Musikea  III. urtea // 83. zenbakia

V. Udagoieneko Ostera


Abendurako iragarritako lau saio ederrakaz amaituko da aurtengo Udagoieneko Ostera eta Elorrioko Arriola Antzokian, abenduaren 3an, euskerearen nazinoarteko egunean, Maddi Oihenart abeslaria eta Josetxo Goia-Aribe saxojoleak osotutako taldeak “Ilhargi-min” argitaratutako lan barria eskainiko dabe, jazza, folka, musika barriak eta kantu tradizionalak tartekatzen dabez maisutasunez.

Ruper Odorika musikari oñatiarraren txandea Balmasedako Udal Aretoan izango da 5ean. Bestetik kantari beteranoa Santurtziko Serantes Aretoan be ikusi ahal izango dogu abenduaren 10ean, kasu honetan Bixente Martínez eta Joseba Tapiagaz batera, Hiru Truku taldeak doinu tradizionalak biltzen dituan 'Nafarroako kantu zaharrak' diskoa aurkezteko.

Azken saioa Trapagaranen izango da 18an, eta EuskalKulturuneak deituriko egitarauaren barruan, Kulki herri joko eta jolasak, Txan Magoa eta Ramon Agirre eta Joserra Senperenaren “7 gezur txiki ikuskizuna” izango dira izarrak.

Gotzon Uribe

Bizkaian, kulturearen bidez euskerearen sustapena bultzatzeko asmoa dauan ‘Udagoieneko Ostera’ egitasmoak bosgarren edizinoa beteko dau zemendiaren 5etik abenduaren 18a bitartean. Guztira bederatzi ekitaldi eskainiko dira. Topagunea, Euskara Elkarteen Federazinoak antolatutako ekitaldi guztiak euskeraz izango dira.

Lehenengo ekitaldia Durangoko “Plateruena” Kafe Antzoki barrian izan da zemendiaren 5ean, bertan izan ziran, alde batetik, Mungiako kantaria dan Rafa Rueda, PLT taldean ibili arren, bakarkako proiektua taula gainean defendiduten. Rueda jn.aren lehenengo diskoa “Kea” izenekoa da eta Ingalaterrako pop doinuen eragin argia darabil. Ondoren, Bide Ertzean Tolosako taldea agertu zan taula gainean eta egunotan plazaratutako “Esan Bare” lan barria aurkeztu eben; honeek be pop doinuak maisutasunez lantzen dabez. Mimo handiz idatzitako berbak eta melodia argiak biltzen dituan lana da 'Esan Bare'.

Bilboko Guggenheim museoan izango dogu bigarren ekitaldia zemendiaren 12an eta bertan azken aldiko literatura, musika eta irudiak buztartzen dituan “Zaharregia, txikiegia agian” lana eskainiko dabe Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Valverde musikari eta sortzaileek. Gernikako Lizeo Antzokian, barriz, zemendiaren 19an izango da Osterako hirugarren ekitaldia, bertan Logela Multimedia taldeak musika, diseinua, infografia eta interakzioa nahasten dituan “Ohe handi bat” ikuskizuna eskainiko dau. Lan honetan gai bereko hiru istorio kontetan dira. Aurrerago, Getxoko Areetako karpapean, zemendiaren 26ko beste kontzertu interesgarri bat preparau deuskue eta bertan hip-hop doinuak eta dantza egiteko musikea buztartzen dituan Selektah Sound System kolektiboa eta break dantzak eskaintzen dituan Intxaurbreak taldeakaz abiatuko da kontzertua. Jarraian, Afrika kantariak, “Entzun” bakarkako lehen diskoan tartekatutako elektronika, rhythm & blues, soul eta antzerako erritmoakaz osatutako doinuak eskainiko ditu. Ekitaldia biriobiltzeko doinu techno-progressive-etnikoak jorratzen dituan Dj Axular eta Perkusio Festa izango dira.

Zemendiko azken ekitaldia Bilboko Arriaga antzokian izango dogu, 28an hain zuzen be. Bertan “Aitormena” ikuskaria eskainiko dabe Bernardo Atxaga idazleak, Gari eta Nando de la Casa musikariak, Jose Manuel Goikoetxea errezitalariakaz batera.