Antxina-barri  III. urtea // 83. zenbakia

Urdanetaren bidaia Filipinetara

440 urte igaro dira


Kapitainak Erregeak emondako eskutitzearen arabera hartu beharreko norabidearen agindua emon eban. Itsaso zabalean egozanean irakurri eban eskutitza eta danon harridurarako, Guinea Barrira joiazala pentsetan ebenean, azkenean, Erregeak Filipinetara joateko agindu eutsien. Urdaneta ez egoan konforme, berak esandakoagaz bat ez etozalako Erregearen aginduak, baina honeek betez, harantza hurreratu ziran lau ontziak.

Azkenean, 1565eko apirilaren 27an heldu ziran itsas gizonak Cebuko ugartera, Filipinetan ukutzen eben lehenengo lurrera. Baina antza danez, bertakoak ez egozan konforme etorri barriakaz eta ez ziran hurreratu eurakana. Holan ba, espainiarrak gudariak bialdu ostean, ugarteko biztanleak iges egin eben.

Filipinetara heltzea garrantzitsua bazan, Mexikorako itzultzeko modua topeteak ez eukan garrantzia gitxiago. Legazpik bueltako biderik onena topetako San Pedro ontzia bialdu eban bere loba Felipe Salcedoren aginduetara. Bertan bialdu eban, baita, kosmograforik onena: Andres Urdaneta.

1565eko bagilaren 1ean urten eben Cebuko herritik. Urdanetak holan ezarrita, San Pedro ontziak iparrerantz egin eban, Japonia alderantz, gero ekialderantz egiteko asmoz, Kuro Shivoko korrrontea aprobetxauta. Irailaren 26rako Kaliforniako kostaldean egozan eta urriaren 1erako Natividadeko portuan. Acapulcon hartu eben lur. Cebutik urten eben ia 200 personetatik 18 baino ez ziran heldu Acapulcora.

Urdanetak, egun batzuk igaro eta gero, barriro Espainia aldera egin eban, Erregeari deskubridutako lurren barri emoteko eta batez be Asia aldetik Ameriketara itzultzeko bidearen barri emoteko. Ganera, beragaz ekarri ebazan mapak eta karta guztiak. Etorkizunean berak ezarritako bidea izango zan Manila aldetik etozan ontziek erabiliko eben bidea.

Espainia aldean bere kalkuluen eta asmoen barri emon eta gero, eta behin argi egoala topautako lur barriak Espainiarentzat zirala (Tordesillaseko Hitzarmenak holan ezarrita Portugalen lurretatik kanpo geratzen ziralako) Urdanetak barriro be Mexikorako bidea hartu eban 1567an. Bertan hil zan ordiziarra.

Legazpik eta Urdanetak “topautako” Filipinak, hurrengo 300 urteetan Espainiaren parte izango ziran. Baina batez be garrantzitsua izan zan hurrengo hiru mendeetan lur honeetatik Espainiako Errege eta Gobernuek lortu ebezan bitxi, diru eta ondasunak, Manilako Galeoia izenagaz ezagutuako ontziari esker.

Urdanetaren kasuan, esan beharra dago hurrengo hiru mendeetan ontziek ordiziarrak erabilitako bide berbera jarraitu ebela Filipinetatik Ameriketara joateko, kosmografo agustindarrak egindakoari jarraituz.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Agiritegiko teknikaria

Gipuzkoan (Aian hain zuzen be) dago Urdaneta herritxua. Ez da leku ezaguna, baina bai beharbada izenez, Urdaneta Filipinetan izandako euskaldunagaz lotzen dogulako.

Andres Urdaneta Zerain Ordizian jaio zan 1508. urtean. Gazte denporetatik erakutsi eban zientziarako zaletasuna eta lur barriak ezagutzeko egarria eukan. Hori dala eta, 1525an, urtebete arinago ezagutu eban Juan Sebastian Elkanogaz batu eta Loaisagaz batera Molucaseko lurrak ezagutzera joan zan. 1535ean Espainiara bueltau zan baina handik hiru urtera barriro be Mexikorako bidea hartu eban, Espainia Barriko lurretara. 1552an, Mexikon bertan, San Agustinen komentuan eleizgizon egin zan.

Baina bere gogo eta asmoak bidaiakaz eta “topau” beharreko lur barriakaz lotuta segiduten eban. Holan ba, Espainiako Errege Carlos I eta gero haren oinordekoa izan zan Felipe II.ari hainbat txosten eta karta bialdu eutsozan, Guinea Barria bereganatu behar ebala esanez.

Azkenean, Felipe II agustindarrak emondako kontsejuari kasu eginez, Luis Velasco espainiarrak Mexikon eukan Erregeordeari Urdanetak proposatutako espedizinoa martxan imitea agindu eutson. Urdanetak berak holan esanda, Miguel Lopez Legazpi Zumarragatarra jarri eban espedizinoaren buru, eta Urdaneta haren laguntzaile.

Lau ontzi preparau ebezan: San Pedro, San Pablo, San Juan eta San Lucas. Ontziotatik handiena San Pedro zan, 500 tonakoa. Holan ba, lau ontziek 1564ko zemendiaren 21ean urten eben Mexikon egoan Natibidadeko portutik.