Singapur (II)
Gazteriak eszeptizismoa eta itxaropena bidaide
Hurrengo zenbakian Singapurreko alde turistikoa jorratuko dogu, aukerak asko eta asko dira eta.
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
Etorkizuna nahikoa baltz ikusten dabenen artean eta herrialdearen beraren garapenaren aurrean eszeptikoenak gazteak dira. Singapurreko gazterik gehienek maila handiko irakaskuntzea eskura dabe, batez be teknologiaren arloan, nazinoarteko herrialde indartsuenakaz lehiakorrak izateko. Hui Ling 21 urteko gaztea da eta ekonomia ikasketak egiten dabil National University of Singapore ospetsuan. Hui ezkor azaltzen da: 'Zelan egingo deutsagu aurre krisialdiari dirua gastetan eta ondo biziten baino ez badakigu? Ez dago uritartasun kontzientziarik, bakotxak berea jagon daiala da lema nagusia eta talde kontzientzia desagertzen doan neurrian banakakoa indartzen doa. Esango neuke kapitalismoaren eta mendebaldeko ohiturak hartzearen eragin argia dala hori, ze Txinako balore tradizionalak bestelakoak dira. Aldean daroagun erropearen markea baino ez jaku ardura, gure Mini-Disc tramankuluaren pilea noiz amaituko dan edota astegoienerako zenbat diru daukagun patrikeran¡. Hui txinatar jatorrikoa da eta Joo Chiaten bizi da gurasoakaz, uriaren kanpoaldean dagoan erdi-goi mailako klaseko jentea bizi dan egoitza-auzoan. Huiren aita injinerua da eta kargu ona dauka Singapurreko konpainia indartsu baten. 'Hilero, Singapurreko 600 dolar inguru jasoten dodaz (360 euro), baina normalean 1.000 dolarretik gora ataraten dodaz hilean (600 euro); halan da be, nekez heltzen naz hilaren akabura. Ganera, ez daukat nire burua zarrastel edo hondatzailetzat. Singapurreko gizartea kontsumistea da, eta gazteen lehentasuna dirua non eta zelan gastau erabagitea izaten da. Orain, ostera, atzeraldi ekonomikoa bizi arren, zelan uko egin orain arteko bizioei?'.
Gaur egun, unibersidadean dabilzan gazteen amesa behar bila Estadu Batuetara edo Europara alde egitea da. Sharon 20 urteko arte ederretako ikaslea da, eta hona hemen haren eretxia: 'Urrezko kartzela honetan ez dogu gelditu gura. Singapur oso txikia da, ezin gara inora joan pasaporte barik eta, ganera, Estaduak zorrotzegi jokatzen dau'.
Segurtasuna, malgutasuna eta nortasun personala
Krisialdi ekonomiko larria ikusita, herrialdeko sistemearen ukutu ezinezko oinarriak zalantzan jarten hasi dira, eta uri-estaduaren kontra sarrien entzuten dan kritikea arau eta murrizketa larregi ezartzen dituala izango litzateke; izan be, arau horreek bete ezean, zigor gogorrak izaten dira. Kaleetan, era guztietako debekuak iragarten dituen ehundaka kartel dagoz ('ez erre' klasikoa edota hain ohikoa ez dan 'galarazota txiklea inportetea'); kartel horreek beste bat izaten dabe alboan, agindua bete ezean jaso beharreko isuna adierazoten dauena, hain justu be. Gazteen ustez, lar araupetuta dagoan gizarte hau kargea baino ez da sormenerako eta proposamen barrietarako, ze 'gauza guztiak araupetzeko pasino hori gizartearen portaera ona planifiketako erabilten da; egia da norbanakoaren nortasuna erasoten ez dana; baina hori gauza ona dala ukatu barik, dana araupetzeko gogo hori familietan be ondo sustraituta dago, eta famili antolaketea atzerakoia edo kontserbadorea da sano. Ekialdeko eta mendebaldeko ohituren arteko gatazkea etenik bakoa da. Gure gurasoek aparteko ahaleginak egiten ditue gu Txinako balore tradizionaletan hezteko, baina gu bizi garan gizarteak beste arpegi bat erakusten deusku eta hori ez da posible'. Hui Ling gazteak argi dauka nahitaez gizarte eredu bat aukeratu behar dana, hau da, etxean gauza bat esan eta kalean beste gauza bat egitea ezinezkoa dana.
Singapur uri segurua da; gizarteak zorrotz jokatzen dau eta zigorrak be serioak dira eta ezelako duda barik apliketan dira, delinkuentziaren eta kriminalidadearen kontrako zuzenbide ezin hobeak diralakoan, nahiz eta jakin arauetan zelako edo halako malgutasunez jokatu behar izaten dala. Sharonek ez dauka ezelako dudarik, eta ondokoa erantsi gura izan dau: 'herritarrak era guztietako debekuen bitartez kontroletako gogo horrek gizarte aspergarria eta gogaikarria be badakar, eta jenteak baztertu egiten dau araututakoagaz zerikusirik ez dauen jokabidea, besteak beste, sormenari ateak zarratuz. Jokabide hori familia giroan be aplikau ezkero, errepresinoa jasanezina da'. Beste alde batetik, adineko jenteak ondo ikusten ditu arauak, mugak eta zigorrak, horreekaz, balore tradizionalak oinarritzat hartu eta arrazoizko baloreen eskalea eratuko dalakoan. Era horretara, kulturen eta erlijinoen aniztasunak eragindako zulo edo aldeagaz batera, belaunaldien artekoa nabarmen doa zabaltzen.
Etorkizunean zer
Singapur uriaren etorkizuna, ganerako uriena legez, dudazkoa bada be, argi dago nazinoarteko ekonomiaren moteltzeak eraginda, erronka eta egoera gogorrei aurre egin beharko deutsena. Moteltze horren eragin ezkorra nabarmena izan da; izan be, herritarren eskuratzeko ahalmena nazinoarteko sailkapeneko hirugarren postutik (97an eukan postutik) hogeita zazpigarrenera joan da (2001. urtean). Singapurreko ekonomiak asko igarten ditu finantza krisialdi horreek, Singapurren indar guztia merkataritzan oinarrituta dagoala kontuan hartzen badogu; hori guztia aintzat hartuta, susperraldi ekonomikoa arin ez badator bizi-maileak zulo baltzerako bidea hartuko dau gero eta abiadura handiagoan. Ganera, lehen azaldu dogun moduan, kulturen aniztasunak ondorio zehatza eragin leike gizarte antolaketan eta, jakina, herritarren gogoan eta animoan, euren sinismenak eta gizarte eredua aldoka-maldoka jarriko litzatekez eta.