Salvador de Bahia
Kapoeira be alderdi honetatik zabaldu zan Brasil osora. Dantza-burrukea da, ez dago seguru non sortu zan, Afrikan edo Brasilen, baina argi dagoana da baltzek sortutakoa dana. Esklaboek Brasilen garatu eben igesaldian zuriakandik babesteko. Gaur egun Brasileko kulturearen zati bat da. Taldean egiten da, persona bi taldearen erdian iminten dira, eta besoak, gorputza eta hankak erabiliz, alkarrizketa moduko bat sortzen dabe: goxoa, erasokorra, elegantea, leuna, bikoteak gura dauana izan daitekeena.
Martitzen gaua asteko gaurik alaiena da, kontzertuak egiten dabez eta jenteak kalera urtetan dau: txosna txikiak iminten dabez, garagardaoa eta edariak saltzeko. Txosna batzuetan kaipirinha eta koktel bereziak egiten dabez, eta goxoak ganera. Hurrengo eguna jai-eguna da Brasilen eta inoz baino jente gehiago dabil kalean: danak dotore-dotore. Jai handia hasi orduko kaleetan ibili da tanborradea: musika alaia egiten dabe eta atzean joaten dira jantzan, errirmo bereziagaz, guk sekula ikasiko ez dogun moduan, duda barik. Hainbat kontzertu dagoz eta batetik bestera ibili gara. Ingalaterrako mutil bat, Brasileko neska bat eta mutil bat eta neu. Brasileko neskea Salvadorrera etorri da oposizinoetarako azterketak egiteko. Beragaz joan naz uria apur bat ikusten. Oinez joan gara jentearen artean: jente piloa dabil, dendak be danatarikoak. Morro de Touro alderdira joan gara aspaldiko lagun bat ikusteko asmotan. Lagunaren etxean ez da egon inor, beharrean egon da eta. Morro do Touron laku txiki bat dago eta uretan sartuta 12 figura dagoz.
Baltzak esklabo moduan Afrikatik ekarri ebezanean, erlijinoa ekarri eben eurekaz. Brasilen galarazo egin eben. Halan da ze, katolizismoaren alderdi batzuk eurenagaz nahastau ebezan, sinismenei eusteko. Morro de Touron agiri diran figurak Afrikatik ekarri eben erlijinoarenak dira. Kuban eta Karibeko beste leku askotan pasau dan moduan, sinismenek aurrera egin dabe denporan. Etxerako bidean, koko bat edan eta arakaju bat jan dogu, ezin hobeak biak be. Gauean Olodum taldearen 25. urteurrena ospatu da Pelourinhon eta jai ederra egin dogu. Olodum perkusinoan oinarritutako musika taldea izateaz gan, eragina izan dau auzoan, umeei eta gazteei musikea erakusten ibilten dira eta musikea zabaltzen apartak dira. Carlinhos Brown, musika egiteaz gan, ezaguna egin da antzeko lana egiten daualako Salvadorreko Candeal auzoan. Olodum taldeak gauza bera egiten dabil aspalditik Pelourinhon. Brasilen erritmoa eta musika beroa dira protagonista.
Iratxe Ormatza
Gaua autobusean pasau eta gero, Salvadorreko autobus-geltokian haginak eta aurpegia garbitu dodaz. Uriaren ganeko informazinoa lortu eta gero, autobusa hartu dot. Porturaino joan naz autobusean, eta igongailua hartu dot. Alde zaharra menditxu baten gainean dago, eta hara joateko igongailua behar da. Azkenean, Peulorinhora ailegau naz, eta esan izan deusten moduan, ederra da. Harrizko kaleak, kolorez pintautako etxe zaharrak eta eleizak…; Praza de Sétik joan naz, eleizen artetik, aldatzean behera.
Aterpetxe bila ibili naz, auzoa aterpetxez eta hotelez josita dago. Azkenean, aterpetxe bateko beharginak irribarre zabal bategaz onena eurena dala esan deustanean, hara sartu naz. Gelan Ipar Euskal Herriko neska bat dago, nire ondoan ganera. Beragaz luzaro egin dot berba: unibersidadea amaitu barri dau eta urtebete egiten Hegoameriketara etorri da. Ideia ezin hobea. Aterpetxea ederra da, bidaiarien eta beharginen artean giro ona dago. Eskertzekoa da.
Ipar-ekialdea Brasileko alderdirik pobreena da eta igarten da Pelourinho be nahiko pobrea dala, nahiz eta etxeak nahiko ondo dagozan. Salvadorreko udalak orain denporea hartutako erabagiaren ondorioa da: alde zaharra barriztetea turismoari begira. Brasil da munduko bigarren herria baltzen populazinoari jagokonez eta ipar-ekialdean bizi dira ia gehienak. Halan da ze, zuri bakarrenetakoak kanpotik etorritakoak gara. Kalean rastak dagoz eta jantzi zuri tradizionalagaz jantzitako andreak argazkiak atarateko prest; andra batzuek mahai bat daukie jatekoa saltzeko: akaruja, eguzkitako handi baten azpian. Izan be, bero handia egiten dau, baina ez da itogarria, goxoa da. Akaruja iparraldeko ohiko janaria da: urunagaz eta uragaz opila egiten dabe, prijidu eta erditik zabalduz, hiru-lau saltsa sartzen dabez eta ganbak, eta eskatu ezkero, pikantea be gehitu ahal deutsagu. Goxo-goxoa da.