Galeusca, esperantoa eta gu
Aldiz, danok ondo egin dogun gauza bat jatea izan da. Allarizekoa eskandalua izan zan. Tripeari ez geuntson pakerik emon: hiru orduko bazkari zoragarria arrastiko bostetan amaitu ostean, bederatzietan atara euskuen afaria, eta beste ordu biko jarrialdia, musturren paretik olagarroak, enpanadak, txuletoiak eta berberetxoak pasetan jakuzan bitartean.
Domekako gaia “Kanpoko uriak” izan zan, eta delegazino bakotxak hizlari bi eukazan bertan. Gure partetik, Jon Abril eta David Tijero izan ziran ordezkariak. Abril beratarrak Shangairen gainean egin eban berba, eta Tijero bilbaotarrak New Yorken gainean. Gainera, Marga do Valek Treveris uria hartu eban berbagai, Miguel-Anxo Muradok Jerusalen, Jaume Pérez Montanerrek Portland eta Valentzia, eta Miquel Desclotek Edinburgo. Sano interesgarria izan ziran Miguel-Anxo Murado galiziarraren berbaldia eta gure bi ordezkarienak.
Egunak luze jo eban, luzeegi. Deskantsetako astirik barik joan ziran berbaldia, eztabaidea, bazkaria, poesia errezitaldia, Antón Tovarren omenaldia, paseo literarioa eta afaria. Hain egun betea ze, afariaren ordu berean, beste ekitaldi eder bat be baegoan: jazz kontzertua. Aukeratu beharra! Duda barik, eta bazkariko janak oraindino bueltaka neukazanez, nik kontzertua aukeratu neban: Abe Rábade Trío. Ederra. Apur baten literaturatik urrundu eta musikearen magian galtzeko bide gozagarria.
Azken egunean, “Uri utopikoak, uri amestuak, etorkizuneko uriak” gaia eukan berbaldiak. Bertan, Xavier Queipo galiziarrak, Joan Agut katalanak eta ahotsa guztiz apurtuta eukan honek egin eben berba, beti be “imajinarioa” berbearen inguruan. Sano interesgarria izan zan Queiporen ponentzia, uri imajinarioen sailkapena eginaz. Nire partetik, literaturako uri imajinarioak guztiz errealak dirala eta literaturako uri errealak guztiz imajinarioak dirala azaltzeko ahalegina egin neban, ahots gitxigaz baina Galeusca bateko hizlari izatearen ilusino itzelagaz.
Hurrengo urtean Kataluinian izango da Galeusca. Betiko hutsuneakaz, betiko diglosiagaz, betiko esperantoagaz. Hobe oker banabil, baina, zenbat apustu?
Julen Gabiria
Galiziako, Euskal Herriko eta Kataluniako idazleen urteroko topaketea, Galeusca, Ourensen eta Allarizen (Galizia) egin da aurten, urriaren 29tik zemendiaren 1era. Gaia interesgarria zan, sano interesgarria: uria, bere adiera guztietan edo, gitxienez, adiera askotan.
Euskal Herriko ordezkaritzea eta esparru literarioa zabala zan: Tere Irastortza Euskal Idazleen Elkarteko presidentea, Isabel Millet, Iñaki Irazabalbeitia, Gerardo Markuleta, David Tijero, Joxe Iriarte “Bikila”, Antton Kazabon, Jon Urrujulegi, Asier Serrano, Jon Abril, Edu Zelaieta, Urtzi Urrutikoetxea eta lerro honeek idazten dabilena. Ganera, Berria egunkariko Ainara Gorostitzu eta Argiako Mikel Asurmendi kazetaria be geugaz joan ziran.
Hegazkinaren aberia zala eta, euskaldunak, beti lez, beste danak baino beranduago heldu ginan Ourensera, afarirako justu-justu. Galiziako orujoagaz lehenengo kontaktua euki ostean, hurrengo egunean hasi ziran Galeuscako berbaldiak, Allariz herri ederrean. Egun bete-betean izan zan, luzea baina gozagarria. “Uriaren irudia galizierazko, katalanezko eta euskerazko literaturan” zan gaia: Fran Alonso galiziarrak Vigo aurkeztu euskun, Isidre Grau katalanak Vinyes de Savall uri imajinarioa, eta Urtzi Urrutikoetxeak, barriz, Bilbaoren gainean egin eban berba. Hain zuzen be, Bilbaok literaturan euki dauan irudia berreskuratu eban, Shakespeare, Aresti, Atxaga eta abar aitatuz. Ez da ahaztu behar Urrutikoetxea prosan idatzitako bere lehenengo liburua amaitzeko puntuan dagoala, hori be Bilbaon kokatuta. Halanda ze, azken aldian Bilbao literarioaren gainean pentsetako astia euki dau.
Berbaldien ostean, eztabaidea. Eta eztabaidearen ostean, eztabaidearen gaineko eztabaidea: galiziarrek galegoz emoten dabez euren eretxiak, katalanek katalanez... eta euskaldunek esperantoz, hau da, gaztelaniaz. Interpreterik ez dagoanez, euskaldunek, betiko tontoek, burua makurtu eta gaztelaniaz egin behar. Osterantzean ez jaku ulertzen. Katalana be ez da hain erraz ulertzen, eta, interpreterik ez dagoanez, eskatu genduan aurrerantzean eztabaidak gaztelaniaz egiteko, Galeusca eretxi trukerako foroa bada eta Galeusca hiru hizkuntzen arteko anaitzea bada eta Galeusca gai baten gainean berba egiteko eta entzuteko gunea bada eta Galeuscan danok danori ulertu behar badeutsagu, orduan hiru hizkuntzak parean iminteko eskatu genduan. Danok egin gura dabe euren hizkuntzan, baina inork ez dau gura euskaldunek euskaraz egitea. Eta ez zan traturik lortu. Zaharrenek esan dabenez, kontua ez da aurtengoa: urteroko burrukea ei da. Bien bitartean, bizitza errealean zein Galeusca eleanitzean, euskaldunak gara beti elebidun bakarrak. Hizkuntza minorizatuen foroetan be diglosikoak gara, bardin-bardin.
Galeusca honen bigarren puntu baltza hizlari batzuen autopromozinoa izan da. Lehenengo berbaldian, esate baterako, gaitik urten eta ordezkari katalanak bere liburuetan baino existiduten ez dan uri baten gainean egin eban berba, luze gainera, akaso pentsauta Galeusca gune ezin hobea dala zure obrak itzuliko dituan editoreren bat topetako. Bigarren berbaldian be antzera pasau zan, barriro be hizlari katalanak protagonista zirala. Dana esan behar bada, aurten, katalanek berbaldietan emon daben maila penagarria izan da. Lau hizlaritik, bata be ez da salbau.