Txutxu-mutxuan  III. urtea // 83. zenbakia

Hamazortzi mila hildako, medikuarenera joaterik ez daukielako


Klase ertainak eta osasun zerbitzuak

AEBetako ekonomia apaltzen danean, klase ertainek horren kalteei eutsi behar deutsee. Ironikoa da, baina AEBetan pobrea izan eta behar barik egonda laguntza mediko hobea jaso daiteke lanaldi osoko beharra eukita baino.

Estadu Batuetan enpresa handietako beharginek, jubilatuek eta pobre-pobreek baino ez daukie poliza medikorik. Baina negozio txiki bateko behargin batek edo enpresaburu txiki batek asegurua pagau beharra dauka, hau da, hilean batez beste 800 euro balio dauan asegurua. Hori, zoritxarrez, lujo itzela da 40 milioi personaren kasuan.

Medikuntzako Institutuaren arabera, urtean-urtean 18.000 persona hilten dira osasun asegururik ez daukielako. Hori, aurki, nahikoa ez dan ezkero, mehatxua daborduko laguntza mediko publikoari etorri jako. AEBetako estadu guztiek Medicaid, baliabiderik gitxien daukien personei zuzendutako osasun programea, murrizteko planak iragarri dabez. Neurri hori aurrera eroan ezkero, datozen urteotan milioi batzuk gehiago lotuko dira aseguru mediko barik.

Gaur egun, AEBetako sei biztanlerik batek ez dauka aseguru medikorik. Aseguru medikorik ez daukien personen profila, benetan, harrigarria da. Hamarretik zortzi bizi dira heldu batek edo gehiagok behar egiten daben familietan. Heren bat 50.000 dolarretik gorako diru sarrerak (41.600 euro inguru) daukiezan familietan bizi dira. Azken aldion aseguru mediko barik geratu dan persona multzo handia diru-sarrera ertainak daukiezan helduek osoturikoa izan da. Gehienek enpresa txikerretan egiten dabe behar eta lan barik gelditu dira edo enpresek beharginei eskualdatu eutsiezan aseguruaren kostuak, primek batez beste % 13 egin ebelako gora, azken hogeita hamar urteko hazkunderik handiena.

Begiluzea

AEBen ganean egingo dogu berba. Guzurra emoten dauan arren, dana eskuratu leiteken herrialde honetan 43 milioi herritarrek, horreetariko asko maila ertainekoek, ez daukie aseguru medikorik.

Igazlehenean, Sheila eta Bob Wessenberg 200 metro karratutik gorako etxe baten bizi ziran Dallasko auzo eroso baten. Urtean 100.000 dolarretik gora (83.000 euro inguru) irabazten ebezan. Semea eta alaba txiki bat, garajean auto bi eta burtsan inbertiduteko dirua eukita, amerikar amesetea beteten ei ebilzan. Gaur egun porrot ekonomikoari eta gaixotasun terminal bati egin behar deutsee aurre, laguntza medikoa euki barik. Sheilak bularreko biziena dauka eta zazpi hilabete igaro dira kimioterapiako azken saiotik. Ez daukie aseguru medikorik, ez eta beharrezko laguntzinoa pagetako behar beste diru be.

Wessenberg-tarrek eta seme-alabek 2002an krisialdiaren ondorioz aseguru medikoa galdu eben sei milioi personen barruan dagoz. 2003an beste milioi bi izan ziran.

Bob, programatzaile informatikoa zan eta nahiko behar egonkorra eukan; ganera, prestazino mediko handiak eukazan. Sheilari bularreko biziena eukala esan eutsienean, beharrezko tratamentua emon eutsien arazo barik. Baina denporearen porasuz, Bobek beharra galdu eta dan-dana aldatzean behera joaten hasi zan. Wessenberg-tarrak eginahalak egin ebezan aseguru medikoa pagetako, baina aseguru bateko primak 837 dolarrekoak badira hilean (700 euro inguru), ez da hain erraza izaten. Euren egoeran dagoan jenterik gehienaren antzera, dirua familiari jaten emon eta etxearen hipotekea pagetako erabili eben, osasun estaldureari uko eginaz.