra irabazi egin dau garbi-garbi, ez orain lau urte legez. Eretxiemoile askok handituta ikusi dabe Amerika eta Europaren arteko zuloa.
Ez da erraza jazotakoari esplikazinoren bat topatea. Neuk be susmo batzuk baino ez daukadaz. Kanpainearen azken egunetan egindako inkestek Kerry apur bat aurreratuta edo Bushegaz bardinduta ebilela esaten eben. Aditu batek baino gehiagok esan izan dau hauteskundeetako bezperatan Osama bin Ladenen bideoaren agerpenak azken bultzadea emon eutsola Bushi.
Buruari buelta batzuk emon eta akordau naz Bush zaharra presidentea zanean lehenengo Golkoko gerrea amaitu barria zala eta Estadu Batuetako ejerzitoa izan zala irabazlea. Orduko alderdi demokrateak ez eukan hautagai argirik edo zehatz esateko hobeto preparauta egozan alderdiko gizon-emakumeek ez ebelako gura hautagai izan. Eurentzako Bushi aurre egitea troka edo porrot politikorako bide segurua zan.
Azkenean, zazpi hautagai atara ziran alderdi demokratatik. "Zazpi epotxak" izenagaz ezagutu ebazan orduko prentsak, punta-puntako izenik ez zalako agertzen euren artean. Horreetako batek ahaztu ez dogun leloa kaleratu eban "Ekonomia da, txotxoloa". Hautagaia Bill Clinton izan zen.
John Kerryk, ostera, ez dau jakin izan urak bere errotara eroaten. Bushen eremura joan izan da behin ta barriro. Bush baino militarburu hobea izango zala agindu dau hamaika biderrez kontuan hartu barik politika konserbadorea egiten konserbadoreak dirala onenak. Entzun dogu George Bush juniorrek ez dauala, hain zuzen, emoitza onik lortu ekonomian. Lanbako gehiago dagoz Estadu Batuetan orain lau urte baino, kontu publikoetako defizitak ikaragarriak dira eta egunen batean pagau beharko dabez amerikarrek. Ekonomilariek argi ta garbi esan dabe zulo ekonomiko serioan dagozala Estadu Batuak.