Melinda and Melinda
Melinda and Melinda filman ezusterako tartea dago. Ikuspuntu bikotx batetik abiatu eta lehenengo eta behin personaiak kontroletan dabezan sortzaileen sarrerea eginda, Woody Allenek ikuspegi kontrajarriak ezartzen dauz: batetik, bizitzearen tragikotasuna, eta, bestetik, komikotasuna.
Dana dala, gidoiak idazteko maisu eskolak emotetik asago, bizitzeak herrestan eroandako personaiak eta sortzaileak aurkeztuko deuskuz. Halan, bikoxtasuna eguneroko kontraesanen eremu zabalean desegingo da. Aukera baten eta bestearen arteko aldea ondo be ondo zuzendutako personaiak kurutzatzean desagertuko da.
Woody Allenek ondorioztatzen dau existentzian dan-dana tragikoa dala, baina apala baizen positiboa dan mezu bat heldu eragingo deusku: antidoto bakarra bizitzaz gozatzen jakitea baino ez da.
Era berean, Woody Alleni ederto lagunduko deutso azken urteotan aukeratu dauan antzezle zerrendarik sendoenetariko batek. Bestalde, alkarrizketen eta erantzunen arteko jokoa zorrotza da eta oraindino egoerarik erabilienetako baten bitartez guztiok kinetako gauza dala frogatu deusku: andrea beste gizon bategaz ohean topetan dauan gizonaren jarrereari sekulako ikutu erdi barregarri erdi errealistea emon deutso. Pelikula egokia baikor, ezkor eta zalantzatientzat.
Joseba Terreros
- Zuzendari eta gidoilaria: Woody Allen.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Chiwetel Ejiofor (Ellis), Will Ferrell (Hobie), Jonny Lee Miller (Lee), Radha Mitchell (Melinda), Amanda Peet (Susan), Chloƫ Sevigny (Laurel), Wallace Shawn (Sy), David Aaron Baker (Steve), Larry Pine (Max), Arija Bareikis (Sally), Josh Brolin (Greg), Steve Carell (Walt), Brooke Smith (Cassie).
- Argazkia: Vilmos Zsigmond.
- Muntaia: Alisa Lepselter.