Jan-edanak  III. urtea // 83. zenbakia

Kortxozko estalkia eta ardaoa


Kortxoak ardaoari eragindako kalteak

Askotan usaimenagaz lotuta dagozan ardaoaren hainbat akats agertzen diranean, 'kortxo gustua' daukala esaten dogu. Baina benetako kortxo gustua ahoan desatsegina da eta ardaoari ustel eta urdindu usaina eransten deutso, eta askotan edateko txarrak dira. 'Kortxo gustua' agertzen da zenbait mikroorganismok kortxoaren zuntz suberosaren egituran aldaketea eragin eta ardaoari substantzia horreek joaten jakozanean.

Kortxo gustua kimikoa edo begetal erakoa izan daiteke. Kimikoaren sentsazinoak hidrokarburoren bat ekarriko deusku gogora (gasolinea edo antzekoa). Begetalak, barriz, ardaoaren gustuagaz bat ez datorren egur muetaren baten usaina gogorazo leike.

Gustu eta usain desatsegin horreen sortzaileen artean kortxoaren barruko osogai klorodunak dagoz. Ezagunena 2, 4, 6 trikloroanisola da. Substantzia hau kortxo estalkia daben ardaoetan azaltzen da; 5 nanogramo nahikoak dira gustu eta usain horreek igarteko.

Osogai klorodun horreen jatorria sorburu desbardinetan topau behar da. Batzuek kortxoaren produkzino prozesuagaz zerikusia daukie, garbiketa, desinfekzino eta zuritze prozesuetan erabilitako substantziakaz; izan be, sarritan osogai klorodun eta sufredunak erabilten dira.

Bestalde, Penicillium, Aspergillus lako onddoek eta Streptomyces lako bakteriek be sortarazo leikiez era horretako osogaiak kortxoaren barruan. Beraz, garrantzitsua izango da horreen kutsadurea eragoztea.

Azkenik, zenbait upeldegitan egindako giro edo airearen azterketetan, 2, 4, 6 trikloroanisola azaldu da. Badirudi egurra ez urdintzeko klorofenolakaz egindako tratamentuagaz lotura zuzena dagoala.

Imanol Sarasola,
enologoa

Ardaoaren usain eta gustuan askotan nabarmena izaten da kortxozko estalkiaren eragina. Kortxoak berak dituan ezaugarriak izan daitekez edo eta ardaoagaz kontaktuan jarterakoan agertzen diranak.

Ardaoarenak ez diran gustu horreek gitxitan agertzen dira eta botila gitxi batzuetan baino ez da igarten; hori bai, holako bat suertatzen danean, ardaoa deskalifiketea eta baztertzea izaten da ohikoena.

Edozelan be, horrek ez dau esan gura kortxotik ardaora joaten diran substantzia guztiak desatseginak diranik. Atseginak diran gustuen artean furanoen erako osogaiak dagoz, besteak beste, 'furfural'a, aldehido fenolak (bainilla), eta koipe azidoen estereak edo fenolak.

Ikuspegi kimikotik kortxoak dituan osogaiak batez be ondokoak dira: Suberina % 45, lignina eta zelulosa % 30; taninoak % 10; argizariak % 5, eta beste % 10 suberina eta argizari bizibakoak dira eta, beraz, ez deutsie ez gusturik ez usainik eransten ardaoari. Taninoak, barriz, estalkiak atarateko prozesuan desagertzen dira. Gauzak holan, arrazoi horregaitik eta baldintza normaletan, kortxozko estalkiak ez leuskio ezaugarri txar edo kaltegarririk erantsi behar ardaoari.

Dana dala, praktikan, kortxotik ardaora substantziak joaten dira eta hori ez dago ukatzerik. Substantzia horreek kortxoaren ezaugarri naturalak izan daitekez edo bestela, kortxoa egiterakoan erabilitako zenbait prozesu teknologikoren ondorioz sortutakoak.